16 urtetik gorako bizkaitar guztien %2, Gurutze Gorrian

Javi West Larrañaga

Urte “arraroa” izan zen iazkoa Bizkaiko Gurutze Gorriarentzat, Victor Gutierrez presidentearen arabera. “Uste genuen normaltasun berria izango genuela txertoei esker, baina ikusi genuen normaltasun hori ez zela hain normala izan”. Urteko balantzea egin zuten pasa den astean Bilbon, eta 2021eko emaitzei buruzko xehetasunak eman zituzten. Guillermo Vazquez de Pablo Bizkaiko koordinatzailearen berbetan, Bizkaiko Gurutze Gorriaren boluntario kopurua “harro” egoteko arrazoia da. Zehaztu dutenez, 2.648 boluntario aktibo dauzkate, maiztasun egonkor batekin parte hartzen dutenak, eta 9.822 noizbehinka egiten dutenak. Denak kontuan hartuta, kalkulatu dute Bizkaiko 16 urtetik gorako biztanleen %1,99 direla elkartearen boluntario. 2021ean 109.674 ordu egin zituzten boluntarioek osotara.

Guztira, 24.697 pertsona artatu zituen Bizkaiko Gurutze Gorriak, iaz. Ia %60 emakumezkoak ziren; horietatik %57, Bizkaitik kanpo jaiotakoak. Artatutako emakume guztietatik %77k 24 eta 54 urte artean zeuzkaten, eta seme-alabak ardurapean. “Hori da zaurgarritasunaren aurpegia”, azaldu du Vazquezek. 14.606 emakumeri eman diete laguntza osotara. Batzuei lanbide planetan parte hartzen lagundu diete, beste batzuei asilo eskaera egiten. Asko —5.465— muturreko zaurgarritasun egoeran bizi ziren.

Pandemiak “erronka berriak” eman zizkiela adierazi du Gutierrezek. “Arrasto ikusgarriak eta ikusezinak utzi zituen, eta arrakalak zabaldu; batez ere, osasungintzan, gizartean, ekonomian eta hezkuntza eremuan”. Azaldu duenez, Gurutze Gorriak arreta ipini behar izan zuen bakardadean, gizarte bakartzean, ongizate emozionalean, enplegu galeran eta “pertsona askoren bazterketa digitalean”.

Gurutze Gorriak Entzuten Zaitu programa abiarazi zuten horietako arazoei aurre egiteko. 73 pertsonak erabili zuten telefono zerbitzua, eta, Vazquezen arabera, hasieran pandemiaren ondorio psikologikoak arintzeko bazen ere, hainbat pertsona artatu zituzten bakardadeari aurre egiten laguntzeko.

Boluntarioak sarean

Boluntarioen adina batez beste 43 urtekoa den arren, arduradunek zenbakia esplikatu dute. Arloaren arabera asko aldatzen da boluntarioen profila. “Erakundeari fidelak diren pertsona heldu asko” dauzkatela adierazi du Vazquezek, “oso maiz” parte hartzen dutenak. Gazteek, ordea, boluntario lana beste modu batera ulertzen dutela esan du: “Moldatu egin behar izan genuen boluntario lan egiteko modua egungo gizartera, nahi zuen jendeak aukera izan zezan solidario izateko gure erakundearekin”. Horregatik abiatu zituzten beste proiektu batzuk, eta boluntario gazteek online lagun dezakete hala nahiz gero. Umeei etxeko lanak egiten laguntzen diete batzuek, adibidez.