Erabileran nagusi

Erabileran nagusi

Natalia Salazar Orbe

Soziolinguistika Klusterrak eta Uemak duela hilabete bat eman zituzten euskararen erabilerari buruzko ondorio orokorrak. Emaitzon arabera, kaleko erabilera orokorra 2016koaren berbera da: %12,6. Datua orokorra da; izan ere, zenbait herritan erabilerak gora egin du, eta beste askotan, behera. Joan den astean Euskal Soziolinguistika Jardunaldiak egin zituzten Bilbon, eta emaitzen azterketa egin zuten. Ordura arte eman gabe zeuden datuak ere iragarri zituzten. Besteak beste, eskualdeetako erabilera orokorrari dagozkionak. Jakinarazi zuten Lea-Artibai zela Hego Euskal Herrian egin duten kaleko neurketetan euskaraz gehien entzun zuten eskualdea: %76,1. Bizkaiko Hitza saiatu da aztertzen zer baliabide edo proiektu darabilten eskualde horretako herri nagusietan euskararen erabilera sustatzen laguntzeko.

Martxoan emandako datuen arabera, Ondarroan %77,4ko erabilera neurtu zuten kalean. Maite Rey udaleko Euskara Saileko teknikariak azaldu du “erabilera datu ona, altua” dela: “Gure daturik aipagarriena da lautik hiruk euskaraz egiten duela”. Hala ere, joerari erreparatu behar zaiola sinetsita dago. Izan ere, kostaldeko herri horretan 2,3 puntu jaitsi da erabilera 2017ko emaitzekin alderatuta. “Gurean gazteek erabiltzen dute nabarmen euskara gehien —%90,4—, eta gero datoz umeak —%79,7— eta 64 urtetik gorakoak —%79,4—. Atzerago daude heldu gazteak —%74,9— eta heldu nagusiak —%72,5—”.

Multzo bakoitzaren bilakaera aztertuta, kezka azaldu du Reyk: “Umeengan izan den beherakada da nabarmentzekoa: 12,4 puntukoa. Gazteengan apur bat jaitsi da —2,5 puntu—, eta 64 urtetik gorakoengan, ostera, apur bat igo da —3 puntu—”. Haren ustez, bilakaera horretan jarri behar da arreta: “Ikusten ari gara arnasguneetako bilakaera negatiboa izaten ari dela, eta adierazle horri begiratu behar diogu. Udalerri euskaldun askotan umeek gazteek baino emaitza okerragoa izan dute. Eta gurean hori gertatzen ari da. Horrek jarraitzen badu, seinale txarra”, adierazi du.

Horregatik uste du erabilera datu altuekin ez dela itsutu behar: “%75etik gorako erabilera dagoelako ez al da ezer egin behar? Geu izan behar gara aurretik goazenak”. Eta buru-belarri ari dira lan horretan. Batez ere, bertako hizkera lantzen. “Herri hizkera landu eta hari prestigioa emateari garrantzia ematen diogu, horrek sendotu egiten duelakoan euskararen erabilerarekiko atxikimendua”. Helburu horrekin darabilte Ondarrutar Naturala programa. Batetik, tribial antzeko joko bat antolatzen dute. “Hizkuntzaren eta kulturaren transmisioan laguntzen duen erreminta” gisa aurkeztu dute. Binaka jokatzen dute, Lehen Hezkuntzako 5. mailako gazteetatik gora. Jendaurrean egiten dute lehiaketa, eta sariak banatzen dituzte.

Bestetik, “euskararen erabilera zuzena zaintzeko bideoak” zabaltzen dituzte sare sozialetan. “Jendea grabatzen dugu hau edo beste zer-nola esaten duten galdetzeko”. Horrez gain, “euskararen zuzentasunarekin kezkatuta, ikusitzut eta zabalduta dauden antzerako esamoldeak” zuzentzeko bideoak landu dituzte: “Lehenengo txarto esaten dute, eta gero adierazten dute zer-nola esan behar den zuzen”. Programan hainbat belaunalditako parte hartzaileak egotea zaintzen dute, “bereziki, umeen parte hartzea gazte eta helduekin”.

