Getxo, jazzaren erreinu

Getxo, jazzaren erreinu

Olatz Enzunza Mallona

Getxoko jazzaldiak hasi ohi du urtero-urtero jazz denboraldia Euskal Herrian. 45. aldia izango du aurtengoa, eta, osasun krisia atzean utzita, normaltasuna berreskuratuko du: nazioarteko artistak itzuliko dira udalerrira. Horien artean, besteak beste, Melissa Aldana saxofoi jotzailea, Cyrille Aimée abeslaria, Fred Hersch piano jotzailea eta Ron Carter kontrabaxu jotzailea. Hilaren 29tik uztailaren 3ra arte iraungo du aurten jaialdiak, eta, ordainpeko kontzertuez gainera, Talde Lehiaketako banda gazteen emanaldiak, Hirugarren Milurtekoa atalekoak eta familia girokoak izango dira.

Iñaki Saitua Getxoko jazzaldiko arduradunaren hitzetan, “kalitatea, aniztasuna eta banda gazteen aldeko apustua” dira jaialdiaren hiru ardatzak, eta gehitu du emakume musikarien presentzia nabarmena izango dela aurtengo egitarauan. Guztira, hemezortzi emanaldi eskainiko dituzte, hiru agertokitan: Muxikebarri zentroan, Algortako Geltokia plazan eta Ereagako hondartzako aparkalekuan. Horietatik zortzi, gainera, doakoak izango dira. Jazzari behar besteko zukua ateratzeko, jam session saioak eta argazki erakusketa bat ere antolatu dituzte.

Melissa Aldana

Askotariko emanaldiak

Abonu kontzertuei dagokienez, Melissa Aldana saxofoi jotzaile txiletarraren kontzertuak hasiko du aurtengo jaialdia, hilaren 29an. Thelonius Monk nazioarteko lehiaketa irabazi zuen Aldanak 2013an, eta Grammy sarietarako hautagaia ere izan zen 2020an. Jaialdiaren lehen egunean laukote formatuan ariko da, Lage Lund (gitarra), Pablo Menares (baxua) eta Kush Abadey (bateria) alboan dituela. Hurrengo egunean, Cyrille Aimee abeslari frantziar-dominikarraren txanda izango da. Azken urteotan jazzaren eszenan proiekzio handiena lortu duten ahotsetako bat dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Fred Hersch pianista eta musikagile estatubatuarra, berriz, uztailaren 1ean igoko da oholtza gainera. Neo Bop ortodoxiaren ordezkaria da, eta, 30 urtetik gorako ibilbidean, berezko estiloa garatu du musika inprobisatuan. Hirukote formatuan ariko da Getxon, John Hebert kontrabaxu jotzailea eta Eric McPherson bateria jotzailea lagun dituela.

Laugarren egunean, Ron Carter hartuko du jaialdiak. Sei hamarkada baino gehiagoko ibilbidearekin, jazz eszenako baxu jotzaile nabarmenetako bat izan da musikari estatubatuarra. Rene Rosnes (pianoa), Jimmy Greene (saxoa) eta Payton Crossleyrekin (bateria) ariko da. Eta, azkenik, uztailaren 3an, Gonzalo Rubalcaba piano jotzailearen eta Aymee Nuviola abeslariaren erritmo kubatarrekin esango du agur jaialdiak. Viento y tiempo lana aurkeztuko dute, kontrabaxua, saxoa, bateria, perkusioa eta bi koru ahots biltzen dituen talde batean zortzikotea osatuta.

Cyrille Aimee

Talde handien aurretik, Talde Lehiaketako finalera iritsi diren lau bandak jardungo dira. Eta, Al gortako Geltokia plazan, Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak izango dira, doan. Tartean, Lucia Fumero piano jotzaile eta abeslaria, Sensei Plays Avishai proiektua eta Gaur, Latitude eta Sumrra bandak.

Horrez gainera, berritasun gisa, doako kontzertu bat ere eskainiko dute Ereagako hondartzako aparkalekuan: Amaia abeslari nafarra ariko da, uztailaren 2an, 22:00etan.