Soldatapeko botikariak, soldata igo eta orduak gutxitzeko eskatzen

Soldatapeko botikariak, soldata igo eta orduak gutxitzeko eskatzen

Ibai Maruri Bilbao

Joan den martitzenean Bizkaiko farmazietako ugazabak ibili ziren haien bezeroak artatzen, eta hala izango da datorren martitzenean ere: 1983tik, lehen greba eguna izan dute herrialdeko 1.600 soldatapeko botikariek, eta bigarrena egingo dute ekainaren 7an. Izan ere, Afrassebi elkarteak, Bizkaiko Botikari Laguntzaileen eta Langileen Elkarteak eta CCOO eta UGT sindikatuek lana uzteko deia egin diete. Gainera, ohartarazi dute protestak gogortzeko prest daudela, urte eta erdi luze daroatelako Profarbi patronalarekin lan itun berria adostu ezinik.

Sindikatuetako ordezkarien arabera, pandemiaren eraginez ugaritu egin dira soldatapeko botikariei eskatu dizkieten lanak, baina haien lan baldintzak ez dira hobetu. Besteak beste, soldatak igotzea, kobratzen dituzten plusak handitzea eta urtean lan egin beharreko orduak gutxitzea eskatzen diete ugazabei.

Ehunka soldatapeko botikari elkartu ziren Bilboko Kale Nagusian martitzen eguerdian eta iluntzean egin zituzten manifestazioetan. Afrassebiko idazkari nagusi Ricardo Blancok esan du “haserrea” nagusi dela sektorean: “Patronalak ez digu grebara jotzea beste irtenbiderik utzi. %2ko soldata igoera baino ez digute proposatu, eta hori, azken unean. Hasierako planteamendua soldatak zeudenean uztea izan zen. Askotan, ezer prestatu gabe agertu izan dira bileretara”.

Farmazian lizentziaduna den batek 1.500 euroko soldata gordina du oinarri hilean, grebara deitu duten sindikatuek emandako datuen arabera; botikari laguntzaileek gutxiago kobratzen dute. Kexatu dira arlo soziosanitarioko egutegi handienetakoa dutela: urtean 1.760 ordu. Azaldu dutenez, badira hamahiru orduko txandak egiten dituzten farmaziak, eta urteko egun guztietan irekita egoten direnak. “1990eko eta 2000ko hamarkadetan baino baldintza okerragoak ditugu”, salatu du Blancok.

Izurriaren gainkargak

Langileok guardiak egiten dituzte gauetan, asteburuetan eta jai egunetan. Salatu dute asteburu eta jai egunetako orduak astegunetakoak bezala kobratzen dituztela. Gauez lan egiteagatik orduko 82 zentimo gehiago kobratzen dute, eta sari hori handitzeko eskatu dute. Era berean, txandaka lan egiteak soldatan eragina izatea nahi dute, eta antzinatasun sari gehiago sortzea ere bai.

Blancok esan du pandemiak iraun duen urteotan arrisku handiak hartzeko eskatu zaiela: “Une oro lanean egon gara, testak egin dizkiegu positibo zirenei, botikak etxeetara eroaten hasi gara. Gure gaitasunaren %250 eman dugu urteotan. Orain haiei dagokie hori kontuan hartu eta lan itun duin bat eskaintzea. Gure eskaerei erantzuteko gai dira”.

Herrialde historikoan 439 farmazia daude; patronalaren esanetan, haietako batek ere ez du zarratu behar izan greba deialdiagatik. “Erantzun txikia” izan duela uste du, ez dutelako sektoreko sindikatu guztiek deitu.