Indarkeria matxistari aurrea hartzeko, hezi

Indarkeria matxistari aurrea hartzeko, hezi

N. S. O.

Indarkeria matxista prebenitzeko heziketa nahitaezkoa dela jabetuta, Clara Campoamor elkarteak ikastetxeetan lantzeko programak ondu zituen duela hamabost urte baino gehiago. “Hezkuntza komunitatean sentsibilizazioaren eta esku hartzearen bitartez genero indarkeria prebenitzea” dute helburu programok, eta Bizkaiko hainbat ikastetxetan ari dira lantzen. Hala azaldu du Izaskun Gutierrez elkarteko gizarte hezitzaileak eta Berdintasunean hezi genero indarkeria prebenitzeko Barakaldoko eskola programaren arduradunetako batek. “Indarkeria sexistaren inguruko isiltasuna hautsi eta horren aurkako erantzun soziala” bideratzeko asmoa dutela azaldu du Gutierrezek.

Barakaldon lantzen ari diren programa bi jardueratan sailkatuta dago: batetik, indarkeriazko jarrerak eragozteko berdintasunean hezteko tailerrak lantzen dituzte lehen hezkuntzako ikasleekin; bestetik, indarkeria matxistaren prebentzioari buruzko mintegiak jorratzen dituzte bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta lanbide heziketako ikasleekin.

Barakaldon 2016an abiarazi zuten programa, eta 8 urtetik gorako ikasleekaz jorratzen dute. “Saioetan genero berdintasunari eta indarkeriaren prebentzioari buruzko hainbat alor lantzen ditugu; besteak beste, estereotipoak eta genero rolak, genero identitatea, sozializazioa, erantzukidetasuna, berdinen arteko indarkeria, emakumeen aurkako indarkeria eta gatazken konponketa”, esan du Gutierrezek.

Teoria eta praktika saioak uztartzen dituzte. “Oso garrantzitsua da ikasle orok aurretik dituen ideiak eta iritziak adieraztea, eta saiatzen gara ikasleek besteen iritziak, interesak eta jarrerak epaitu ez ditzaten”. Clara Campoamor elkartekoek ondorioztatu dutenez, “oso goizetik, denok daukagu genero sozializazioa. Beraz, denok dauzkagu barneratuta genero desberdintasuna betikotzen duten estereotipoak eta rolak, ia-ia jaiotzen garenetik”.

Etxeko heziketa

Ikasleei etxeko heziketa berehala nabari zaiela azaldu du Gutierrezek. “Noski, denek dakarte etxetik jasotakoaren zati handi bat. Tailerren bidez, beste errealitate batzuk ezagutarazten saiatzen gara, izateko, sentitzeko eta komunikatzeko beste modu batzuk. Besteenganako errespetua irakatsi nahi diegu”.

Kezkatuta gaude teknologia berriek haurrengan duten eraginarekin: “Zer-nola borrokatu eragin horren kontra? Ikaragarria da. Gehienetan, sexuarekin duten lehen harremana pornografiaren bidez izaten da, 11 urterekin. Teknologia berriak beste eragile sozializatzaile bat dira, gizon eta emakume nola izan ikasten dute horien bidez, eta, gainera, helduen filtroetatik ihes egiten dute. Aliatu gisa erabili behar ditugu”, ondorioztatu du.