“Botereak herriaren eskubideak murriztu izan ditu, beti”

“Botereak herriaren eskubideak murriztu izan ditu, beti”

Amaia Igartua Aristondo

Ia hirurehun dokumentu ez dira txatalak baino Enkarterriko historia ezagutzeko, Goio Bañales historialariaren iritziz (Barakaldo, 1955). Eta, hala ere, baliagarriak izan zaizkio, besteak beste, uste batzuk argitzeko. Enkarterriko Museoaren laguntzarekin, agiriok liburu mardul batean bildu ditu: Encartaciones. Documentos para su historia (1297-1821) (Enkarterriko historiako dokumentuak). Edizio digitala da, eta doan kontsulta daiteke museoaren webgunean.

Zein da lanaren abiapuntua?

Duela igual 30 urte edo gehiago hasi nintzen Enkarterriko toponimia ikertzen. Antzinako auziak, paperak eta abar ikertzen dituzu, baina ez dira bakarrik toponimoak ateratzen, kontakizunak ere bai.

Adibidez, zein?

Adibidez, XV. mendean, Galdamesko notario bat euskalduna zen. Askotan pentsatzen da Enkarterrin euskara ez dela hitz egin duela mende askotatik, baina ez da horrela.

Aurreko liburu baten jarraipena da oraingoa, ezta?

Bai. Duela bi urte irten zen aurrekoa. Belaskotarren dokumentazioa zen. Kantabriari [Espainia] zegokiona atera zuten, baina Bizkaiari zegokiona falta zen. Valladolideko [Espainia] artxibora eskatu nituen dokumentuak, gaur hor dutelako dena; gure historia ulertzeko Valladolidera jo behar dugu. Dokumentazioa transkribatu ondoren, konturatu nintzen herren geratzen zela; belaskotarren historia ez ezik, aiararrena ere interesgarria izango zela. Biak behar dira Enkarterrin gertatu zena ulertzeko. Kuriosoa da orain arte kontatutakoak eta aurkitzen dituzunak ez dutela zerikusirik.

Adibideren bat?

Adibidez, hizkuntzaz uste izandakoa. Barakaldo aldean, euskaraz hitz egiten zen nabarmen. XIX. mendearen aurretik, argi dago hala gertatzen zela. Zenbait dokumentutan Portugaleteko euskara itzultzailea aipatzen da, XVI. eta XVII. mendeetan.

Euskarari dagokionez, mamia badago, edo presentzia anekdotikoa da?

Guztiz anekdotikoa da, baina nik uste dut oso garrantzitsua dela. Eta zeozer esan nahi du. Dokumentu askotan izengoiti euskaldunak agertzen dira: Zalduna eta horrelakoak. Barakaldon asko daude, eta XVI. mendean ja. Baina bilduma honetan, alde horretatik ez dago gauza handirik. Eta nik uste dut muga handi bat dagoela Zallako eta Galdamesko bi aldeen artean, aspalditik, igual XII. mendetik. Daukagun dokumentazioarekin ezin da esan, susma daiteke, eta hipotesi bat egin.

Baina toponimiak ematen du gakorik.

Esate baterako, Trapagako toponimia euskalduna itzela da, baita Sestaokoa ere. Portugaletekoa ez da oso handia. Barakaldokoa eta Gordexolakoa harrigarria da. Zallakoa, erdia erromantzea da, eta beste erdia, euskalduna. Segun zein mendetan: gaur egungo toponimian agertzen dira El pino, Solar…, baina hori ez da beti horrela izan. Ez, behintzat, toponimia historikoaren arabera.

Oraingo liburuko dokumentuak aukeratzean, zer irizpide erabili duzu?

