Klima Abentura irekiko dute Busturian, ekologisten kritikekin

Klima Abentura irekiko dute Busturian, ekologisten kritikekin

Javi West Larrañaga

Etorkizun jasangarria gauzatzen eta aldaketaren parte izaten ikasteko murgiltze esperientzia paregabea”. Horrela deskribatu du BBK fundazioak Klima Abentura proiektua. Astelehenean irekiko ditu ateak, lehen Sukarrieta eta orain Busturia den udalekuen eraikinean. Esan dutenez, “familientzako esperientzia parkea” eta “ingurumen hezkuntzako zentroa” izango da, eta xedea da klima aldaketaren aurkako jarduera modu ludikoan sustatzea.

Hiru helburu izango ditu Klima Abenturak, eta bakoitzak bi eta hiru ordu artean iraungo du. Ura, energia mugikortasuna eta janaria izango dira bisitariek landuko dituzten arloak, eta, horrez gain, ihes gela bat izango dutela jakinarazi dute, “planetaren narriadura prebenitzeko irtenbideak bilatzera bideratuta” dagoena. Igerilekuak ere zabalik izango dituzte, udalekuak martxan ez dauden sasoian.

Klimasfera da inaugurazioan aurkeztu zuten indarguneetako bat: “Domo geodesikoa [da], murgiltze ingurunea eskaintzen duena errealitate hedatu, zoru taktiko dardarkari eta efektu atmosferikoekin”, azaldu du, ohar bidez, BBK-k. Bizkaiko enpresek diseinatu eta garatu dute, baliabide natural, birziklagarri edo birziklatuekin.

Dena ez da urre, hala ere, eta herriko ekologistek kritikak egin dizkiote Klima Abentura proiektuari. “Berniza eta geruza bi margo berde eman dizkiote berdea ez den gauza bati”, salatu du Erroxeli Ojinagak, Zain Dezagun Urdaibai talde ekologistako kideak. Iberdrolaren energia berdea “zuritzeko” modu bat dela uste du. Izan ere, Hordago-El Salto-k argitaratutako informazioaren arabera, Iberdrolak 400.000 euro ipini ditu Busturialdeko proiektua babesteko.

Ojinagak azaldu duenez, BBK-k udalekuetan egiten diren lanak eraisteko politika bat daroa 2009tik, eta udalekuetako ingurumen, itsas hezkuntza eta berdintasun proiektuak kenduz joan da. Hala ere, haien ustez, orain aurkeztutakoa baino “askoz larriagoa” da udalekuaren eraikinaren atzean egingo duten proiektua. Iaz iragarri zuen BBK-k urte luzez han izandako korta, berotegiak eta ahateentzako putzua erabilera publikoko parke batek ordezkatuko dituela. Busturiko Udalarekin hitzartuta egin dutela uste du Zain Dezagun Urdaibaik. Aitor Aretxaga Busturiko alkateak iazko urrian esan zuen han dagoen kirol instalazioa “zaharkituta” geratu dela, eta “osorik eraberritu” zutela, eta gero “erabilera askoko gela bat” eta “terrazadun jatetxe bat” izango zituela.

Udala, “autoritarioa”

Kirol instalazioetan jatetxe bat ipintzea da larriena, ekologistentzat. Zain Dezagun Urdaibaik Espainiako Kosta eta Itsaso Arloaren Zuzendaritza Nagusiaren dokumentuetan ikusi duenaren arabera, kirol instalazioaren azaleraren %80 erabili nahi dute jatetxearentzat, eta legez kanpo dago. “Udaleko hirigintza arautegiaren arabera, soilik apaintze, garbitze edo mantentze lanak egin daitezke hor; inola ere ez balioa handitzea eragin dezaketen lanak edo erabilera aldaketak”, azaldu du Ojinagak. Kirol instalazioetan ezin dute hotelik, tabernarik edo museorik ipini, haren ustez, erabilera aldatzea ekarriko lukeelako, eta legeak ez duelako halakorik aurreikusten.

Udaleko hirigintza arautegiak ez ezik, eremua beste hainbat arauk ere babesten dutela zehaztu du ekologistak: Espainiako Kosta Legea eta Urdaibaiko Patronatuaren araudia, besteak beste. Gainera, gogora ekarri du hegaztientzako babes bereziko eremu bat dela. “Jatetxea ipintzen duenak azaldu beharko du ea zelan ipiniko duen tximinia bat hor, hegaztiak babesteko eremu batean”, adierazi du Ojinagak. “Europako arau bat da, eta ezin da aldatu, baina ez zaie buruan sartzen”.

Busturiko Udalaren jarrera salatu du talde ekologistako kideak, eta “autoritarioa”, “inposatzailea”, eta “delituzkoa” dela esan. Azaldu duenez, orain dela urtebete —eta ordutik beste hiru bider— eskatu zioten udalekuen atzeko aldean egingo duten parkearen txostena, eta oraindik ez dute erantzunik jaso.