Bestalde, Ondarroara iritsi berri diren herritarrentzako euskara ikasteko baliabideak eskaintzen dituzte. Batetik, helduentzako ikastaro laburrak ematen dituzte, doan. Bestetik, ume eta gazte etorri berriei ikastetxean ikasten duten euskara oporraldietan ez galtzea bermatzeko eta eremu informalean euskarari eusteko eta hizkuntza praktikatzeko aisialdi jarduerak eskaintzen dizkiete.

Haurren zuzeneko erreferente diren helduen arteko hizkuntza praktiketan euskara gehiago erabiltzeko “aktibazio jarduerak” ere egin dituzte. Reyk Haurren aurrean helduok heldu kanpaina aipatu du.

Teknikariak uste du herrian euskararen erabileraren alde dagoen presio soziala ere badela euren indargune bat. Hala ere, hizkuntzari prestigioa eman eta lanean jarraitu behar dela sinetsita dago. Eta mitoak desmuntatu. Besteak beste, herrira iristen diren migratzaileek euskara berehala barneratzeko gaitasuna eta grina dutela erakusten dutenak. “Egon badaude, baina horiek perla batzuk dira. Ez da ohikoena. Ohikoena da ikasle etorkinak ikastetxeen bitartez euskalduntzea”. Argi du etorri berri helduek lehenago beste premia batzuk ase behar izaten dituztela: “Lana, etxebizitza… Eta ez zaie eskaintzen erantzun bateraturik”.

Lekeitio da Ondarroaren atzetik Lea-Artibai populazio gehien duen herria. Bertan, %66,2ko euskararen erabilera neurtu dute, 2017koa baino 17,4 puntu gutxiago. “Hasieran espero genuena baino baxuagoa da datua”, aitortu du udaleko euskara zerbitzuko teknikari Nerea Mendiolak. Dena den, uste du litekeena dela kale neurketa urriko zubian egin izana izatea arrazoia. Hain zuzen, egun horietan herrian kanpotar gehiago egongo zirela adierazi du. “Dena den, herriko idiosinkrasiaren parte da era horretako gorabeherak izatea arlo askotan, eta euskararen erabileran ere ikusten da aldaera hori”, esan du. “Hala ere, arnasgune bat denez, ez dira horren datu eskasak”, iritzi dio.

Errefortzu eskolak

Helduen artean atzeman dute euskararen erabilera txikiena Lekeition. “Gazteen artean erabilera %73koa izan da, eta heldu gazteena eta heldu nagusiena, berriz, %61,2koa eta %57,7koa, hurrenez hurren”, esan du Mendiolak. Haren esanetan, Lekeitioko Udalak gazteen sentsibilizaziora bideratutako egitasmoak antolatu ditu bereziki. Besteak beste, euskarazko errefortzu eskolak behar dituztenentzako saioak aipatu ditu. “Hala nahi duten gazte etorkinentzako ere badago euskarazko eskolak emateko beste proiektu bat”. Dena den, datuek erakutsi diete helduen hizkuntza ohituretan eragin behar dutela: “Udalak gogoeta egingo du ea zer plantea daitekeen helduen artean euskararen erabilera sustatzeko”, adierazi du Mendiolak.

Udako ostalaritzan eta merkataritzan hizkuntza paisaia euskalduntzeko egitasmoa aurreikusi dute Lekeition. “Helburua da agurra eta oinarrizko esaldi batzuk gutxienez euskaraz egin ahal izatea”. Horretarako, tabernetarako mahai gainekoak banatuko dituzte. Horietan, euskarazko esaldiak eta horien itzulpenak jasoko dituzte gazteleraz, frantsesez, ingelesez eta katalanez. Bestalde, “udalak itzulpengintza zerbitzua jarriko du ostalariek karta eta kanpoko errotuluak euskaraz ipintzeko”. Udatiarren etorrerak inpaktu txikiagoa izatea lortu nahi dute, “eta kanpotik datozenak ere animatzea herrian gauzak euskaraz egitera”.