Eskariaren araberako garraioa, Arratian eta Mungialdean

Foru aldundiaren ‘Herri txiki, aukera handi’ programaren lehen fasean sortutako proiektu nagusia da. Helburua da herrien eta eskualdeburuen arteko komunikazioa hobetzea.

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Arratiako eta Mungialdeko udalek Herri txiki, aukera handi programaren lehen fasea amaitu dute. Martitzenean Bilboko Foru jauregian egindako agerraldian, bi eskualdeotan bultzatuko diren proiektuetako batzuk aurkeztu zituzten. Besteak beste, eskaeraren araberako garraio sistema bat probatuko dute, herri txikiak eskualdeko herri nagusiekin lotzeko: Arratian, Igorrerekin; Mungialdean, Mungiarekin. Gaur egun dagoen garraio publiko eskaintza osatuko du. “Herrigune asko sakabanatuta daude, hiriguneetatik urrun, eta ezinezkoa da zenbait kolektiboren beharrak ohiko garraio publikoaren lineen bidez betetzea”, aitortu du Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Batez ere, mendekotasunen bat dutenei, adinekoei, mugikortasun arazoak dituztenei eta gazteei emango diete zerbitzua; besteak beste, medikuarenera edo botikara joateko edo unibertsitatera eroango dituen autobusa hartzera joateko balioko die.

Rementeriak esan du ez dagoela zehaztuta zelako garraio mota izan daitekeen: “Orain probatzen hasiko gara, eta akatsak zuzenduz ikusiko dugu zein izango den eskualde bakoitzera ondoen egokitzen den eredua”. Hala ere, zehaztu du teknologia berriak izango direla ardatza, eta esan du herri batzuetan martxan dauden auzo taxi-zerbitzuen estilokoa izan daitekeela hasieran. Eskaerak egiteko aplikazio bat sortzea ere ez du baztertu, baina ibilian erabakiko dute. Bi eskualdeotan, guztira, milioi eta erdi euro erabiliko ditu diputazioak garraiobide hori abiarazteko.

Iazko martxoan ipini zuten martxan Herri txiki, aukera handi programa, “Bizkaiko herri guztietan eta bizkaitar guztientzat aukera berdintasuna” bermatzeko. Bi eskualdeotako hamazortzi udalek, hiru mankomunitatek eta hainbat eragilek hartu dute parte gogoeta prozesuan. Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak azaldu duenez, birritan bildu dira alkateekin banaka, behin hiru mankomunitateetako bakoitzarekin eta eskualde bakoitzean lan bilera bi egin dituzte eragileekin. Azkenekoz, joan den eguenean elkartu ziren guztiak, martitzen honetan aurkeztutako egitasmoak onartzeko. “Bultzatuko ditugun proiektuak oso garrantzitsuak dira, baina baita erabili dugun eredua ere: kogobernantza”, nabarmendu du Etxanobek.

Lehentasunak

Lehenengo eta behin egoeraren diagnosia egin dute elkarrekin. Ondoren, agertutako premiak betetzeko zein proiektu bultzatu daitezkeen aztertu dute. Guztira, 31 proiektu proposatu dira Arratian, eta 27, Mungialdean. Lehentasunak ipini eta horietatik aukeraketa egin dute, bukatzeko.

Illart Gumuzio Igorreko alkateak esan du haienean hiru lehenetsi zituztela: N-240 errepideko segurtasuna hobetzea, garraio publikoa hobetzea eta Arratiako Udalen Mankomunitateko gizarte zerbitzuen katalogoa garatzea. “Azken hori stand by egoeran dago oraingoz”. Kontatu du Arratian askotan “ahaztuta” sentitu direla, eta prozesuak “ilusioa piztu” ziela. “Gogoz hartu genuen parte hartzeko deia”.

Parte hartzeko eskaini dieten aukeran ipini du arreta Mungiako alkate Ager Izagirrek ere. Hiru balio landu dituztela esan du: elkarlana, planifikazioa eta pertsonen ongizatea. “Elkarlana askotan egiten dugu eskualdean, baina oraingoan horretarako tresna bat izan dugu”. Hurrengo faserako, Enkarterri, Busturialdea eta Lea-Artibai aipatu ditu Rementeria ahaldun nagusiak.

Interneteko banda zabala hedatzeko egiten ari diren lanei buruz ere egin du berba. Esan du Mungialdean etxeen %98tara iritsiko dela datorren urteko udarako; Arratian, %95tara. Faltako direnetara eroateko, Espainiako Gobernuaren baimena falta dute.