“Euskaraz bizitzea lortu genuen: hori da Sasibururen ekarpena”

“Euskaraz bizitzea lortu genuen: hori da Sasibururen ekarpena”

Amaia Igartua Aristondo

Estrategia aldaketa baten ondorioz sortu zen Barakaldoko Sasiburu euskara elkartea, 1992an. Haren aurreko Etxepare taldea “militanteagoa” zen, Iñaki Friera idazle eta sortzaileetako baten arabera (Barakaldo, 1962); Sasiburu, berriz, eremu “pluralago” bat lortzeko abiatu zuten. Elkarteak 30 urte bete ditu aurten, eta bihar ospatuko dute efemeridea, Barakaldon. Frierak aspaldi utzi zion bazkide izateari, baina, halere, gogoan ditu hastapenak eta ekarpenak. “Bizirik iraute hutsak balioa du”.

Sasiburu elkartea sortu baino lehen, zelakoa zen euskararen egoera Barakaldon?

Bazegoen beste talde bat: Etxepare. 1980ko hamarkadan aritu zen, batez ere erreibindikazioen arloan, baita euskara eta euskal kultura bultzatzen ere. Lagun talde batek sortu genuen. Urte horietan ez zegoen gauza handirik Barakaldon. Esate baterako, seinale guztiak gaztelaniaz zeuden, Barakaldo bera c-z idazten zen, udalak ez zuen bermatzen zerbitzua euskaraz ematea, ez zegoen normalizaziorako planik… Gu ibili ginen kontu horiek guztiak aldarrikatzen: Barakaldo k-z idazteko kanpaina bat egin genuen, eta udalak onartu zuen c kendu eta k-z idaztea; seinale elebidunak ere ipini ziren… Hasieran, B ereduaren kanpainak egiten genituen, A eredua baitzen nagusi Barakaldon garai hartan, eta A-tik D-rako saltoa gehiegizkoa zen; B eta D ereduak bultzatzen ziren. Gero, desagertu egin zen B ereduaren aldeko dinamika, eta D-aren aldeko bihurtu zen. Eskola publikoa ere aldarrikatu genuen. Eta Euskal Kulturaren Astea antolatzen genuen, euskara eta euskal kultura bultzatu eta zabaltzeko.

Zergatik eman zenuten Sasiburu sortzeko pausoa?

Datu batzuk agertu ziren: Barakaldon 100.000 biztanle ginen, %2-3k euskalduntzat jotzen zuten beren burua —3.000 inguruk— eta %11-13k, ia euskalduntzat —13.000 inguruk—. Horrek esan nahi zuen 16.000 barakaldarrek bazutela nolabaiteko lotura euskararekin, baina komunitate horrek ez zuen harremanik, ez genuen elkar ezagutzen. Gogoeta bat egin genuen. Hizkuntza baten inguruan hiru elementu ardazten dira: hizkuntza, hiztuna eta hizkuntza komunitatea. Guk hizkuntza bageneukan, bagenituen hiztunak, baina horiek denak saretu gabe zeuden. Orduan, erabaki genuen beharbada aldarrikapenetik bestelako dinamika batera pasatzeko garaia zela.

Zer-nolako dinamikara?

Euskaldunen arteko komunitatea eratu nahi genuen, elkar ezagutu, eta elkarrekin egoteko tokiak sortu, kulturarako, aisialdirako… Bururatu zitzaigun egokiena zela elkarte bat sortzea, bazkideekin, zabala, ideologia guztiek lekua izango zuten elkarte bat. Ideia hori landu genuen: hasieran, bizpahiru lagunen arteko gogoeta bat izan zen; gero, hamar bat laguneko taldera zabaldu genuen; eta, azkenean, berrogei pertsonako dinamika bat osatu genuen. Aurkezpena egin genuen, eta nahiko indartsua izan zen: Barakaldoko antzokia bete genuen.

Orduan, hasierako pausoak arrakastatsuak izan ziren?

Hasierakoak, bai. Aurkezpenak ilusioa sortu zuen. Egia da guk bazkide sistema sortu eta bultzatu nahi izan genuela, eta hura ez zen lortu guk espero bezala. Jende askok nahiago zuen itxaron, jakiteko zer zen Sasiburu. Etxepare taldearen aldarrikapenak eta kritika politikoak ez zuen espektro ideologiko guztia hartzen, eta batzuek nolabaiteko mesfidantza zuten sortzen ari zen elkartearekiko. Ez genuen lortu nahi genuen bazkide kopurua, ezta bazkideak izateak ematen zigun independentzia ekonomikoa ere, inoren menpeko ez izateko, ez administrazioarekiko, ez bestelakoekiko. Baina lanean hasi ginenok leku askotatik gentozen, eta, alde horretatik, positiboa eta itxaropentsua zen.

Nolakoak izan ziren lehenbiziko ekintzak, zertan zentratu zineten?

B eta D ereduak nagusitzen ari ziren Barakaldon; horrek esan nahi du ume pila bat euskalduntzen ari zirela. Baina eskolatik irten, eta erdal mundu batekin topo egiten zuten. Guk bi arlotan lan egin nahi genuen: batetik, B eta D ereduei begira, euskaraz jarduteko espazioak sortu, kultur jarduerak antolatu; bestetik, eremuak sortu nahi genituen elkar ezagutzeko. Esate baterako, komertzio euskaldunen gida bat egin genuen; aldizkari bat atera genuen, Euskarri izenekoa… Etxepare taldera hurbiltzen ez zen jende asko harremanetan jarri zen Sasibururekin, eta lortu genuen hein batean saretzea.

