Doinu esperimentaletan giltzapetuta

Doinu esperimentaletan giltzapetuta

Amaia Igartua Aristondo

“Baso handi batean ibiltzea bezala da, non milaka bide dauden. Hainbat bidetatik goaz, puntu batera ailegatzeko edo galtzeko; berdin zaigu”. Metafora horrekin laburbildu du Galdakaoko Kaiola jaialdiaren funtsa Aritza Landaluze antolatzaileak: ildo askotako eremu batez baliatu da aukera asko biltzen dituen ekinbide baten inguruan jarduteko, hain zuzen. Jazz musika du oinarri festibalak, baina esperimentaziorantz jotzen du, eta, horrenbestez, “askatasuna eta independentzia” ematen die bertan jotzen duten artista sonatuei, Landaluzek azpimarratu duenez.

Gaur eta bihar izango da Kaiolaren seigarren aldia, udalerriko Torrezabal kultur etxean, udalaren laguntzarekin. 2016an antolatu zuten estreinakoz, eta, dagoeneko, “errotuta” dago, Olaia Parra Kultura zinegotziaren irudiko. 20:00etan irekiko dituzte kultur etxeko ateak, eta ordu erdi bat geroago hasiko dira ikuskizunak, bakoitza 35-50 minutu artekoa. Egun bakoitzeko sarrerak hamabost euroan daude.

Betiko formatuari helduko diote aurten: iaz aretoko butakak mantendu zituzten osasun neurriak betetzeko, baina oraingoan festibal baten antz handiagoa izango du. Pandemia aurreko aldietan, jendeak zutik, jesarrita eta, are, etzanda entzuten zituen kontzertuak, eta aurten ere beste horrenbeste egin ahalko da.

Ohiko jaialdien moldetik aldentzea izan zuten jomuga Kaiola sortu zutenean, antolatzailearen hitzetan. “Zerbait ezberdina bilatzen genuen, ez izatea beste festibalen klon bat”. Irizpide berarekin taxutu dituzte hurrengo urteetako egitarauak, aurtengoa barne. “Soinu, testura eta musikari ezohikoak ekartzen ditugu, zerbait ezberdina sor dadin haien artean”.

Probatzeko abagune bat da festibala, hein batean; “zuzeneko ikastaro bat bezalakoa”, Landaluzeren arabera. Izan ere, nahiz eta artistetako asko euren diskoetan oinarritzen diren ikuskizuna ontzeko, inprobisazioak Kaiola zeharkatzen du alderik alde, eta, hori horrela, kontzertuen egiturak ez dira izaten inoiz aldez aurretik erabat zehaztutakoak, esploratzeko lizentzia ere hartzen baitute musikariek; areago, gerta liteke Galdakaon batera aritzea aurretik oholtzan bat egin ez duten profesionalak. “Elkarri begiratzen diote, eta pun!”. Berehala sortzen dira doinuak.

Aurten, erronka hori izango dute Leila Bordreuil txelo jotzaileak, Chris Corsano bateriak eta Luke Stewart kontrabaxu jotzaileak, gaur bertan. “Haien lana ezagutzen dut, eta badakit gutxi gorabehera zer egin dezaketen, baina ez dakit zehatz-mehatz zer egingo duten, ez dutelako inoiz batera jo”, adierazi du Landaluzek. “Nik uste hori dela Kaiolaren ibilbidearen motibazioa: misterioa”.

Baina badu Galdakaoko jaialdiak beste ezaugarri bat, jaialdi osoa blaitzen duena, eragiten duena bai haren edukian, bai forman. “Proiektu primitibo bat bezala ikusten dugu Kaiola, arbasoekin zerikusia duena”. Hori dela-eta egiten dituzte bideoak zuri-beltzean, eta irizpideak kartelaren diseinua ere baldintzatzen du. Aurten, Joseba Agirrezabalagak ondu du, esgrafiatu teknika erabilita: beltzez margotutako hondoan eskuz marratutako letrak paratu ditu.

Kaiola festibala

Esploratzeko proposamena

Aurtengo musikariak aletzean, harro agertu da Landaluze egitarauaren aniztasunaz. “Jaialdi askea da musika eta soinu esplorazioari dagokionez, ez dugu mugarik. Ez da proiektu itxi bat hizkuntzari, jatorriari edota bestelako kontuei erreparatuta”. Hainbat molde eta herrialde uztartzeko ahalegina egiten dute, eta, aurten, besteak beste, Libanoko, Australiako, Kanadako eta AEBetako artistak bilduko dituzte Torrezabaleko agertokian.

Oren Ambarchi eta Chrys Colek zabalduko dute jaialdia, gaur. Jarraian, Leila Bordreuil, Chris Corsano eta Luke Stewart musikariek joko dute. Ondoren, Marcia Bassett eta Samara Lubeski bikoteak hartuko du lekukoa, eta Mazen Kerbajen emanaldiarekin bukatuko da Kaiolako lehen eguna. Bihar, William Parkerrek eta Hamid Drakek ekingo diote festibalari, eta Francois J. Bonnet eta Stephen O’Malley igoko dira oholtzara ondoren. Chris Corsanok beste ikuskizun bat ere eskainiko du, Dennis Tyfusekin, eta Eyvind Kang eta Jessika Kenney artistekin itxiko dute aurtengo aldia.

Landaluzek azaldu duenez, artistetako asko nazioarteko biretan daude murgilduta orain. Parisen, Bruselan, Vienan, Genevan (Suitza) eta Oslon dauzkate programatuta kontzertuak, eta, tartean, Galdakaori egingo diote tokia. Horren esangurari erreparatu dio antolatzaileak. “Kaiolak aberastasuna ekartzen dio Galdakaori, baita Euskal Herri osoari ere”. Orobat, artistei eurei egiten die ekarpena, haren iritziz. “Jaialdia ezberdina dela transmititzen digu publikoak, prentsa espezializatuak, eta baita musikariek ere, harrituta geratzen baitira herri txiki honek egiten dien harrerarekin. Eskertu egiten dute 30.000 bizilagun inguruko herri batean egotearen lasaitasuna”.

Kaiolako parte hartzaileek arrastoa uzten dute, are hurrengo urteetako egitarauetan. Izan ere, aurten omenaldi izaera izango du emanaldietako batek. Chris Corsano eta Dennis Tifusek Ghedalia Tazartes musikaria oroituko dute bihar. Tazartesek 2019ko aldian jo zuen. “Kontzertua egin eta hurrengo egunean, galdetu nion ea noiz izango zuen hurrengoa, eta esan zidan hori izan zela azkena”. Landaluzek gogoan du ez ziola sinistu, baina arrazoia zuen hark: joan den urtean zendu zen, metastasi bihurtutako minbiziak jota, eta, hain zuzen, Torrezabalekoa izan zen bere azken ikuskizuna. Elkarrekin proiektu bat garatzen ari ziren Tazartes, Corsano eta Tyfus. “Txikitan, Tazartes ez zen aintzat hartua. Amak eta amonak ez ziotenez kasurik egiten, bere hizkuntza propioa asmatu zuen, uler ez zezaten. Asmatutako hizkuntza horretan kantatzen zuen”.

Chris Corsano eta Christine Abdelnour