Kaleko musika, guztien eskura

Kaleko musika, guztien eskura

O. Enzunza Mallona

Kaleko musikaren hiriburu bihurtuko da datozen egunetan Zornotza. Askotariko musika, erritmo, doinu eta instrumentuek girotuko dituzte udalerriko kaleak asteburu osoan. Izan ere, gaur hasi eta etzira bitarte, Haizetara musika jaialdia egingo dute. Hamabosgarren aldia izango da aurtengoa, eta, bi urteren ondoren, “betiko formatua” berreskuratuko du.

Oholtzarik ez du Haizetara jaialdiak, eta lehiaketa formatukoa da. Kalea da musikarien agertokia. Eta, aurten, estilo eta jatorri askotako hamar talde ariko dira lehian. Berrogei eskaera jaso ostean, talde hauek aukeratu dituzte: Serbiako Bojan Ristic Brass Band, Mendozako (Argentina) Brassass, Frantziako The Gombo Revolution, Murtziako (Espainia) Steam Brass Band, Mexikoko Kamikaze Beat Band, Bartzelonako Hip Horns Brass Collective, Txileko La Tromba, Belgikako Remork & Karkaba, Baionako Bokale Brass Band eta Frantziako La Marmaille Post-Fanfare.

Brass doinuak izango dira nagusi aurtengo jaialdian, baina, Mirian Arriaga antolatzailearen hitzetan, “denetarik” entzun ahal izango da: “Programa oso bat eratu dugu, eta kaleak musikaz blai egongo dira: New Orleanseko musika, jazza, Balkanetako musika eta doinu etnikoak egongo dira tartean”.

Emanaldien ondoren, hiru sari banatuko dituzte: talderik onenaren saria (10.000 euro), instrumentistarik onenarena (1.000 euro) eta publikoarena (4.000 euro).

Musika baino gehiago

Berez, duela bi urtekoak izan behar zuen jaialdiaren hamabosgarren aldia, baina osasun egoeraren ondorioz jaialdi sinbolikoa egin zuten, online kontzertu batzuk eskainita. Iaz, berriz, “trantsizio urtea” izan zen, eta orduan ere ez zuten izan hamabosgarren urteurrena ospatzeko aukerarik: “Talde gonbidatuek parte hartu zuten, baina lehiarik gabe”.

Aurten, beraz, “gogotsu” daude herritarrak, eta jaialdiak “erantzun ona” izatea espero du Arriagak: “Udako lehenengo jaialdia da, eta herritarrek bete-betean bizi dute”. Musikaz gainera, banda gonbidatuez, jam session saioez eta askotariko gune gastronomikoez gozatzeko aukera izango dute bisitariek.