Biziki eskertutako itzulera

Biziki eskertutako itzulera

Amaia Igartua Aristondo

“Pozik gaude”. Behin eta berriro errepikatzen du gauza bera Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak, bai Eskolarteko txapelketaz mintzatzerakoan, bai Taldekakoaz. Pandemiaren bi urteetan bertan behera utzi beharreko lehiak berreskuratzen ari dira, eta itzulera goxoa izaten ari da, Olabarriaren hitzei erreparatuta. Bihar jokatuko dituzte bi txapelketen finalaurrekoak eta finalak, egun osoan, Larrabetzun: 10:00etan hasiko da lehen ekitaldia, Eskolarteko idatzizko finala; eta 22:00etan azkena, Taldekakoaren finala.

2017an antolatu zuten Taldekako Txapelketa aurrenekoz, eta hirugarren aldia da aurtengoa. Martxa hartzea “zaila” dela nabarmendu du Olabarriak, baina, harrera ikusita, iruditzen zaio ildoa hartua duela dagoeneko: izan ere, 23 taldek eman dute izena aurten. “Datu horrekin, uste dugu Taldekakoa errotzen ari dela”. Iritzi berekoak dira parte hartzaileak, lehendakariaren arabera: “Hitz egin dut finalera sailkatu direnekin eta gainontzeko parte hartzaileekin, eta gustura egon dira. Taldekako giroa informalagoa denez, jendeak oso ondo pasatu du bertsotan”.

Publikoaren erantzuna ere positibotzat jo du lehendakariak. “Jai giroa” sortzen da, eta horrek “jende asko” erakarri du. Halaber, txapelketaren beste helburu batzuk ere bete egin dira: esaterako, eskualdeen presentzia indartzea. “Ahalegin handia egin dugu, baina esan genezake eskualde guztietara heldu garela. Batzuetan bertsolaritza errotuago dago besteetan baino; batzuetan ez da hain ohikoa jende gazteak euskara erabiltzea komunikatzeko eta aisialdirako, eta bizpahiru orduz egotea euskaraz ondo pasatzen. Hori ere lortu dugu”.

Finalean ere aniztasuna egongo da, lehendakariak azpimarratu duenez: Durangaldekoak dira Laukijjek, Koipelustriek, Urruxarrak eta Zornotzako Bertso Oskola taldeak; Busturialdekoak, berriz, Beethovenen belarriak eta Kantakunek; Lea-Artibaikoak, Poto Baptist School eta Akerbeltzen antxumak; eta Enkarterri-Ezkerraldekoa da Far Westeko bertsolariak.

Oro har, itxaropentsu

Eskolarteko Txapelketan 150 gazte elkartuko dira idatzizko finalerako, eta bat-batekoaren hiru kanporaketetan 22 gazte igo dira oholtzara. “Bai zenbakiek bai jendearen iritzi onek indarra eta itxaropena ematen dizkigute jarraitzeko”. Halere, antolatzaileek igarri dute pandemiaren ondoriorik; batik bat, idatzizkoan aritzen diren parte hartzaile batzuengan. “Eskolan baino ez dituzte egiten bertsoak. Bertigo momentuak egon dira”.