Juan Luis, Roman eta Manu, egia jakiteko garaia da

Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan milaka giza eskubideren urraketak gertatu dira, eta egia, aitortza, justizia eta erreparazioa zor diegu, salbuespenik gabe. Honetaz guztiaz, tamalez, zerbait badakigu Busturian. Izan ere, Juan Luis Lekuona eta Manu Urionabarrenetxea hil zituztenetik 38 eta 33 urte bete dira, eta oraindik beraien heriotzen inguruan emandako bertsio ofizialak bizirik dirau.

1984ko ekainaren 15ean Intxaurrondoko kuarteleko guardia zibilek Hernanin hil zituzten Agustin Arregi eta Juan Luis Lekuona. Bertsio ofizialaren arabera, Guardia Zibila haiek zeuden etxebizitzara sartzean, etxeko gela batean ezkutatuta zeuden erasotzaileak berehala tiroka hasi zitzaizkien, eta horrexegatik Guardia Zibila buru-belarri aritu zen erasotzaileak menderatu ahal izateko. Egia esan, aurrez aurre zegoen eraikinean kokatutako frankotiratzaileak tiroka ordu luzez aritu ostean, dena bukatu zen Mekar granada bat gelaren barrura bota zutenean, izugarrizko leherketa sortuz. Suteak dena suntsitu zuen; baita haien heriotzaren inguruko probak ere.

Hernaniko eta Busturiko udal taldeek eta hainbat sindikatu eta alderdik Gobernu Zibilak emandako bertsioa zalantzan jarri, eta gertatutakoa argitzeko ikerketa sakon bat eskatu zuten.

Heriotza haiek gertatu ziren egunean bertan, Miarritzen, beste busturiar batek estatu terrorismoaren bortxa pairatu zuen. GALek bonba-moto bat leherrarazi zuen Roman Orbe eta Tomas Perezen aurka. Ospitalera eraman zituzten, oso egoera kritikoan. Romanek, zorionez, pairatutako zauri larriak gainditzea lortu zuen, baina, tamalez, Tomas aste batzuk geroago hil zen.

1989ko irailaren 17an, berriz, Intxaurrondoko kuarteleko guardia zibilek Manu Urionabarrenetxea eta Juan Maria Oiarbide tiroz hil zituzten Irunen, autobideko ordainlekuan. Gertatutakoaren inguruko bertsio ofizialak operazio haren emaitza legitimatzen zuen. Haren arabera, guardia zibilek kamioia geldiarazi zutenean, ibilgailuaren barrualdetik granada bat jaurti zieten.

Hartatik bizirik ateratakoen bertsioa oso bestelakoa da, ordea: irailaren 17an, 19:00 inguruan, Guardia Zibilaren dispositibo handi bat hedatzen hasi zen ordainlekuan, Irungo herrian bertan, balen aurkako txalekoak jantzita eta arma luzeak eskuan. 22:00 aldera, bidesariko langileak lurrera bota ostean, kamioiaren gainera igo ziren guardia zibil batzuk, haren kargaren kontra tirokatzen hasteko. Tiroketa luzeen ondoren norbait bizirik geratuz gero, eskuak gora atera zedila agindu zuten. Berehala, anbulantzia bat iritsi zen, baina ez zioten utzi hurbiltzen. Kazetariak iristen hasi ziren, baina debekatu egin zieten ikusitakoaren berri ematea. Guardia Zibilak bideoan grabatu zuen operazio osoa. Non dago material hori, ordea? Sekretu ofizialen legearen babesean.

Horrek ezinegona sortzen digu, eta pentsarazi kasu hauek argitzeko prozesu bat abiatzea inoiz baino beharrezkoagoa dela. Bizirik dauden lekuko horien kontakizuna aintzat hartu behar da; memoria bizia gara.

Hori dela eta, azken urteetan testigantzak hartzen aritu gara. Bi ordutik gorako bideo-elkarrizketa sorta bat osatu dugu. Bertan, gertatutakoaren egia agerian geratzen da. Zapatu honetan, Busturian Egiari Zor fundazioagaz batera egingo dugun ekitaldian eskuragarri egongo da.

Katu eta Manu Gogoan ekimenetik bestelako dinamika batzuk ere jarri ditugu martxan. Besteak beste, erakusketa bat jarriko dugu ikusgai ekainaren 20tik 30era bitartean Altamirako kultur etxean, garaiko hemeroteka eta proba materialekin. Bideo elkarrizketak ere bertan ikusi ahalko dira. Horrez gain, sinadura bilketa abiatu dugu gertatutakoaren egia osoa eta instituzioen inplikazioa eskatzeko.

Busturian azken hamarkada hauetan indarkeriaz bizitza galdu duten herritarren memoria ezin da ahanzturan utzi. Horrexegatik, zapatu honetan zita bat duzu egiarekin Altamirako plazan, 12:00etan. Guk, gure aldetik, ez dugu etsiko memoria gordetzeko lanean, gertatutakoaren egia osoa eta erreparazioa lortu arte.