Berriztik mundura, misiolarien eskutik

Berriztik mundura, misiolarien eskutik

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaitik mundu zabalera hedatu ziren Berrizko Mesedeetako Misiolariak; klausurako moja izatetik misiolari izatera igaro ziren Margarita Maria Lopez de Maturana mojaren eskutik (Bilbo, 1884 – Donostia, 1934). “Emakume eraldatzailea izan zen”, azaldu du Amaia Moldrego Berrizko Margarita Maria museoaren arduradunak. Jardueran eta geografian egindako jauzi horren nondik norakoak eta bilakaera azaltzen ditu museoak. Gurutze Santuaren komentutik irten ere egin gabe, mundu osoan bidaiatzeko aukera ematen du.

Bartzelonako Pedro Nolasco merkatariak (1189-1245) presoak eta esklaboak askatzeko erabiltzen zituen bere aberastasunak. Tradizioaren arabera, gau batean Ama Birjina agertu zitzaion, eta presoak askatzeko ordena sortzeko eskatu zion: Mesedetako Ordena. Hori da museoak kontatzen duen historiaren abiapuntua; mugimenduaren sorrerari eta karismari eskaini diote lehen atala. Erakundeari lotutako agiriak, koadroak eta ikurrak daude ikusgai. 1540. urtean, Berrizko parrokoak, Martin Agirresakonak, Berrizko serorategiaren aldeko testamentua egin zuen, Gurutze Santuaren komentua sor zezaten haren ondasunekin. 1550ean, klausura ezarri zen komentuan, hiru emakumek Mesedetako Ordenaren abitua hartu ostean. Komentuko bizimodua latza zen. Mojek etxean bertan eta kanpoan lan egiten zuten bizibidea ateratzeko. Gainera, presoen erospenerako eskupekoak ere bildu behar zituzten Mesedetako Ordenaren helburua betetzeko. Garai hura kontatzen du bigarren atalak.

Hirugarrenean, komentuaren 500 urteetan bildu dituzten artelan ikusgarrienak daude. “Orfebreria lanak, koadroak, eskulturak eta bustoak dira, gehienbat. Museoa sortzen lagundu zigutenek aukeratu zituzten garrantzitsuenak zirenak. Batzuk zaharberritu ere egin behar izan genituen”, azaldu du Moldregok. Komentuan izan duten etaparik oparoena barrokoa izan zela azpimarratu du arduradunak: XVII. eta XVIII. mendeetakoa.

Sei minutuko ikus-entzunezko bat da laugarren atalaren oinarria. Margarita Maria Lopez de Maturana nor zen kontatzen du. Klausurako komentura sartu zen arren, misiolari izateko bokazioa zuela gogoratu du Moldregok, eta bere grina komunitateko beste kideengan ere sustatu zuen. 1926an lortu zuten klausura aldi baterako uzteko baimena. Lehen talde bat Txinara abiatu zen. Hurrengo urtean, Marianetara; 1928an, Karolinetara eta Japoniara. Klausura ixteko baimena aldi baterako zenez, 1930ean misioetako institutu bihurtzeko eskaera egin zuen komentuak. Elizak baldintza bakarra jarri zien: komentuko moja guztiek onartu behar zuten, eta hala gertatu zen: 94 mojek aho batez bozkatu zuten eraldaketaren alde. Hala sortu zen Berrizko Mesedetako Misiolariak institutu berria.

1931n, institutuko ama nagusi izendatu zuten Lopez de Maturana. 2006an dohatsu izendatu zuen Benedikto XVI.a aita santuak. Bosgarren atalean Lopez de Maturanaren objektuak daude ikusgai: idazmahaia, irakurtzen zituen liburuak edota haren idatziak.

Seigarren atalean, berriz, Mesedetako Ordenako klausurako komentu izatetik Berrizko Mesedetako Misiolariak institutu izatera egindako aldaketa hori azaltzen dute. “Gure ordenak hasieran presoak askatzea zuen helburu, baina Margarita Mariak askatasun hori pertsona guztietara hedatu nahi izan zuen”, adierazi du Moldregok. Hala, atal horretan daude institutuaren sorrerako konstituzioak, aldaketa eskatuz idatzi eta bueltan jaso zituen eskutitzak…

Berrizko Margarita Maria Museoa

Amerikan, Afrikan eta Asian

Zazpigarren atala da misioei dagokiena. Besteak beste, ikus-entzunezko bi ikus daitezke. Horietako batean 1960ko eta 1980ko hamarkaden artean Latinoamerikan, Afrikan eta Asian izandako bilakaera sozioekonomikoa, neokolonialismoa eta hark eragindako pobretzea zelan izan ziren azaltzen da. Bestean, berriz, Afrikako, Latinoamerikako eta Filipinetako misioetan gaur egun dauden mojek haien egitekoaren berri kontatzen dute.

Museoa bisitatzeko ordua hartu behar da aurretik. Moldrego bera arduratzen da gidatzeaz. Esan du bisitarietako asko ordenarekin nolabaiteko harremana izan dutenak direla, Euskal Herrikoak ez ezik, Mexiko edo Japoniakoak ere bai. Horrez gainera, harremanik izan ez arren, museoak interesa piztu dien euskal herritarrak ere joaten zaizkie.

Berrizko Margarita Maria Museoa