Maria Ortega Zubiate
Durangaldea ermitaz josita dago”. Horrela uste du Ibon Murua Durangoko Alpino Tabira mendi taldeko kideak. Hori aitzakiatzat hartuta, mendi taldeak liburu bat kaleratu berri du, ermitaz ermita doazen bederatzi ibilbide jasotzen dituena: Ermitak bide, Durangaldean bizi. Ibilbideak hamar eta hogei kilometro artekoak dira, eta Muruak berak eta Ramon Castillok ondu dute liburua.
Hasieran, aldizkari txiki baten formatuan nahi zuten atera. Helburua, mendi taldean egiten dituzten ibilbideak jasotzea zen. “Liburuan ateratzen diren irteerak Alpinoko egutegian egin izan ditugu; urtero bat egiten genuen. Hortik sortu zen ideia horiek aldizkari txiki baten biltzekoa”, esan du Muruak. Ideia garatu orduko, ordea, izurria sartu zen tarteko, eta bi urteko etenaldia ekarri zuen; ez soilik aldizkariaren proiektuan, baita klubaren jardunean ere.
Hain zuzen, bi urteko geldialdiari “dinamismo” pixka bat emateko asmoz eboluzionatu zuen proiektuak aldizkari hutsetik liburu formara. “Azken bi urteetan kluba geldirik egon denez, pentsatu genuen jendeari zerbait eskaini nahi geniola. Inbertsio bat egitea erabaki genuen, eta liburu bat ateratzea; aldizkaria egin beharrean, zerbait osatuagoa nahi genuen”. Horrela, liburu batean bildu dituzte Durangaldeko bederatzi ibilbide, ermitak hasiera edo helmuga dituztenak, eta horrexek eman dio, hain justu, izenburua liburuari. Arrazoia logikoa dela dio Muruak: “Liburuari zentzu bat emateko dira ermitak. Durangaldean ibilbideak diseinatzeko orduan, ermitak aitzakia polita izan daitezke, lotura bat sor dezakete ibilaldi guztien artean. Auzo guztietan daude ermitak; ondorioz, auzorik auzo goaz liburuan Durangaldea ezagutuz. Aitzakia dira ermitak”.
Proiektu berezi moduan sortu zen, beraz; eta are kutsu bereziagoa eman nahi izan diote liburu formatuan argitaratuta. Izan ere, Durangoko Alpino Tirabirakoek asko zaindu dute liburuaren estiloa, eta horren adibide da idazkera ere. Bi hizkuntzatan atera dute, euskaraz eta gazteleraz, baina euskaraz, batuan idatzi beharrean, bizkaieraz idatzi dute. Erabaki horrek ere badu zergatia: liburua “berezi” egiteko dela dio Ibon Muruak. “Egia esan, liburuari beste ukitu berezi bat ematearren erabaki genuen bizkaieraz idaztea. Ez genuen mendiko ibilaldiak azaltzen zituen liburu sinple bat atera nahi; nahi genuen zerbait berezia izan dadila. Bizkaieraz ez daude horrenbeste liburu gaur egun; ez da horren ohikoa”.
Publiko guztientzat
Ermitak bide, Durangaldean bizi liburuak jasotzen dituen bederatzi ibilbideak, printzipioz, publiko guztientzat direla dio egileetako Muruak. “Nahiko erraz egiteko moduko ibilbideak dira, publiko guztientzat. Jaso ditugun ditugun bideak dira jendeak askotan paseatzeko erabiltzen dituenak: ez dugu ezer berririk asmatu”. Azaldu duenez, badaude pare bat ibilbide bidezidor “arraroetatik” joaten direnak, baina gutxiengoa dira: “Normalean, jende guztia ibiltzen den tokietan kokatuta daude”.
Liburua atera berria badute ere, dagoeneko nabaritu dute interesa jendearengan, eta bazkideak zein ez-bazkideak hasi dira aleak eskatzen. Muruak azaldu du ez dakiela hasierako gorakadagatik den edo herritarrengan benetako interesa dagoelako izango den, baina nabaritu du jendeak baduela gogoa liburuan ageri diren ibilbideak ezagutzeko: “Jendeak interesa erakutsi du; egon da mugimendurik, liburu dendaren batek ere eskatu digu bertan saltzeko. Ez dakit hasierako boom-a den, baina harrera txukuna izaten ari da”.
Liburua eskuragarri dago mendi klubeko lokalean eta Durangoko zenbait liburu dendatan.