Sahararrak “beste behin ere traizionatuta”

Hamada Hatab Abdelhay Arratiako Sahararren elkarteko presidenteak esan du “beste behin ere traizionatuta” sentitzen direla Espainiako Gobernuaren aldetik. “Bereziki, alderdi sozialistako liderrengatik, baina baita elkarren segidako Espainiako gobernuengatik ere”, adierazi du. Uste du Pedro Sanchezen gobernuak “herri oso baten, nazio baten eskubidearen kontra egin duena” lekuz kanpo dagoela.

Sanchez Espainiako presidenteak martxoan esan zuen Marokok Sahararen autonomia garatzeko egin zuen proposamena dela “serioena, errealistena eta sinisgarriena” gatazkari irtenbidea bilatzeko. Haserre mintzatu da Hatab. Haren esanetan, “saharar herriak zer izan nahi duen aske erabakitzeko erreferendum bat egiten ez duen artean Espainiako Gobernuak —gatazkaren parte izan denez beti— konponbidearen parte ere izan behar du”. Eta, hori egin beharrean, gatazka “modu negatiboan” elikatzen jarraitzen duela uste du.