Euskararen erabileraren jaitsierarekin kezkatuta

Euskararen erabileraren jaitsierarekin kezkatuta

N. S. O.

Euskararen erabileraren kaleko neurketek datuez harago aztertu beharreko errealitateak utzi dituzte agerian. Bizkaiak Lea-Artibain datu onak atera dituen arren, izan dira erabileran behera egin duten hainbat herri; besteak beste, arnasgune batzuk. Beherakadarik handiena Muxikan atzeman dute: %21,1 jaitsi da 2017ko datuekin alderatuta —gaur egun %60,6koa da—; Igorren %12,8 jaitsi da —gaur egun %40,5ekoa da—. Bi herriek kezka azaldu dute.

Roke Ojanguren Gabikaetxebarria Muxikako Kultura eta Euskara zinegotziak esan du “faktore askok” eragin dutela emaitzotan. Azaldu du herriak azken urteetan “aldaketa soziodemografiko handiak” jasan dituela. “Mendiguneetako auzoak husten joan dira, eta zerbitzu eta garraioen inguruetan, aldiz, biztanleria asko hazi da; Kurtzeron, bereziki. Horrek hizkuntza ohituretan eragin nabaria izan du. Hustu diren auzoak ziren euskaldunenak, eta hazi den auzoa, Kurtzero, izan da beti erdaldunena”.

Gazteen hizkuntza ohiturek sortu diete kezkarik handiena. “Umeen artean elkarrizketen %85 euskaraz dira; nerabeen elkarrizketen %22 baino ez dira egiten euskaraz, ordea”. Horri irtenbidea bilatzen saiatzeko, Bagoaz tailerra darabilte Urretxindorra eskolan. Lehen Hezkuntza bukatu ostean, ikasleak Gernika-Lumoko institutura joaten dira, “askoz eremu erdaldunagora”. Horri buruz hausnartu eta “inguru erdaldunago horretan joka dezaketen rol garrantzitsuari buruz ohartarazten” diete.

Bestalde, salatu du Eusko Jaurlaritzak euskarazko sorkuntzari eskaintzen dizkion baliabideak “negargarriak” direla. “Ez dago euskaraz ikus-entzunezko edukiak sortzeko politika estrategikorik”, esan du Ojangurenek. Eta gaineratu du gazteek “euskarazko eskaintza eta erreferenteak” behar dituztela.

Igorren ere “arduratuta” daude, ez baitzuten espero “hainbesteko datu txarrik”. Irune Costumero Igorreko Udaleko Euskara teknikariak “futbola” identifikatu du “puntu ahul” gisa. “Zelaian, harmailetan… nahiz eta bertoko jendea izan, futbolean gazteleraz egin ohi dute”. Hala ere, azaldu du herriko klubeko presidentea aldatu dutela, eta, euskararekiko “jarrera ona” duenez, aurrerantzean “bera aliatu izanda gauza asko” egin ahalko dituztela.

Gurasoek umeekin euskaraz baina euren artean gazteleraz egiteak ere euskara sustatzeko kalte egiten duela esan du. Eta taberna giroan ere gaztelera nagusitzen dela atzeman dute. “Parkeak ziren arnasgune txikiak, eta horiek ere erdalduntzen ari dira. Eta umeen erreferentea gurasoak izanik, eurak gazteleraz ari badira, pikutara goaz”.

Hasi dira irtenbide bila. Besteak beste, Praktikatu egitasmoa jarri dute martxan, eta irailean Einbiu Eguna ospatuko dute. Horrez gain, “eskola eta institutua” euskara zabaltzeko altxortzat jo ditu.