Etorkizun baikorra, baina ez uste zen adina

Etorkizun baikorra, baina ez uste zen adina

J. West Larrañaga

Gogor jo zuen COVID-19aren pandemiak Bizkaiko metalgintza. 2020an, sektoreko enpresek aurreko urtean baino %18 gutxiago fakturatu zuten, eta 1.739 lanpostu galdu ziren. Iaz ere izurriteak eragina izan arren, hoberantz egin zuen industriak, baina, FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak argitaratu dituen azken datuen arabera, “balaztada” egon da joeran. Izan ere, uste baino jarduera ekonomiko txikiagoa izan duten enpresak zazpi puntu ugaritu dira, %29raino. Patronalaren aurtengo lehen hiruhileko koiuntura txostenak dioenez, joan den urtearen amaieran hasi zen mantsotzen enpresen susperraldia.

Enpresa gehienek lehengaien prezioen gorakadari eta energiaren kostuari egotzi diote testuinguru aldaketa, eta %72k egoera “larria edo oso larria” dela uste dute. Bakarrik enpresen %7k iritzi diote beraienean ez duela izango eraginik, edo txikia izango dela.

Energiaren kostuak eta salgaien garraioan egon diren arazoek ere kalte egin dietela jaso dute txostenean. Gainera, enpresen ia erdiek adierazi dute “kezkatzen” dituzten faktoreen artean daudela “langile kostu altuak” eta “soldata igoerak”; orain dela sei hilabete, berriz, enpresen laurdenek esan zuten hori. KPIaren igoera nabarmenarekin lotu du faktore hori FVEMek.

2021ean 2019an baino gehiago saldu dutenak enpresen %39,6 dira. Antzeko ehunekoa da salmenta gutxiago izan dituztenena: %39,1. Gainerakoek (%21,3) salmenta bertsuak izan dituzte pandemia aurretik eta pandemia ostean.

Sexu arrakala, nabarmen

Aurten sektorean mila lanpostu sortuko direla aurreikusi dute. Enpresen ia herenek jakinarazi dute lanpostuak sortuko dituztela, eta %7k gutxitu egingo dituztela. FVEMen datuen arabera, urte ona izango da oro har 2022a. Enpresen %78k irabaziak aurreikusi dituzte, eta %5k soilik galerak.

Bizkaiko metalgintza patronalak ikertu duenez, industria sektoreko lanpostuen %18,2 baino ez dituzte emakumeek, eta zeharkako eskulana egiten dute, nagusiki. Izan ere, %30,6k bulego eta administrazio lanak egiten dituzte, eta soilik %12,2k tailerreko, ekoizpeneko eta zuzeneko eskulana. Gainerakoak erdi mailako karguetan (%26) eta administrazio kontseiluetan daude (%23,2). Horren harira, Tamara Yague FVEMeko presidenteak adierazi du EAEko “ekonomiaren buruzagiak” gizonak direla oraindik, industria “oso sektore maskulinizatua” delako eta EAEren BPGaren %25 ordezkatzen duelako.

FVEMek adierazi duenez, bere helburuen artean dago Bizkaiko gazteak “industriaren etorkizunera” hurbiltzea eta emakumeak lanpostu horietara iristea sustatzea. Gainera, “talentua” erakartzeko eta gordetzeko helburua du patronalak, “Euskal Herriko industriaren etorkizunari ekarpen bat egiteko”.