Bilbo Artek bigarren egoitza izango du 2023an, Abandoibarran

Bilbo Artek bigarren egoitza izango du 2023an, Abandoibarran

Amaia Igartua Aristondo

“Gaur egun, Bilbon, handitzearekin daude lotuta kultura eta artea”. Abian dira dagoeneko hiribilduko Arte Ederren Museoa eta Euskal Museoa handitzeko obrak, eta ezinbestean ekarri ditu horiek hizpidera Juan Mari Aburto alkateak, zerrenda horri beste bat gehituko zaiola iragartzean: Bilbo Arte fundazioak Urazurrutia kalean duen egoitza “txiki” geratu dela eta, bigarrena izango du Abandoibarran, Uribitarte kaian. 650 metro koadroko lokal batean kokatuko dute kimua, eta erakustoki eta gordailu modura erabiliko da. 2023ko azaroan zabaltzeko asmoa dute, Bilbo Arteren 25. urteurrenean. Oraingo egoitza berrantolatu egingo dute. Gutxi gorabehera, 580 mila euroko inbertsioa aurreikusi dute, guztira.

Joan den barikuan eman zuten hurrengo hilabeteetako plan estrategikoaren berri, Bilboko udaletxean egindako prentsaurreko batean. Beste nobedade batzuk ere aurkeztu zituzten, baina hedapenaz mintzatu ziren zabalen. Aburtoren hitzetan, egoitza berriari esker “herritarrekin harremana zuzenagoa izango da, eta zentroko funtsak ikusgaiagoak egingo dira”. Aspalditik zuten hedatzeko gogoa, eta orain egingo dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren Herriak Egiten funtsari esker.

Bilbo Arteko zuzendari Javier Riañok bat egin du alkatearen hitzekin. “Areto askoz erakargarriagoa da geure burua saltzeko”. Bekadunek ondutako piezek osatzen dute fundazioaren bilduma, bostehun lanek baino gehiagok, eta datorren urtetik aurrera Uribitarten gorde eta erakutsiko dituzte. Hau da, leku “estrategikoago” batean, Aburtoren hitzetan. Bilbo Zaharrean dago kokatuta oraingo egoitza, eta Guggenheim museoa izango du parean bigarrenak, eta Arte Ederrena, gertu.

Hasi dira lanean, eta, ondo bidean, toki berriaren kudeaketak eta doikuntzak hamar bat hilabete iraungo dute, zuzendariaren arabera. Datorren urteko erdialdean, bilduma Uribitartera lekualdatzeko asmoa dute, eta, epeak beteko balira, urte bereko azaroan inauguratuko lukete egoitza, Bilbo Artetik igaro diren artisten lanen aukeraketa batekin; urte bakoitzeko, artista bat.

Eraikin zaharraren erabilera

Etengabe garatuz joan da Bilbo Arte bere 24 urteko ibilbidean, eta hainbat berrikuntza izan ditu; esaterako, estudioak hobeto hornituta daude orain, esperientzia handiko maisuak dira ikastaroetakoak, eta, duela sei urtetik, lantegi digital bat ere badu. Lehen egoitzak mantendu egingo ditu zerbitzu horiek; berrantolatu egingo dute, kudeaketa “eraginkorragoa” izan dadin, zuzendariaren arabera. Administrazioa egun bigarren solairuan dago, eta beheko solairura igaroko da; lehen eta bigarren solairuak artistentzat izango dira, eta hirugarrenak hartuko ditu lantegiak. “Aukera emango digu estudioak artistei irekitzeko asteburuetan edo opor garaietan. Orain arte ezin izan dugu egin”.

Proiektuz lepo dago Bilbo Arte. Bigarren egoitza aprobetxatuta, antzeko nazioarteko erakundeekin artisten trukea egitea sustatuko dute —Italiako eta Frantziako batzuekin ari dira harremanetan dagoeneko—, eta nazioarteko arte azoketan egoten ahaleginduko dira. Halaber, “aholkularitza” funtzioekin jarraituko dute, Riañok dioenez. “Urtean bi mintegi ditugu aurreikusita, kontu fiskal eta juridikoak esplikatzeko lan mundura sartzeko zailtasunak dituzten artista gazteei”.

Datuak

580: zenbateko inbertsioa, mila eurotan. Bilbo Arteren bigarren egoitzarako, lehengoaren berregituraketarako, bilduma lekualdatzeko eta plan estrategiko berriko bestelako lanetarako 580 mila euro beharko direla aurreikusi dute.

764: Bilbo Arteren bekak 24 urteetan. Sortu zenetik, 1998an, 764 beka eman ditu Bilbo Artek. Datu “nabarmengarria” iruditzen zaio Javier Riaño zuzendariari, duten azpiegiturari, aurrekontuari eta langile kopuruari erreparatuta.

500: Bilbo Arteren funtseko piezak. Bilbo Arten bekadun izandako artisten artelanek osatzen dute fundazioaren bilduma. Gutxi gorabehera, bostehun lan baino gehiago dituzte, eta kopurua «etengabe handitzen» ari da, zuzendariaren arabera.