Foru Aldundiaren planeko neurriak

Lehen sektorearen krisiari aurre egiteko plana onartu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Orain indarrean jartzeko hamar neurri zehaztu dituzte, eta epe ertaineko erronkak aztertzeko foroa sortuko dute. Guztira, ia 1,9 milioiko aurrekontua du. “Lehen sektorea indartu behar dugu, landa eremua berak zaintzen duelako eta bertoko produktuen beharrizana dugulako”, esan du Unai Rementeria ahaldun nagusiak.

LUZE GABEKO NEURRIAK

Errentagarritasuna. Lehengaien krisiak eragindako errentagarritasun galerari aurre egiteko, 1,2 milioiko laguntza banatuko dute sektore hauetan: okelatarako eta esnetarako behiak, txerriak, oiloak, ahuntzak, ardiak, zaldiak, untxiak, barraskilo hazkuntza, erlezaintza, mahastizaintza, sagarraren ekoizpena eta barazkigintza.

Modernizazioa. 200.000 euro erabiliko dituzte behi, ardi, ahuntz, oilo, baratzezaintza, mahastizaintza eta sagar ekoizpen arloetako erakundeekin modernizazio planak bultzatzeko.

Txakolina. 105.000 euro erabiliko dira, ustiaketa ekologikorako prestakuntza saioak emateko eta Bizkaiko Txakolina sor-marka sustatzeko.

Sagarra eta sagardoa. 35.000 euro sagar ustiategien azterketa bat egiteko eta sagardo sektorea sustatzeko.

Erlezaintza. 20.000 euro liztor asiarrari aurre egiteko neurri berriak probatzeko.

Basogintza. 25.000 euro kudeaketa iraunkorrari buruzko kongresu bat antolatzeko.

Erasoak. Basanimalien erasoetatik babesteko neurriak hartzeko, 80.000 euroko laguntza banatuko dute.

Hondakinak. Plastikoa, abeltzaintzako hondakinak eta artilea biltzeko zerbitzua 90.000 eurorekin indartuko da.

Salmenta zuzena. 120.000 eurorekin lagunduko da zuzeneko salmenta, erakustokiak modernizatuz, digitalizatuz eta prestakuntza eskainiz.

Gizartea. Lehen sektorearen garrantziaz kontzientzia sortzeko 20.000 euroko kanpaina egingo du aldundiak.

EPE ERTAINERAKO NEURRIAK

Lan batzordeak. Sektorearen erronkei buruz eztabaidatzeko lan batzordeak sortuko dira. Hazik gidatuko ditu gogoetak, urte eta erdiz: urrian hasi eta 2024ko apirilera arte.