Distira berreskuratuko du hiriak

Distira berreskuratuko du hiriak

Olatz Enzunza Mallona

Klasiko bihurtu da Gau Zuria Bilbon. Hiribilduaren urtebetetzea ospatzeko —eguaztenean izan da—, argiz janzten dira Bizkaiko hiriburuko kaleak, plazak, museoak eta elizak. Eta, aurten, beste behin, argia eta mugimendua izango ditu ardatz urtebetetze festak. Pandemia garaiko murrizketak alde batera utzita, ohiko formatua izango du jaialdiak: 19:30ean emango diete hasiera ekitaldiei, eta 00:30era bitarte iraungo dute. Guztira, 28 ikuskizun emango dituzte gaur eta bihar artean, doan.

Bilbok 722 urte bete ditu aurten, eta hori da jaialdiaren bidez gogora ekarri nahi dutena. Diego Lopez Harokoa Bizkaiko jaunak 1300eko ekainaren 15ean sinatu zuen Bilbo hiribildu bihurtzeko gutuna, eta hiriak urtero ospatzen du urteurren berezi hori: argiek janzten dituzte hiriko eraikinik ospetsuenak, eta kaleak ekitaldiz betetzen dira. Azken finean, Bilboz gozatzea da helburu nagusia, Begoña Escribano Gau Zuria jaialdiaren zuzendariaren esanetan: “Urteurrena gogo, ilusio eta emozio handiz bizi dugu, eta bilbotar guztiek hiriaz gozatzeko aukera izatea nahi dugu”.

Gaur arratsaldean emango diete hasiera ekitaldiei. Aurreko aldiekin alderatuta, aurreratu egin dute ekitaldien hasiera ordua, baina asmo jakin batekin egin dute aldaketa, Escribanok esan duenez: “Gau Zuriaren ordutegia aurreratu dugu; hala, familia osoak izango du ekitaldi berezi horiez gozatzeko aukera, txikienetatik hasi eta adinez nagusi diren horietaraino”.

Zehazki, 26 lekutan gogoratuko dute hiribilduaren urteurrena. Besteak beste, Arriaga plazan, Areatzako pasealekuan, Gas plazan, Deustuko zubian, Euskalduna jauregian eta Itsasmuseumen. Askotarikoak izango dira programaturiko ikuskizunak, eta ekitaldi horietako bi, gainera, ibiltariak izango dira: hiriko hainbat txokotatik bueltaka ibiliko dira.

Bi eguneko jaialdiaren ondoren, etzi amaituko dira Bilboren urteurrena gogoratzeko ekitaldiak: 10:30ean, Diego Lopez Harokoari lore eskaintza herritarra egingo diote Plaza Biribileko monumentuan. Ondoren, erromeria egingo dute.

Bilboko-Gau-Zuriak

Antolatzaileen hitzetan, programazio “zabala, interesgarria, doakoa eta irisgarria” prestatu dute Bilboko Gau Zuriaren aurtengo aldirako. Hauek dira proposamen horietako batzuk:

GIZAKUNDE ELIZA

Bóvedas celestes instalazio digital sortzailea egongo da Gizakunde Elizan. Miguel Chevalierrek diseinatu du, eta elizako gangen gainean proiektatuko dute. Alegiazko zeru bat irudikatuko dute instalazio sortzailearen bitartez, eta publikoak kolorez betetako sare bat ikusiko du. Ikuslea lekuz aldatzearekin batera, sare hori ere aldatuz joango da, eta, hala, etengabe berritzen ari den forma askotako unibertso bat sortuko da.

AREATZAKO PASEALEKUA

Bilbo betidanik izan da merkantziak trukatzeko eta garraiatzeko portua. Urte luzez, hainbat pertsona eta ideia aurrera eta atzera ibili dira leku berean, eta Bilboko Tomo Estudio kolektiboak horixe islatu nahi izan du BI // 722-345 proiektuaren bitartez. Bideo interaktibo bat da emaitza, eta hiria sortu zenetik gaur egun arte izan duen bilakaera demografikoa proiektatuko dute hartan.

ARRIAGA PLAZA

Arriaga plaza eguzki lorez beteko da Gau Zurian. Tamaina ugaritako 69 eguzki lore jarriko dituzte Arriaga antzokiaren parean, eta argia eta kolorea emango diote guneari.

