Hegaldi-egoeran

Ekaitz Herrera Azkarraga

Badira jendez inguratuta egon arren bakarrik sentitzen zaren egunak. Plan ugari egin arren barrenak ezer ez egitea eskatzen dizun egunak. Paso egiteko gogoa duzu. Etzatekoa. Agendan apuntaturiko planei intsumisioa egin eta gauzak etorri ahala inprobisatzekoa. Zelan esan. Zure esku balego, garuna telefono mugikorra legez tratatuko zenuke. Hegaldi-egoeran ipiniko zenuke, gero, barneko marmar batean honakoa ahapeka esateko: “Pasa dadila denbora eta fuera guztia. Ahal dudanean bueltatuko naiz errealitatera, ahal dela indarberrituta”. Ez al zaizue horrelakorik sekula gertatu? Bada, egunotan antzeko samar nabil. Hegaldi-egoera moduko batean. Inguratzen nauten ospakizun, kontzertu eta bazkariekiko agnostiko. Kontsumitzen ditudan informazioekiko ateo. Zail zaidalako molde zaharreko jainko, erlijio eta enparauak irensten. Baina hori bezain gaitz zaidalako mundu berri honetan jainkotu diren joera batzuk sinesten. Auto elektriko ahalguztidunak salbatuko gaituen biblia hori, adibidez. Edo osasun sisteman “kultura aldaketa” behar den sermoia. Baina, zaude. Guztiarekin, e? Baita bazter guztietan programaturiko kultur agendak irentsi behar horrekin ere. Artista honen azken diskoa entzun behar horrekin. Irakurri beharreko liburuen zerrenda amaigabea bukatu behar horrekin. Guztiak sortzen dit duda, zalantza, apatia. Gainkarga mentala. Eta, bai. Beharbada, Alaine Agirrek Euskadi Irratian esan zuen bezala, “petatuta gaude”. Exijentziak eta autoexijentziak petatuta.

Zapatuan ospakizun txiki bat dut auzoan. Aurten 25 urte betetzen dira gure herriko ikastetxe nagusian Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaintzen hasi zirenetik. Gauza asko aldatu dira gure promozio urrun hartatik, baina beste batzuek bere horretan diraute. Umeek eta gazteek, adibidez. Lehen bezala segitzen dute: orain futbola, orain pilota, orain igeriketa, orain ingelesa, orain pianoa, orain errugbia, orain klase partikularrak, orain iseka bat, orain bullying, orain Instagram, orain modako jantzia, orain aparatua ahoan, orain El Hormiguero, orain late show bat, orain lotara. Zelan esan. Petatuta daude. Exijentziak eta autoexijentziak petatuta. Bizimodu petatuak dituzten gurasoen eta irakasleen aginduak betetzen petatuta. Cesar Manzanos Bilbao soziologoaren aforismo batek dio hezkuntza haurtzaroa birrintzeko artea dela. Hau da, umeak guztia jakinda jaiotzen direla, eta hezkuntza gizartearentzat ona eta txarra zer den erakusten oinarritzen dela.

Nork daki. Beharbada petatze hori haurtzarotik landu behar den zerbait da. Umeei eta nerabeei tarteka hegaldi-egoeran egoteko eskubidea dutela azaldu beharko zaie, akaso. Eta kasu!: ez naiz horrenbeste maite dituzten telefonoak hegaldi-egoeran ipintzeaz ari. Bizimodu petatuak ditugunongandik deskonektatzeaz ari naiz. Guganako hegaldi-egoeran ipintzeaz.