Sare batek biltzen eta babesten ditu

A. Igartua Aristondo

Saretu dezakete elkarrekin egindako jokoek, batu dezake poteoak, jende asko ezagutzeko abagunea eman dezake bazkari batek, eta oso leku abegikorra izan daiteke bertso saio bat. Eta, hala ere, jendea harritu daiteke horrela gertatzen denean. Hori jazo zitzaien igandean Markina-Xemeinen bildu ziren hirurogei bat emakume bertsolari, bertsozale, gai jartzaile eta besteri: aurreneko Bizkaiko Bertso Munduko Emakumeen Topaketa antolatu zuten, eta hain izan zen ona emaitza, ezen kasik ezin sinetsita baitago Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria. “Lehenengoa izateko, ikaragarri pozik gaude. Ez genuen espero hainbeste jendek parte hartzea, eta eskualde guztietako jendea egon zen”.

Harenak dira adierazpenak, baina antzeko sentipenen berri eman zioten bildutako andreetako askok ere. “Denok gaude oso harrituta, oso naturala izan zelako”. Bat egin zuten iritzi berean: eguna oso azkar igaro zitzaiela. “Hori gertatzen denean, oso ondo pasatu genuen seinale”, lehendakariak nabarmendu duenez. Askotariko profilek egin zuten bat udalerrian. “Aukera izan zen 50-60 urteko andreak 20 urtekoekin egoteko. Nire kasuan, 43 urte ditut, eta mahaian 25eko bat egon zen nire alboan, beste eskualde batekoa”.

Errepikatzeko modukoa

Emakume batzuk ez zuten elkar ezagutzen, gehien jota bistaz, bertso saioetan elkar ikusita, baina batzuen izena ere ez zekiten. Ordu batzuen buruan, ezagunak ziren denak; alegia, lortua zen egitasmoaren helburua: bertso munduko andreak saretzea. “Beharra zegoen; batez ere, emakumeen artean”, Olabarriak aldarrikatu duenez. “Batik bat, kantatzen ibiltzen diren emakumeek eskertzen dute saretze eta ezagutze eguna”. Izan ere, emakumeak “normalean gutxiengoa” izaten dira plazetan, eta zailagoa da, hortaz, beste emakume batzuekin bat egitea oholtzan. “Bertso saioetan emakume batekin edo birekin elkartzen bazara, kantu kidea pixka bat ezagutzen baduzu, beste modu batean sentitzen zara”.

Hemendik aurrera, beharra ez ezik, gogoa ere egongo da. Topaketa “errotzeko” asmoa dute, eta udaberriro antolatzea dute helburu, udalerri ezberdinetan.