CAMPO VOLANTIN PASEALEKUA

Zirkuko mailua ekitaldiaren bitartez, mailu bihurtuko da Albia eraikinaren fatxada. Itsasadarraren beste aldean egongo da mailua kolpatzeko gailua, Campo Volantin pasealekuan, eta, esku hartze interaktibo baten bitartez, jendeak parte hartzeko aukera izango du; proiekzio baten laguntzaz jasoko dute pisua bertaratutakoek.

ABANDOIBARREKO LORATEGIA

Abandoibarreko Abandoko Errepublika parkea marigorringoz beteko da datozen egunetan. Etxeko txikienek gozatzeko ikuskizuna izango da.

CASILDA ITURRIZAR PARKEA

Casilda Iturrizar parkea da aurtengo kokaleku nagusietako bat. Luz de salón ikuskizunaren bitartez, parke osoa argituko du zortzi metroko altuera eta diametroa daukan lanpara handi batek. Horrez gainera, Un resplandor geométrico lana ere ikusi ahal izango da. Geometriaren eta naturaren arteko harremana islatuko du elementu horrek, eta ikuslearen pertzepzioan eragitea izango da helburu nagusia.

GAS PLAZA

Zentzumen guztiak martxan jarriko dira Olorama ikuskizunaren bitartez. Esperimentatzea da asmo nagusia, eta ikuslea usaimenezko paisaia batean murgilduko da. Denbora ulertzeko moduari buruzko hainbat usain, memoria eta sentsazio nahastuko dira ikuskizun bakarrean.

ZABALGUNE PLAZA

Iluntasunean argitzen diren koloretako balizak jarriko dituzte Zabalgune plazan, El Barabil ikuskizunean. Hitz egitea, geldialdi bat egitea, behatzea edota hausnartzea izango dira, besteak beste, ikuskizunaren xedeak.

BIZKAIA ARETOA

Bi kontu ikusi ahal izango dira Bizkaia Aretoan. Bata, Axular aretoan egongo da ikusgai, eta bestea, berriz, Etxepare aretoan. Gorriz margotutako zuhaitz bat izango da Alteración obraren ardatz, eta zuhaitz hori bihotzaren taupaden erritmoan argituko da. Labeko atea obrak, berriz, ahaztutako mundu batera eramango du ikuslea. Zentzumenen bidezko bidaia bat izango da, eta garai batean Euskal Herrian zeresana izan zuten sutegietako langileei omenaldia egin nahi diete lan horrekin.

ITSASMUSEUM

Julio Verneren eleberrian bezala, munduko itsaso eta ozeano sakonetako misterioak argitzeko aukera emango du Veinte mil leguas ikuskizunak. Argiz betetako instalazio interaktibo bat izango da, eta parte hartzaileek hartan murgiltzeko aukera izango dute.

ARTE EDERREN MUSEOA

Hainbat tamainatako 120 loretik gora jarriko dituzte Arte Ederren Museoko sarreran. Egunez, paperezko loreak dirudite, moztu eta tolestu daitezkeenak. Gauez, ordea, atmosfera eraldatu egiten da, eta lore guztiak kolore biziz argiztatzen dira. Horrez gainera, Bilboko Arte Ederren museoko erakusketak bisitatzeko aukera egongo da, 22:00etatik 00:00ra: Ibarrola. Guernica; Ibilbideak bilduma; Arrue anaiak Parisen; Arnasa, 2020; Agerikoaren eta ikusezinaren artean. Azterketa, kontserbazioa eta zaharberritzea museoan; eta Milton Glaserren Kartelak.

AZKUNA ZENTROA

Azkuna zentroak ere ateak zabalduko ditu Gau Zurian, 20:00etatik 00:00ra. Honako erakusketak ikusteko aukera izango dute bisitariek: Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa; Arkitektura goiztiarrak; Memoria de forma; eta Scientia.

PROPOSAMEN IBILTARIAK

Aurten, lehenengoz, bi proposamen ibiltari egongo dira Gau Zurian. Kolorezko jendea, batetik: koloretako izakiek giza irudiaren ustezko askatasuna goraipatuko dute; pertsona bakoitza kolore bat izango da, eta horietako bakoitzak bizitzeko molde jakin bat islatuko du. Eta, bestetik, Trance entre calles: Elements konpainiako dantzariek dantza urbanoz beteko dituzte Bilboko kale eta plazak.