Gazte zaletuen orkestra

Gazte zaletuen orkestra

Ibai Maruri Bilbao

Ezohiko orkestra da Behotsik. Lagunartean musika jo nahi duten musikari gazteek osatzen dute. Ez dira profesionalak. 2011ko udan sortu zuten Bilboko Koral Elkarteko kontserbatorioan ibilitako batzuek. “Araututako ikasketak amaitu genituen, eta nahi genuen musikari lotuta jarraitu, baina testuinguru formaletik harago. Erabaki geneun musika jo nahi genuela, lagun artean eta gure erara”, gogoratu du orkestrako zuzendari tekniko Ioritz Madariaga Goirik. Iaz bete zituzten, bada, hamar urte, eta bihar ospatuko dituzte Bilboko Euskalduna jauregian eskainiko duten kontzertu batean (19:30).

Euskal musikaren historian egindako bidaia izango dela iragarri du: “Klasikoetatik hasiko gara: Guridi, Ravel, Arriaga… Gaur egungo musikara heldu arte: Gatibu, Aneguria, Doctor Deseo. Pasatuko gara historikoetatik: Oskorri, Mikel Laboa, Benito Lertxundi…”. Oholtzan izango dira egun orkestra osatzen duten 42 musikariak, eta hamarkada honetan haien artetik igaro diren beste horrenbeste. 140 abeslari ere izango dira. Eta musikari gonbidatuak; besteak beste, Aneguria eta Doctor Deseoko Francis Diez. Ane Zabala eta Galder Perez kazetari eta aktoreak izango dira ikuskizunaren aurkezleak.

Biharko programan ikusi daitekenez, Behotsikek ohiko musika klasikoaz kanpoko erreportorioa du. “Jo dugu rock sinfonikoa. Jo dugu rapa. Aneguriaren diskoan parte hartu genuen, eta harekin jo genuen BBK Liven eta Bilboko Kafe Antzokian. Pelikulen soinu bandak jotzen ditugu; Disney Dream ikuskizuna sortu genuen. Zarzuela ere jotzen dugu”. Izan ere, nahi dutena jotzen dute, gustatzen zaiena. Hori da orkestraren berezitasunen bat: zer jo, zelan jo, non jo eta noiz jo musikariek eurek aukeratzen dute. Haiena orkestra “asanblearioa” dela esan du Madariagak: “Musikari bat, boto bat. Gurean ez du zuzendariak agintzen”.

Haien moldea ezohikoa da inguruan. “Batzuek esaten digute Londresko filarmonikoaren edo halakoen antza dugula, baina haiek profesionalak dira, eta gu, ez”. Esan du Bizkaian oso hedatuta daudela abesbatza amateurrak. Orkestren arloa, ostera, ez. Dioenez, badaude laukoteak eta boskoteak, ezkontzetan eta era horretako ekitaldietan jotzen dutenak. Eta badaude maila handiko orkestra profesionalak: BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, berbarako. “Behotsik ez da ez eredu batekoa ez bestekoa. Gu horien erdibidean gaude”. Hala ere, Madariagak azaldu du datozen urteei begira kudeaketa profesionala egitea dutela erronka. Horrek bermatuko luke orkestraren iraunkortasuna.

Gazteak dira guztiak, 14 eta 30 urte bitartekoak. Taldean aldaketa asko egoten dira, kideen nolakotasunagatik. “Batzuk Batxilergo ikasketak bukatu eta kanpora joaten dira unibertsitatera. Beste batzuek unibertsitatea bukatu eta kanpoan topatzen dute lana. Edo Donostiara joaten dira, Musikenera musika ikasketekin jarraitzera”. Irailetik ekainera antolatzen dute denboraldia, ikasturtearekin batera, eta uda ostean aldaketa ugari izaten dituzte, normalean. Madariagak aitortu du hori traba izaten dutela egonkortasuna lortzeko. Kideak, beraz, kontserbatorioan musika ikasten dabiltzanak edo ikasketak bukatu eta musikarekin zerikusirik ez duten beste lanbide batzuetan dabiltzan profesionalak dira. Musikarekiko zaletasunak batzen ditu. 42 musikariak ez ezik, haien gertukoak beste bazkide batzuk dituzte, eta horiek ere urtero kuota bat ordaintzen dute. Guztira, bada, 109 bazkide ditu Behotsikek egun.

Zapatu arratsaldean elkartzen dira musikariak entseguetarako. Bilboko Arabella auzoan dute egoitza. Pandemiagatik, Bilboko Berrio-Otxoa ikastetxeko kaperan batu izan dira azken bi urteetan, eurenean distantziak mantentzeko zail dutelako. Duela pare bat hilabete BBK fundazioarekin akordioa egin zuten, eta BBK Kunan biltzen dira orain, Bilbo Zaharrean.

Europan barrena

Urtean hiruzpalau kontzertu handi eskaintzen dituzte. Madariagak esan du badituztela topaketa zehatz batzuk: berbarako, Fair Saturday jaialdia, azaroan, eta Musika Musica, martxoan. Atzerrian ere sarri ibili izan dira, EuroCamerata orkestrako partaide modura. 2012an bihurtu zen kide Behotsik, baina aurretik bertako musikari batzuk ere ibiliak ziren, Bilboko Koral Elkarteko orkestrako kide modura. Izan ere, EuroCamerata Koral Elkarteko orkestraren zuzendari Radu Hazmeak eta Sergiu Andrei orkestra zuzendariak sortu zuten. “Biak dira errumaniarrak, umetako lagunak. Bilbon bizi da bata; Alemanian bestea. Pentsatu zuten zerbait berezia egin nahi zutela haien ikasleekin eta horrela sortu zen EuroCamerata”, gogoratu du Madariagak. Europako beste musikariekin Alemanian eta Frantzian eman dituzte, batik bat, kontzertuak. Euskal Herrian ere bai; bereziki, Bizkaian.