“1989tik dakigu Artxandako eremua kutsatuta dagoela”

“1989tik dakigu Artxandako eremua kutsatuta dagoela”

Javi West Larrañaga

Hilabeteak daramatzate Ekologistak Martxan-eko kideek Artxandarentzako plan berezi bat eskatzen, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioarekin batera. Asteon eman du gaiari buruzko hitzaldi bat Miren Basaldua (Basauri, 1952) kideak, Artxandan.

Zer kritika egiten dizkiozue Artxandako planari?

Artxandako aktibazio plana Bilboko Udalaren plana da. Iruditzen zaigu oso plan partziala dela. Uste dugu hobetuko duela Artxandaren gaur egungo narriadura egoera eta, beraz, positiboa dela, baina praktikan hiru lursaili bakarrik eragingo die.

Zertan datza plana?

Enekuritik Egirletara doan errepidea konpontzea aurreikusten du, oinezkoentzako eta bizikletentzako zati banarekin. Memoria gune bat ipiniko dute, umeentzako parkeren bat… Hori guztia partziala da, ez duelako eragozten zabortegi berri bat egitea. Are gehiago, Artxandaren deskontaminazio osoa hipotekatzen du, eta, ondorioz, eremuaren etorkizuna. Ez da plan berezi bat.

Zergatik behar da plan berezi bat Artxandarako?

Plan bereziek araudi eta helburu batzuk dauzkate. Alegazioetarako bide ematen dute, eta esposizio publikoak laguntzen du herritarren parte hartzea egon dadin. Orain egiten ari direnak ez du horretarako aukerarik uzten. Udalean egin da plana, eta hori gauzatuko dute. Gainera, ez dute ingurumen inpaktuaren inolako azterketarik egingo, ezta Artxanda deskontaminatu ere. Egia da planak hainbat hobekuntza aurreikusten dituela, baina esan behar da auzotarren plataformen presioei esker lortu direla.

Zergatik da beharrezkoa Artxanda deskontaminatzea?

Oraintxe bertan hamalau zabortegi daude bertan, eta horietako lautan lindanoa dago. Produktu toxikoa da, eta beharrezkoa da haren deskontaminazioa egitea, lurrera pasatzen delako eta lixibiatuen bidez erreketan amaitzen duelako, eta ondoren Asua eta Nerbioi ibaietan. Gainera, deskontaminazioa derrigorrezkoa da. Legez egin behar dute. Adibidez, Artxandan Bilboko hiri hondakinen zabortegia deiturikoa egon zen 1966tik 1997ra. Lursail hori kutsatuta dago lindanoarekin, denetarik bota zelako bertan. Eta ez zen ondo zarratu, ez baitzuten zigilatu.

Zer dago bertan?

1989tik Jove, Tecnalia eta Geisserren ikerketek erakutsi dute bertan lindano kutsadura dagoela, eta administrazioak neurriak hartu behar dituela eremuaren deskontaminazioa egiteko eta bertako ingurugiroa gehiago ez hondatzeko.

Eta zer gertatzen ari da orain zabortegi horrekin?

Bidezain S.M. enpresak 2018an kontsulta egin zion Bilboko Udalari ikusteko ea zabortegi berri bat egin zitekeen gainean, hondakin ez-arriskutsuena. 190 itemeko [bota daitezkeen hondakin motak] eskaera egin zuten, Zaldibarkoak zeuzkan berak. Tramiteek aurrera egin zuten. 2019ko urrian, Bidezainek eskaera egin zuen zabortegi berri bat egiteko, baina ez 152.000 metro koadrokoa —jatorrizko zabortegiak zeuzkanak—, baizik eta 542.000 metro koadrokoa. Horretarako, ondoko lursailak erosi zituen.

Eskaera onartu zioten?

Ekologistak Martxan-ek 2019ko maiatzean salatu zuen lindanoa aurkitu zela lursail horretan. Eusko Jaurlaritzak eta Uraren Agentziak Bidezaini esan zioten lehenik lurraren azterketa bat egin behar zuela, EAEko 4/2015 legeak hala behartzen duelako kutsatutako lurretan. Kontua da zabortegi horren deskontaminazioa udalari dagokiola, haren ardurapean bota zirelako bertara hondakinak.

Zer egin zuen Bidezainek?

Lurgiroren txostenaren arabera, borondatez hartu zituen bere gain deskontaminazio eta zigilatze lanak. Iazko abuztuan, Bidezainek egina zuen lurraren azterketa, eta, dakigunagatik, bakarra da 540.000 metro koadroko zabortegi bat zabaltzea eskatu duena Bilboko zabortegi zaharraren gainean. Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman zion Bidezainen txostenari, eta abian jarri zen lurraren kalitatearen txostena.

Zer eskatzen duzue zuek?

Argitasuna nahi dugu. Ez dugu ulertzen enpresa batek bere borondatez Bilboko zabortegi zaharraren deskontaminazioa egitea. 152.000 metro koadro dauzka, eta lursail horren azterketan eta deskontaminazioan bi milioi euro erabili dituzte dagoeneko, orain dela hilabete bat jakin dugunez. Udalak derrigorrez egin behar duen deskontaminazioa zergatik hartuko du bere gain borondatez enpresa batek? Gero zabortegi bat egin nahi duelako bertan.

Hori plan berezi batekin konponduko litzateke?

Plan bereziak ez lituzke soilik aktibazio planaren hiru lursailak hartuko, eremu osoa baizik. Hainbat udal sartu beharko lirateke barruan, eta eremu osoaren deskontaminazioa egin beharko lukete. Horrek zabortegi berriak agertzea eragotziko luke.

Denbora asko beharko litzateke?

Diru asko behar da. 1989tik dakigu Artxandako eremua kutsatuta dagoela, baita bertako akuifero biak ere. Horrek esan nahi du, Bidezainek deskontaminazio lan hori doan egiteagatik, zabortegia hainbat urtez egon beharko dela martxan egindako inbertsioa berreskuratzeko. Mozkinak aterako baditu, zergatik ez da kudeaketa publikoko zabortegi bat egiten?

Zuek hori eskatzen duzue?

Lehenik, plan berezia eskatzen dugu: eremuaren deskontaminazioa egitea, eta erabakiko dugu zer ipini daitekeen bertan. Ez dugu onartzen edozein zabortegi. Ez dugu nahi lizentzia berriak ematea. Planetan aipatzen dena betetzea nahi dugu. Hondakinen Kudeaketa Planaz egin behar dugu berba; hondakinen murrizketa lehentasun duen plan bat izan behar da, eta horretarako neurri eraginkorrak hartu.

Erakundeak ez dabiltza bide onean?

EAEko 2020-2030eko Hondakin Kudeaketa Planak zehazten du 2030erako %85 murriztuko dutela zabortegi kopurua. Baina zer neurri ari dira hartzen horretarako? Hondakin kopurua gorantza doa, ez dutelako abian ipini hondakinen sorkuntza eragozteko neurririk. Hondakinak botatzea askoz merkeagoa da birziklatzea baino. Ez dabiltza konponbide horietan lanean.