Iñaki Friera ha presentado el libro " Zureak egin du".

Euskara ardatz. Literatura jorratu izan du Frierak. Irudia Zureak egin du nobelaren aurkezpen egunekoa da (Donostia, 2009).

Izan zenuten babesik instituzioen aldetik?

Bai. Aurkezpena egin genuenean, argi geneukan herri dinamika bat zela geurea, baina ezin ginela gelditu kale aktibismoan, Etxepare bezala; behar genuela eta euskarak behar zuela instituzioekiko elkarlana. Esate baterako, aurkezpena egin genuenean, bi erakunde gonbidatu genituen: Eusko Jaurlaritzatik Mari Carmen Garmendia etorri zen, orduko Hizkuntza Politikako arduraduna, eta Paulo Agirrebaltzategi ere etorri zen, Euskal Kulturaren Batzordeko lehendakaria. Laguntza izan genuen bai instituzioen aldetik, bai herritarren aldetik.

Nolakoak izan ziren ondorengo urteak?

Inpresioa daukat hasierako ilusioa galduz joan ginela. Ez ginen heltzen izatera izan nahi genuen elkarte handia, eta bihurtzen ari ginen izan nahi ez genuen talde bat. Etxepare hamar-hamabost lagunek osatutako dinamika zen, eta elkartean bazkide asko eduki nahi genituen, zuzendaritza bat, dinamika indartsu eta parte hartzailea, eta hori ez zen lortu. Lehenengo urteetan, Sasiburu izan zen hamar bat lagunek dinamizatutako jarduera bat, beren borondate onarekin eta ilusio guztiarekin. Jarraitu genuen kultur dinamiketan eta D ereduaren aldeko dinamikan, eta sarea egin zen, gero hasi zirelako jai batzordeekin eta bestelako elkarteekin lanean; pausoak eman ziren.

Ez zen egon hausnarketarik horren ondorioz?

Ez. Nik uste dut esperantza genuela. Sasiburu sortu genuenean, bi eredu izan genituen: bata, Arrasate Euskaldundu Dezagun taldea [Gipuzkoa], eta, bestea, Tolosaldeko [Gipuzkoa] Galtzaundi elkartea. Gogoan daukat Kike Amonarrizek aipatu zuela dinamika horietan kafe asko hartu behar zela, jendearekin bildu behar zelako behin baino gehiagotan. Aurkezpeneko jende pilak ilusioa eman zigun, baina ilusioa besterik ez zen.

Zergatik?

Uste dut baldintzatu gintuela pertsona bat liberatu ezinak: guretzat hori funtsezkoa zen, leku finko bat edukitzea eta pertsona bat liberatzea, genituen ideia guztiak aurrera ateratzeko. Aldizkariarekin ere osatu genuen erredakzio talde bat; pertsona batzuk, elkartean zeudenak baina hango dinamikan parte hartzen ez zutenak, aldizkarian zeuden lan egiten. Hasi ginen pixkanaka eginkizunak bereizten: ez zen beharrezkoa elkartearen bileretara etortzea aldizkarian aritzeko, idazteko, maketazioa egiteko… Baina dirua behar zen. Publizitatearen bila tabernetara eta dendetara joateko komertzial bat behar zen, eta profesionalizatu nahi genuen haren jarduna, militantziatik harago joan nahi genuen, baina hori ere ez genuen lortu.

Noiz arte egon zinen elkartean?

Ni lehenengo bost-sei urteetan egon nintzen. Hasten ari ginen. Gero, Getxora etorri nintzen bizitzera. Uste dut sei urte haietan taldea ahuldu egin zela. Hasierako jendea beste zeregin batzuetara joaten hasi zen, beste batzuk beste herri batera joan ziren… Bakar batzuk gelditu ziren. Hortik aurrera, helburua izan zen dinamikari eustea, gauzak antolatzen jarraitzea.

Getxora joan ondoren, zer lotura izan zenuen elkartearekin?

Segitu nuen denbora batean bazkide izaten, eta informazioa jasotzen nuen, baina ez nuen bestelako parte hartzerik. Garai batean, bazkide izateari utzi nion; Getxon bizi nintzen, eta han bestelako konpromisoak hartzen hasi nintzen. Barakaldotik urrundu nintzen, eta distantziak ekarri zuen elkartearekin nuen harremana galtzea.

Orokorrean, zer ekarpen egin zizun zuri Sasiburu elkarteak?

Zaila da esatea. Barakaldon euskaraz ere bizitzea lortu genuen Etxepareri eta Sasibururi esker: hori da ekarpen nagusia. Azkenean, ez genuen lortu nahi genuen sare handia, baina sare bat lortu genuen. Jende askok elkar ezagutu genuen, euskaldunak ginenok eta euskaraz bizi nahi genuenok. Bestela ezagutuko ez genuen jende asko ezagutu genuen, eta haiekin euskaraz egiteko aukera geneukan. Geure bizitzaren zati bat euskaraz antolatu genuen. Euskalduna izateko eta sentitzeko bidea eman zidaten Etxeparek eta Sasiburuk.

Arrastorik utzi dute zugan?

Ni beti egon izan naiz euskal militantziarekin lotuta. Getxora etorri eta gutxira Egunkaria itxi zuten, eta BERRIAren aldeko dinamikan hasi nintzen lan egiten. Baina Sasiburu utzi nuenetik, ez dut beste elkarteren batean parte hartu.