Ibai Maruri Bilbao
Aspaldiko interesik handiena sortu dute Athleticeko hauteskundeek; bai, behintzat hedabideetan, seguruenik, ezustean hiru hautagaitza aurkeztu direlako. Ia 40.000 bazkide daude gaurko deituta datozen lau urteetan klub zuri-gorriaren buru izango den gizona hautatzera. Normalean erdiak inguru joaten dira botoa ematera. Ikusteko dago gaurkoan zenbat erakarriko dituzten. Lehen aldiz, San Mamesen egongo dira hautetsontziak. Bizkaiko Hitza-k Athleticeko peñaren bateko kide diren lau lagunekin hitz egin du, eta, oro har, bat datoz esaterakoan presidente berriak harrobian izango duela erronka nagusia.
Horretarako proiektu egonkor bat behar dela uste dute; ezin daitezkeela Lezamako kirol arduradunak presidente bakoitzarekin aldatu. “Harrobia landu gura baduzu, gutxienez, hamar urte behar dituzu. Zuzendaritza bakoitzak talde berria proposatuko badu harrobiaz arduratzeko, ezingo da ezer ganoraz egin”, ohartarazi du Elorrioko Elorrixo peñako Juan Mari Zenitagoiak. Iritzi berekoa da Bermeoko Bizkai Buru peñako Juan Ramon Rey ere: “Talde teknikoak eta entrenatzaileak ondo egiten badute haien lana, jarraitu egin behar dute; emaitzak lortzeko denbora behar da”. Are gehiago: Reyk uste du ardura horietan ezin direla “lagunak” ipini: “Kanpokoak badira, hobeto”.
Oro har, harrobian egiten den lana ontzat jo dute. Baina jokalariak gazteagotan ekarri behar direla esan du Sestaoko Garras peñako Alfredo de Lucasek: “Ezin da itxaron beste talderen bateko B taldean nabarmentzen hasi arte. Lehenago ekarri behar dira, apustua egin, arriskatu, bestela ihes egingo dute”. Nabarmendu du Espainiako selekzioko beheko maila guztietan daudela Athleticeko jokalariak, eta horrek erausten duela harrobiak ondo funtzionatzen duela. “Athletic da andreen ligako gorengo hiru mailetan taldea duen klub bakarra. Hori ez du ezta Bartzelonak ere”.
Zenitagoiak eta Reyk uste dute Athleticek zailtasunak dituela gazteak harrobira erakartzeko, “erakargarritasuna galdu” duela. Bilboko Zazpiak Bat Peñako Garazi Soldevilla ez dago ados: “Uste dut Euskal Herriko edozein gaztetxori esaten badiozu Athleticen jokatuko duela, oso harro etorriko litzatekeela”. Haren ustez, “Athleticen nortasun bereziak” jarraitzen du erakargarri izaten.
Zenitagoiak Realaren harrobian ipini du arreta: “Ondo datozenak konbentzitu behar ditugu han ez dutela denentzat lekurik izango, Realak taldearen erdia kanpotik ekartzen duelako. Esan behar diegu gurean lekua izango dutela”. Iruditzen zaio gazte askorentzat orain Reala dela “erakargarriagoa”.
Emakumeen taldean ere ikusi du hori. “Harrobi lan ona dago, jokalari onak lortu dira, baina gero joan egiten dira”. De Lucasen esanetan, andreen taldeak Europako lehian sartzeak lagunduko luke jokalariei eusten, baina ez du “erraz” ikusten, Espainiako Ligak soilik hiru talde bidali ditzakeelako. Oraindik ere haien lana ikusgarri egiteko premia dagoela iruditzen zaio Soldevillari: “Zerbait egin behar da Lezama asteburuero betetzeko”. Eta inbertsio gehiago eskatu du. De Lucas ere ados dago, baina ez du uste behin betiko konponbidea izan daitekeenik: “Athleticek ezin du soldatekin lehiatu; klub handiak daude, guk baino asko gehiago ordain dezaketenak”. Eta fitxatzeko aukerak ere ez dira besteek dituzten bestekoak, klub zuri-gorriaren filosofia dela eta.
Golegilea faltan
Gauza bera gertatzen da gizonezkoen taldean ere. Ados daude golak sartuko dituen erdiko aurrelari bat falta dela. “[Aritz] Aduriz bat falta da, eta ez dut atzetik halakorik datorrenik ikusten; juniorretan igual egongo da, baina, oraingoz, lehen talderako inor ez”, esan du Zenitagoiak. Soldevillaren ustez, golegilea falta delako ez du gizonezkoen Athleticek Europako lehian sartzea lortu azken urteetan. Eta Europak arazo ekonomikoak ere konponduko lituzke, hein handi batean. Edonola ere, gaur-gaurkoz klubaren balantze ekonomikoak ez ditu kezkatzen. “Finantza egoera onenetakoa duen kluba gara; guk ez dugu zorrik”, nabarmendu du De Lucasek. Hala ere, badakite gero eta gastu handiagoa egongo dela soldatetan. Garras peñako kidea diru sarrerak lortzeko hautagaiek proposatu dituzten bide batzuek kezkatzen dute: “Futbola negozio bilakatu da. Gure filosofia, Lezama, San Mames, kamiseta… horiek ez ditzatela ukitu dirua lortzeagatik”.
De Lucas gogorra izan da egungo gizonen taldearekin: “Gogo falta” egotzi die, besteak beste. Horregatik, entrenatzaile berriari “gogorragoa” izateko eskatu dio.
Laurek Aitor Elizegiren balorazio ona egin dute. “Garai zailak izan dira, pandemia bat izan da tartean. Hala ere, uste dut ez duela txarto egin: [Espainiako] Superkopa bat irabazi dugu, Kopako bi finalera heldu gara, estatutu berriak ateratzea lortu du, eta San Mamesen Orroa dinamikaren laguntzaz, herri harmailarekin zegoen arazoa konpontzea lortu du”. Herri harmailarena oso garrantzitsu iritzi dio Zenitagoiak: uste du Elizegi barik ez litzatekeela egingo. Hala ere, Elorrioko peñako kideak esan du Rafa Alkorta Lezamako arduradun izendatzean huts egin zela: “Ez du lan ona egin Bilbao Athleticen”.
De Lucasen iritziz, Elizegik peñekin izan duen tratua ere txalotzekoa da. “Klubaren parte dira, eta ondo zaindu behar dira. Bizkaitik kanpo peña bat mantentzea ez da erraza. Hona etortzen direnean zaindu egin behar dira, diru asko gastatzen dute eta”. Espero du hiru hautagaiek hori kontuan hartuko dutela. Athletic fundazioak egiten duen gizarte lanari eusteko ere eskatu die hiru hautagaiei. “Adingabeekin, ezinduekin, arazo ekonomikoak dituztenekin… sekulako lana egiten dute, baina ez da ezagutzen. Seguruenik ezagunena Genuine taldea izango da, elbarriena: aukera paregabea eskaini zaie futbolean parte hartzeko”.
Soldevillak Athleticen eta zaleen interesak lehenesteko eskatu die. Zenitagoia kezkatu du hautagaitzen inguruan “interes politikoak” ikusi izanak. Hautagaien artean euskaldun bakarra egoteak ere arduratu du Soldevilla: “Euskararen falta nabaria da”.