Nortasunaren biltegi

Nortasunaren biltegi

Natalia Salazar Orbe

Elikagaiak animaliengandik urrun eta hezetasunetik babestuta mantentzeko eraikuntzak dira garaiak. Izenak berak adierazten duen legez, leku garai batean kokatzen zituzten, lau zutaberen gainean, gosea asetzeko asmotan zeuden arratoiak eta bestelako karrakaskariak biltegi horretan sartzea eragozteko. Ereñon badute horietako bat: Garaixe garaia. Egitura eraberritu egin dute, eta edukia, beste horrenbeste. Ereñoko historia, kultura, nortasuna eta horri lotutako artea babestu, zaindu eta ezagutarazteko egiteko berriak hartu ditu orain garai horrek. Herriaren nortasun elementua den marmol gorria du ardatz. Hala ere, herriaren ondarea, musika, geologia eta mistikotasuna ere badira haren zutabeak. Bertan zabaldu dute Ereñoko museoa. Eta Artea eta Natura Ereño Behatokia izeneko obra artistikoaren interpretazio zentroa da.

Joan den maiatzean ireki zituen ateak museoak, Rober Garai eta Alber Palomera artisten eskutik. Eraikina Ereñoko Udalarena da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin ondu dute proiektua.

Garai museografia eta eszenografia zaletua da, eta ibilbide luzea egin du ilustrazioaren, komikien eta irudi grafikoen alorrean. Horrez gain, land art edo ingurumen artea ere oso gustuko du, eta hainbat esku hartze egin ditu natur eremuetan. Ildo horri jarraituta, Alber Palomera margolari eta Arte Ederretako irakaslearekin batera Artea eta Natura Ereño Behatokia sortu zuen, 2017an. Garandape harrobian osatu zuten behatokiaren proiektu haren barruan edo haren luzapen gisa osatu dute orain museoa.

Sormen materialak, eskura

Harrobian sortutako instalazioa egiteko artistek erabili zituzten materialak, agiriak eta erremintak aurkituko ditu bisitariak museoan. Elementu horiek guztiak ez daude bitrinetan sartuta, gainera. Izan ere, museoaren sustatzaileen helburua da hara doazenek bertako elementuak ukitu eta sentitzeko aukera izan dezaten, betiere kalterik eragin gabe.

Marmola, herria bera eta haren ondarea ardatz dituen museoa da Ereñokoa. Eta marmol gorri haitz bat jarri dute bistan. Leku esanguratsua du material horrek. Izan ere, erromatarren garaiaz geroztik ustiatu duten harrobitik ateratzen zuten haitz gorri hori mundu zabaleko eraikin ezagunetan aurki daiteke. Besteak beste, New York, Argentina edota Vatikanoko eraikinetan topa daiteke; baita Bilboko Arriaga antzokian eta Gautegiz-Arteagako gazteluan ere.

Gezurra badirudi ere, harrobi hura itsaso azpian zegoen duela 150 milioi urte. Beraz, haitz horiek koral, molusku eta itsas organismoz osatuta daude. Dena den, kolore gorria sedimentuak zikintzen zituen burdin oxido batek eman zien. Itsasoak lurrok hartzen zituen garai hartarako bisita proposatzen du harrobiko instalazioak.

Museoa bera guneetan banatuta dago. Gune horietako batean Ereñoko historia eta etnografia landu dituzte. Herriko Amaia Aldamizetxebarriak utzitako familia argazkiei esker osatu dute bilduma. Herriaren eta herritarren egunerokotasuna islatzen dute irudiok, eta langileak harrobian lanean ere erakusten dituzte.

EREÑO MUSEOAREN AURKEZPENA

Omenaldia Kepa Junkerari

Beste gune “berezi” bat gorde dute Kepa Junkerarentzat eta haren musikarentzat. Artistek azaldu dutenez, euren “inspirazio iturri nagusietako bat izan da beti”, eta omenaldi bat egin diote. Musikariari buruzko informazioa jaso dute bertan. Museoaren aurkezpen egunean haren doinuek busti zuten garaiaren barrualdea. Bi artistek eurek arrezifez egindako txalapartaren ondoan parez pare kokatuta, erritmoa eman zioten Junkeraren Bihar arte kantari.

Hirugarren guneak kutsu espirituala dauka. Bertan, minerala eta mistikotasuna lotzen dituen otoitz gune bat sortu dute. Belauniko jartzeko aulki bat ere egokitu dute. Azkenik, irakurtzeko txoko batekin bukatuko du bisita bisitariak. Proiektu osoan erabilitako bibliografia edonoren esku jartzeko asmoz egokitu dute irakurtzeko gunea.

Izan ere, bisita norberak bere kabuz egiteko pentsatuta dago. Ikus-entzunezko azalpenak aurkituko ditu bisitariak bidean, eta, garaiaren barruko elementuak aztertuta, Ereñoko historian murgilduko da.