Krisiak indarberritutakoak

Krisiak indarberritutakoak

Amaia Igartua Aristondo

Maskulinitate “krisi” bat dago, gizonezkoei sentipen “negatiboak” eragiten dizkiona: feminismoarekin lotura duten horiei, badakitelako arazo bat dutela; besteei, berdintasun lege eta ekimenek errezeloa pizten dietelako. Ondorio hori atera du Ritxar Bacete antropologoak zuzendutako taldeak Maskulinitateak eta berdintasuna Bizkaian ikerketan. Joan den asteko ostegunean aurkeztu zuten emaitzak jasotzen dituen liburua, Bilbon, eta datu esanguratsu bat nabarmendu zuen Bacetek: “Bukaerako txostenean, beldurra da gehien agertzen den hitza”.

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak finantzatu du lana, eta Images genero berdintasunaren aldeko nazioarteko proiektuaren barruan egin dute ikerketa, Promundo eta Center For Research on Women erakundeek sustatutakoa.

Metodologia kualitatiboa erabili dute, eta 128 lagunek parte hartu dute guztira, bi fasetan. Lehenengoan, ispilu motako elkarrizketa sakonak egin zizkieten 33 laguni —22 gizoni eta 11 emakumeri—. Berdintasuna nolabait landutako pertsonak hautatu zituzten, askotariko jatorri, ideologia, sexu orientazio, kultura eta adinetakoak; horien artean, sei politikari. Bigarrenean, eztabaida taldeak antolatu zituzten: 95 pertsona bildu ziren denera —58 gizon eta 37 emakume—. Eztabaidetarako ere ezaugarri aniztasuna bilatu zuten, baina, kasu horretan, ez zuten zertan feminismoarekin loturarik izan. Areago, eremu “oso maskulinizatuetara” jo zuten: hala nola ertzainek eta suhiltzaileek parte hartu zuten foro horietan.

Balioez, kezkez, eta feminismoaren, zaintza lanen eta emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko jokabideaz itaundu zieten parte hartzaileei, besteak beste, eta jarrera berdinzaleak hauspotu eta oztopatu ditzaketen aldagaiak identifikatu dituzte erantzunetatik abiatuta. Feminismoa izan dute irizpide ekinbidean, eta hura aipatzen dute ikerlariek ondorioetan ere: “Gizon askorentzat, mugimendu feminista ezagutzea lagunen, bikotekidearen edo militantzia sozial eta politikoaren bidez funtsezkoa izan da ikasitako rolak eta pribilegioak zalantzan jartzeko”, argitalpenean adierazi dutenez.

PERTZEPZIOA

Baceteren esanetan, ikerketako gizon eta emakumeek ezberdin antzematen dute egoera, eta hala gertatu da “ia aldagai guztietan”. Esaterako, andreek uste dute berdintasunaren aldeko gizonen kopurua “%2koa edo %3koa” baino ez dela; gizonei, berriz, iruditzen zaie euretako erdiak direla berdinzaleak. Zaintza lanei dagokienez ere, gizonek uste baino behar gutxiago hartzen dute beren gain. Halaber, gizonen artean ezberdintasunak antzeman dituzte ikerlariek: lehen taldekoek, “ideologizatuek”, badakite “arazo bat” dutela; desberdintasunak daude berdintasunean hezi direnen eta ez direnen diskurtsoen artean; lehenengoek gehiago bat egiten dute emakumeek esandakoekin.

AITATASUNA

Baceteren arabera, berdintasunaren alde agertzea ez ezik, helburutzat hartu behar da gizonek hori erdiesteko ekintzak egitea ere. Alde horretatik, ikerketan ondorioztatu dute aitatasuna badela “aukera” bat aldaketa “sakonagoak, errealagoak eta iraunkorragoak” lortzeko. Bat etorri dira horretan gizonak eta emakumeak. “Oinarri emozionaleko aldaketa bat denez, gizonaren identitate indibidualean eragin handiagoa du eremu ideologikoko aldaketek baino”, Bacetek ondorioztatu duenez.

KUADRILLA

Berdintasunarekiko atxikimendua duten gizon batzuek bestelako jarrera izaten dute gizonek osatutako lagun taldeetan, eta joera hori bereziki nabarmentzen da Whatsapp taldeetan, Bacetek azaldu duenez: “Gune horietan, gizon batzuek erresistentziak elikatu eta garatu ditzakete berdintasunari dagokionez”. Eremuok ahotan izan dituzte ikerketako gizon askok, eta aipatu dute, orobat, ez dietela aurre egiten lagunen ateraldi matxistei, baztertuko dituzten beldur direlako; kuadrillarekin daudenean ere antzera jokatzen dutela aitortu dute. Ikerlariek berdinzaletasuna oztopatzen duten elementutzat jo dituzte talde horiek.

GAZTEAK

Maskulinitateez aritzean, gazteei erreparatu beharra azpimarratu du Bacetek, horien artean “neomatxismoa” agertzen ari baita, ikertzailearen ustez. “Sare sozialetan, berdintasunaren kontrako diskurtsoa garatzen ari dira eragile sozial eta politiko batzuk, baita ezagutza ere, nahiz eta oinarri enpirikorik ez izan”. Hala, eskuin muturreko diskurtsoek talka egiten dute berdinzaletasunarekin.

LANA

Zaintza lanak banatzearen garrantziaz mintzatu da Bacete, eta Imageseko beste ikerketa batzuetan ikusitakoaz oroitu da. “Harreman zuzena dago: gizonak zenbat eta gehiago inplikatu zaintzan, orduan eta txikiagoa da emaztearen eta haurren kontra erabiltzen duten indarkeria”. Andreen lan merkaturako jauzia positibotzat jo dute ikerlariek, orobat, eta uste dute emakumeak gizonak baino gehiago irabazteak ere horien jarrera hobetu dezakeela. “Zalantzan jarri da baliabideen hornitzaile bakarra gizona izateko beharra, zeina maskulinitate hegemonikoaren oinarri nagusietako bat baita”.