Kultura lau haizeetara

Kultura lau haizeetara

Olatz Enzunza Mallona

Bihar arratsaldean hasiko da Elorrioko udak musikaz, antzerkiz, dantzaz eta umore ekitaldiz janzten dituen Musikaire jaialdia. Elorrioko Arriola kultur elkarteari esker, hamabi ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute aurten herritarrek zein bisitariek, eta, urtero legez, herriko hiru txoko berezi aukeratu dituzte emanaldiak aurrera eramateko. Hilabete osoko asteburuetan egongo da zer ikusi udalerrian, eta horiek guztiak doan izango dira.

Lehen egunetik gogor ekingo dio jaialdiak: Yllana konpainiak Trash ikuskizuna aurkeztuko du. Ikuskizun “bizia eta energetikoa” dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta, perkusioaren, mugimenduaren eta umorearen bitartez, zaborra birziklatzearen garrantziaz ariko dira. Hurrengo egunean, berriz, El gran final ikusteko aukera egongo da, Bucraa Circusen eskutik. Tragikomedia bat da, eta 30 urtez elkar ikusi gabe egon diren bi pailazo izango dira protagonista.

Halaber, uztailaren 30era bitartean, gustu eta adin guztietarako ekitaldiak prestatu dituztela kontatu du Aitor Iriarte Musikaire jaialdiko programazio arduradunak: “Denetarik egongo da”. Besteak beste, #Mauriziakezdauinorhil ikuskizuna, Rafa Rueda eta Hamabihots abesbatza, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Kuikui ikuskizuna eta Jon Maiaren Kantu bat gara emanaldia. Euskal Herriko artistak izango dira nagusi jaialdian, baina, horiez gainera, nazioarteko panoraman zeresana duten taldeak ere ariko dira.

Agertokiak ere ezin hobeak dira. Aurten, kasurako, Lariz jauregian, Ganondo parkean eta elizpean egingo dituzte emanaldiak. “Paraje politak aukeratzen ahalegintzen gara, magia berezi bat sortzen”. Eszenatokiak “mimoz” apaintzen dituzte, eta argiztapena ere asko zaintzen dute: “Kontzertuak baino gehiago, errezitalak antolatzen ditugu. Ingurunearekin bat datozen jarduerak egitean dago gakoa”.

Doan eta edonorentzat

Urteroko hitzordua bilakatu da Musikaire 1998an sortu zenetik. Ekainera bitarte Arriola antzokiak makina bat kultur ikuskizun eskaintzen zituen urte osoan zehar, baina, uda heltzearekin batera, bertan behera geratzen ziren horiek guztiak. Gauzak horrela, kultur programazioa udan kalera ateratzea “ideia egokia” izan zitekeela iruditu zitzaien, eta hala sortu zen Musikaire. Hasieran, Elorrio Klasikoa izena zuen egitasmoak, eta auzoetako ermitetan hasi ziren musika klasikoko ekitaldiak antolatzen. Arrakasta ikusita, baina, formatua handitu behar izan zuten, eta, jaialdia herri osora zabaltzearekin batera, askotariko proposamenak eskaintzen hasi ziren.

Iriarteren hitzetan, Euskal Herrian gutxi dira halako proposamenak, eta horrek “are bereziago” egiten du jaialdia. Talde “estandarrak edo oihartzuna dutenak” aukeratu beharrean, talde “bereziak eta ez oso ezagunak” programatzen ahalegintzen dira, eta kalitatea izaten da aintzat hartzen duten faktore nagusietako bat.