Fedea, euskaraz eta vietnameraz

Fedea, euskaraz eta vietnameraz

Ibai Maruri Bilbao

Nere Amacho maitia: oingo consideraciñoco beguiyaquin Logroñura bost bidar begiratu eban, baña illa bat oindiño ezta igaro, berorrec emondaco plazua baño lenago acordau naiz“. San Balendin Berriotxoak Marina Monika Arizti amari Logroñoko (Errioxa, Espainia) seminariotik idatzitako lehen gutunaren hasiera da. Ez dauka datarik, baina litekeena da 1845eko azarokoa izatea, urte hartako urriaren 27an sartu zen-eta apaizgaitegian Berriotxoa. Ehunka eskutitz idatziko zituen, Logroñotik bertatik eta misiolari jondako tokitik, Tonkinetik —egungo Vietnam—. Asko galdu egin dira. Hogei daude euskaraz idatzita: hemezortzi, amari; bat, gurasoei; beste bat, Ocañan (Gaztela-Mantxa, Espainia) ezagutu zuen moja euskaldun bati. Horietako asko Elorrioko Santa Ana komentuan daude, Balendin Berriotxoa museoan. Sonia Suberbiola gidariaren arabera, bisitari gehienen arreta erakartzen dute eskuizkribu horiek: “Oso euskara ederrean idatzita daude, garai hartako bizkaieraz; tonu ederra dute amari idatzitakoek”.

1988an, Joan Paulo II.a aita santuak santu izendatu zuen; Bizkaiko lehena. Ordutik, Bilboko Elizbarrutiko zaindaria da, Loiolako San Inaziorekin batera. Astelehenean ospatuko da Berriotxoaren jaia. Museoan, haren bizitza ezagutu daiteke, Arriola jauregian jaio zenetik 34 urterekin hil zen arte. Haren erlikiak Bizkaira ekarri zirenekoa ere kontatzen dute, eta baita santu egiteko prozesua ere. Museoko atarian daude jasota elorriarraren bizitzako data esanguratsuenak. Lehena 1827ko otsailaren 14a da: Balendin Faustino Berriotxoa Ariztiren jaioteguna. Juan Isidro Berriotxoa aitarekin haren aroztegian egindako zurezko piezak ere ikusgai daude, haurtzaroari eskainitako atalean. Santa Ana komentuan meza mutila izan zen umetan, eta hango kapilau izandako fraideak irakatsi zizkion latina eta humanitateak.

San Balendin Berriotxoa Museoa

Fraide izateko asmotan sartu zen Logroñoko seminarioan. Baina abadetzak ez zuen asebetetzen: misiolari izan gura zuen. Horregatik joan zen Ocañan domingotarrek zuten komentura. Hangoak eginda, 1856ko abenduaren 27an, Cadizen (Andaluzia, Espainia) itsasoratu zen, Filipinetara bidean. Manilan urte erdi egin zuen vietnamera edo, garai hartan esaten zen bezala, annamera ikasten. Azkenik, 1858ko martxoan iritsi zen Tonkinera. Ibilbide hori guztia mapa batean erakusten dute Elorrion.

Jazarpen urteak Tonkinen

Iritsi eta lasterrera, gotzain izendatu zuten. Han erabilitako kaliza, patena eta bestelako elementu erlijiosoak museoan daude. Baita kasulla edo meza jantzia ere. Suberbiolaren esanetan, bisitariak asko harritzen ditu. “Kanpotik oso ederra da. Barrutik badu bitxikeria bat: forruan annameraz idatzitako testuak daude; besteak beste, Aita gurea. Uste da irakasteko erabiltzen zuela”.

Orduko agintariek kristauak jazartzen zituzten, eta urte gogorrak bizi izan zituen Berriotxoak. Azkenean, 1861ean preso hartu zuten. Elorrioko komentuko elizan ikusgai daude lotuta izateko erabili zituzten kateak. Urte hartako arazoaren 1ean hil zuten, lepoa moztuta, beste 146 kristaurekin batera. Santuaren gorpua Elorrioko Sortzez Garbiaren basilikan dago, beren-beregi eraikitako aldarean. Halere, hezur batzuk komentuko elizan dituzte, beste erlikia batzuekin batera.

Gidariaren esanetan, ezohiko museoa izateko, bisitari asko izaten dituzte. Taldeak etortzen zaizkie autobusetan: eskoletatik, turistak eta baita erromesak ere. Nabarmendu du asko AEBetatik etortzen zaizkiela, Idahotik, berbarako. Batzuk Berriotxoaren urruneko senideak izaten dira.

San Balendin Berriotxoa Museoa