Distantzia

Beti dago lehen aldi bat hanburgesa saltoki multinazional eta koipelustre batean bazkaltzeko. Burger-uger bat jan eta haren osteko burger-uzkerrak esperimentatzeko. Bada, mesedez, arren, otoi eta faborez: barkatu. Asteon denbora faltaren zurrunbiloak irentsi eta hanburgesa jatetxe multinazionalen artean errege ei den horretan egin dut guilty pleasure partikularra. Txahal hanburgesa mengela letxuga apur batekin, tipula eraztun gutxi batzuk eta auskalo nondik ateratako saltsa. Nire jarrerak kalabaza bat erdietsiko luke Basque Culinary Center fakultateko ebaluazioan. Seguru. Baina txarrena da egoera are eta kakingarriagoa bihurtu dela menutxo horri oilasko hegaltxoak, oilasko fingersak eta nuggetsak gehitu dizkiodanean. Zelan esan. Lehenagotik ere luma banuen, esango nuke hori guztia irentsi dudanetik luma gehiago dudala soinean.

Erretilu gainekoa zaborrontzira botatzerakoan pentsatu dut ea nola egiten duten. Zelan egiten duten Durangaldeko saltokietan zein luze-zabalean zapore berdineko patatak, saltsak, nuggetsak eta hanburgesak eskaintzeko. Zelan egiten duten eskaintzen dituzten menuek, leku geografiko guztietan, distantzia egundokoa izanda ere, zapore berdina izateko. Bai, badakit. Zero kilometroa delako horren antagonista izan naiz asteon. (Oharra: lerrootatik irainen bat bota gura badidazu, idatzi zure erdeinu dosia honako hutsune honetan: _________).

Eskerrak asteak gauza interesgarriagorik utzi digun. Eskerrak Amillanpe honetako gertakariek utzi digutela distantzia luzeak egiteari loturiko ikasgai osasungarriagorik. Alboan gobernuz kanpoko erakundeak emakume migratzaileei buruzko jardunaldiak egin ditu Durangon, eta bertan egin dute bat gure eskualdean bizi diren hainbat emakume migratzailek. Ghana, Senegal, Ekuatore Ginea, Sahara, Ekuador. Topaketan parte hartu dutenek askotariko arrazoiek behartuta egin behar izan zuten alde sorterritik. Baina guztien izendatzaile komuna da Durangaldean bizi direla gaur egun, eta aurrera egin ahal izateko sekulakoak eta bi egin behar izan dituztela. Euren ahotik entzun ditugu egia gordinak. Zelan Durangon etxebizitza alokatzea ukatu izan dieten; zelan egunero-egunero 24 orduko zaintza txandak egin behar izan dituzten gure adinduak zaintzeko; zelan gure lantegietan lana lortu ahal izateko paperak, eta paperak lortu ahal izateko lana eskatu izan dieten; eta zelan arrazakeria, gurean ere, egon badagoen.

Entzuteko deserosoak diren hainbat egia ipini dituzte entzutera hurbildutako herritarren belarrietan. Belarrondoko akustikoak. Eta sentipena dut bertaratutako askok halako ezinegon bat sentitu dugula. Deserosotasuna, baina, kasu honetan, osasuntsua. Urrutiko herrialdeetatik alde egitera behartutako emakume kementsuek harrera herrian bizi garenoi botatako zaska beharrezkoa. Ariketa sanoa, modernokeriekin aienetzen garenoi umiltasun dosi bat emateko. Zelan esan. Akaso, zero kilometroa modu integralean landu beharko genuke. Elikagaiekin, komertzioekin, eta gurera etorritako bizilagunekin distantziak murriztuta.