Musika, garagardoz bustita

Musika, garagardoz bustita

Maria Ortega Zubiate

Asier Garcia Areatzako alkateak dio herritarrek “berezko festibal bezala” sentitzen dutela Musik and Beer festa, herrian “zaletasun handia” pizten duten bi kontzeptu batzen baititu: garagardoa eta musika. Hain zuzen ere, horrelaxe sortu zen festibala: “Hemen badago garagardoaren inguruan biltzen den elkarte bat, eta lehenengo probatu genuen horren inguruko jaialdi bat egiten. Baina hurrengo urtean jada salto egin genuen musikara, Areatzan musikazaletasun handia ere badagoelako”, esan du Garciak. Jaialdia aste bukaera honetan izango da berriro —gaur eta bihar, hain zuzen—, pandemiak eragindako etenaren ondoren.

Hasieratik bertatik zuten helburutzat “herriaren garapen ekonomikoa eta herria indartzea”. Horixe gogoratu du alkateak, eta horregatik hartu zuten jaialdia horrela antolatzeko erabakia: “Kalitatea beti hartu izan dugu kontuan oinarrizko kontzeptu bezala. Artisauek egindako garagardoak ekartzen ditugu, eta musika aldetik ere kalitate handiko eragileak ekartzen saiatzen gara: hasieran blues estiloa izaten zen bakarrik, eta orain rockera ere zabaldu gara”. Horrela, jaialdi “osoago” bat lortzea espero dute, alkateak esan duenez.

Programazioa azpimarratu nahi izan du Garciak, azaldu baitu Areatzara joango diren diren taldeak “oso onak” direla. Horrez gain, jatorri askotako taldeak lotu dituzte aurtengorako, eta, Euskal Herriko taldeez gain, Ameriketako Estatu Batuetakoak, Frantziakoak, Erresuma Batukoak eta Herrialde Katalanetakoak ariko dira.

Areatzako Musik and Beer jaialdia

Egitarau zabala

Egitaraua ontzea ez da erraza izaten Areatza moduko herri txiki batean: “Gu herri txikerra gara, guk antolatzen dugu dena, geure kontura, eta handia izaten da lehia”. Ahalegina eskertzen du herriak, alkateak adierazi duenez, eta jaialdia heltzeko gogoz daude bertakoak zein beste herrietakoak: “Gogoa badagoela nabaritzen da. Orain dela hiru aste jaialdi txikitxoak egin genituen herrian, eta handi bihurtu ziren: jendeak badu gogoa kontzertu onak entzuteko, elkartzeko, batzeko”. Ibarreko agendan beraien lekua topatu, eta Arratiako jendea bertaratzea nahi dute antolatzaileek.

“Hazten ari diren” talde bereziak ekarriko dituzte herrira. Baina ez hori soilik, berritasunik ere ekarriko baitu jaialdiaren aurtengo aldiak: musika estiloka bananduko dute asteburua, eta ordaintzeko aukera berriak sortu dituzte. Barikua blues estilokoa izango da, eta zapatua rockari eskainitakoa. Gaur, besteak beste, Blues Morning Singers, Erabatera eta Laura Cox igaroko dira oholtzatik. Bihar, The L.a Maybe eta The Treatment.

Aurten telefonoaren bidez ordaintzeko aukera ere egongo dela jakinarazi du Asier Garcia alkateak. “Gero eta eskuko diru gutxiago erabili nahi dugu, eta aplikazio bidez ordaintzeko aukera egongo da”. Hain zuzen, etorkizunera begira, diruaren erabilera murriztea dute helburu, eta ez dute baztertzen jaialdira joango diren food truck edo janaria saltzen duten furgonetetan ere ordainketa metodo hori ezartzea.