Zazpikaleak merkataritza gune bihurtu nahi dituztela salatu dute

Zazpikaleak merkataritza gune bihurtu nahi dituztela salatu dute

Natalia Salazar Orbe

Bilboko Zazpikaleetako bizilagunak kezkatuta daude udalak sustatzen duen hiri ereduak auzoan dituen ondorioengatik. Bihotzean auzo elkarteak salatu du egungo ereduari jarraituta Zazpikaleak “merkataritza gune eta zentro turistiko” izatera bideratzen ari direla. Hori horrela, Auzoa hiltzen ari zarete, baina guk defendatuko dugu leloa duen kanpaina abiarazi dute, auzoan “gertatzen ari den fenomenoaren larritasuna” plazaratzeko. Esan dute auzoa “defendatzen” eta “bizitzaz beteriko beste auzo eredu bat aldarrikatzen” jarraituko dutela.

Joan den astean egin zuten agerraldian esan zutenez, auzoa hiltzen ari direla esaten dutenean adierazi nahi dute Zazpikaleetan 7.000 biztanle inguru bizi diren arren auzoa ez dagoela diseinatuta haien beharrizanak betetzeko, “kapital pribatuaren irabazietarako baizik”. Eta udaldian aldarrikapen mezuak auzoko kaleetatik desagertu ez daitezen, joan den eguaztenean elkartu egin ziren berriro. Lan eguna antolatu zuten “datorren turisten saturazioari erantzun kolektibo bat” emateko asmoz.

Merkataritza eta etxebizitza

Bihotzean Zazpikaleetako auzo elkarteko kideek gogora ekarri dute duela urte asko hasi zirela entzuten Bilboko auzoa “Europako merkataritza gune ireki handiena bihurtu nahi dutela”. Eta salatu dute azken hamar urteetan Zazpikaleetan gertatu diren mugimenduek norabide hori daramatela: “Frankizia, multinazional eta oroigarri denda asko ireki dira; eta, aldi berean, betiko negozio txiki askok pertsiana itxi egin behar izan dute alokairuaren prezioari aurre egin ezinda”.

Datuak ere eman dituzte. Azken asteetan egin duten kontaketa batean “202 lonja huts” zenbatu dituzte. Beldur dira hiri eredu horren ondorioz horietako asko ez ote diren hotel edo frankizia bihurtuko edo auzokoek ez ote duten modurik izango horietan negozio berriak irekitzeko.

Merkataritzarena, ordea, arazoetako bat besterik ez da: etxebizitza eskuratzeko eskubideak ere kezka handia sortu du haiengan. Esan dute “urtez urte” gora egiten duela alokairuen prezioak. “Horrek zaildu egiten du familia gehiago gure auzora etortzea, eta hemengo gazteek beste auzo batzuetara jo behar dute etxebizitza bila”.

Etxebizitzak turistei eskaintzeak egiten duen kaltea da, haien ustez, arazo horren iturria. “Turistei alokatzen dizkiete etxebizitzak denetariko plataformen bitartez, irabazi ekonomiko handiagoak lortzeko asmoz”. SOS Alde Zaharra plataformak eta Bihotzean elkarteak “errefusatu” egin dute “etxebizitzak espekulaziorako erabiltzeko” joera hori, eta salatu dute “Airbnb eta etxebizitza turistikoen antzeko plataformek auzoa hiltzen dutela”. Baieztapen hori indartzeko datuak ere eman dituzte: “Gaur-gaurkoz gure auzoan dauden oheen %25 turismorako dira”.

Espazio pribatuaz gain, eremu publikoa ere aztertu dute. Eta hor ere joera bera antzeman dute: “Interes ekonomikoak gailentzen zaizkie auzokideon beharrei”, salatu dute. Auzoa “kontsumitua izateko” diseinatua dagoela deritzote. Ordaindu ezean hartan “gauza gutxi” egin daitekeela esan dute. Baieztapen horren erakusgarri gisa, konparazio bat egin dute eserleku publiko eta pribatuen artean. Azaldu dute udalaren datuen arabera “50 banku publikotan” esertzeko aukera dagoela eta ostalaritzak, berriz, “terrazarako 624 mahai” dituela.

Salatu dutenez, auzotarrei espazio publikoa erabiltzeko zailtasunak jartzen dizkiete, eta enpresa multinazionalei, aldiz, bidea erraztu. “Alfonbra gorria jartzen die enpresa multinazionalei, euren produktuak espazio publikoan sustatzeko”. Diotenez, sarri ikusi dituzte Erriberan eta Areatzan era horretakoak. “Aldi berean, auzokideok zailtasunak besterik ez dugu aurkitu gure kaleetan askotariko ekinaldiak egin nahi izan ditugunean”. Auzoko jaiak antolatzeko jarri dizkieten “trabak” aipatu dituzte, besteak beste.

Zazpikaleen argazkia egin ostean, bestelako auzo bat nahi dutela aldarrikatu dute: “Auzotarrentzako bizigarria” eta “bizimodu osasungarria eta komunitateko bizimodua” egiteko aukera emango duena. Ez dute nahi “erabakitzeko ahalmenik” eskainiko ez dien “postal baten parte izan”. Argi dute “antolakuntza” eta “borroka” direla egoera hori iraultzeko bidea. Adierazi dute hori dela, besteak beste, Atxuri eta Mugika eskolek “hezkuntza zentro duinak” aldarrikatzeko darabilten bidea.