Ildo batzuk aukeratu ditut. Bata zen, bereziki, jendea. Gehien gustatzen zaidana da jakitea istripu baten aurrean jendeak zer egiten duen. Horregatik, zazpi-zortzi dokumentu edo gehiago uholdeen ingurukoak dira. Interesatzen zait jakitea horren jende gutxi nola konpontzen zen ezbeharretan. Batzuek dorretxeak errekaren alboan zituzten, adibidez. Edo bat-batean geratzen zara biderik gabe, zure galtzada galdu egin da, zubirik gabe zaude, eta eskatzen dizute konpontzeko, produktuak atera ahal izateko. Hori herriko jendeak egin behar du, eta laguntzarik gabe.

Beste ildoren batetik jo duzu?

Beste gauza interesgarri bat da boterearen aurrean nola portatzen zen jendea, zer egiten zuten. Zeren historian beti gertatu da gauza bera: botereak herrien eskubideak murrizten ditu, beti. Pentsatzen duzu eskubide batzuk dauzkazula, eta eskubide horiek zapaldu nahi dituztenean, babestuak izango direla. Ez, boterearen kontra ez dago ezer egiterik.

Halako kasuak ere ageri dira agirietan, hortaz.

Adibide argi bat: Errege-Erregina Katolikoek itsas armada bat prestatu nahi zuten, eta Bizkaiari zerga bat ezarri zioten armada hori pagatzeko. Bizkaiak ordainduko zuela esan zuen, baina Enkarterrikoek ezetz esan zuten, euren eskubideen kontra zihoalako. Eta Abandoko bat, Basurto abizenekoa, Enkarterrira joan zen, eta 150 idi lapurtu zituen, armada ordaintzeko. Enkarterriko 5.000 bizilagun joan ziren kexatzera, baina ez zuten ezer lortu. Hasieran, badirudi zuk erabakitzen dituzula zure bizitza eta zure foruak. Baina gaur hau kentzen dizute, bihar beste hori… Eta, azkenik, ia-ia eskerrak ematen dituzu geratzen zaizun zatitxo horrengatik.

Foruak aipatu dituzu. Horiek ere agertzen dira dokumentuetan?

Errege-Erregina Katolikoen garaian, foruak idatzi zirenean, ematen zuen ondo mugatuta zeudela errege-erreginen eta besteen eskubideak. Baina konturatzen zara errege-erreginen boterea ez zela ahultzen, baina herriena bai. Beti dago aitzakiaren bat: agintea Austriengandik Borboiengana igaro zen, eta erabiltzen zen egoera orokortzeko eta foru batzuk kentzeko; Gerra Karlistak izan dira, eta, ondorioz, esaten zuten denek berdinak izan behar zutela, eta hor ere kendu zituzten eskubideak.

Dokumentu gehienak XV. mendekoak dira. Zergatik?

XVI. mendekoen kopuru handia ere badago. Gauza batzuk ulertzeko, adibidez Lutxanako dorrearekin zer gertatu zen, XIX. mendeko dokumentu bat gehitu dut, mende horretako bakarra. Baina oso inportantea da adierazteko dorrea erortzeko zorian zegoela. Hasieran, aiararrena zen, gero belaskotarrena; horiek mantendu egin zuten, karlista gerrateetan forte edo gaztelu moduan erabili zuten, eta gero bota egin zuten. Baserri bat egin zuten han, eta hori ere desagertu zen.

Egon da arrazoirik gehienak XV. eta XVI. mendeetakoak aukeratzeko?

Zaharrenak dira. Zaharrenetara jotzen baduzu, zutabe bat daukazu jarraitzeko. Baina, era berean, hemengoa ezagutzeko kanpora jo behar duzu, eta garestia da hilabetez Valladoliden egotea ikertzen. Hango dokumentuen fotokopiak eskatu, eta horiekin egiten da lan. Beraz, ezin dira gai guztiak landu. Gainera, XV. mendeko dokumentazioa transkribatzea ez da erraza, letragatik, baina agiriak ez dira oso luzeak: orri bat eta lau artean dituzte. XVI. mendekoak, ordea, hogei orrikoak dira, beharbada. Ezin dituzu hogei orri transkribatu, gero beste hogei… Horien laburpena egin dut.