Rockein lehiaketarako izen ematea ireki dute

Rockein lehiaketarako izen ematea ireki dute

Natalia Salazar Orbe

Rockein musika lehiaketa antolatu dute hamargarren urtez jarraian, Basaurin. Zabaldu dute izena emateko epea, eta horretarako aukera izango dute Hego Euskal Herriko musika talde zein bakarlariek, uztailaren 12ra arte.

Sektoreko profesionalek osatutako epaimahaiak sei finalista aukeratuko ditu aurkeztutako proposamen guztien artean. Finalista horiek Basauriko Social antzokian joko dute kontzertua, azaroaren 19an. Gau horretan bertan iragarriko du epaimahaiak nortzuk izango diren 2022ko lehiaketako irabazleak.

Musika lehiaketa bat izanik, arte diziplina horri lotutako sariak eskuratuko dituzte irabazleek. Besteak beste, bost abestiko EP bat grabatu, ekoitzi eta masterizatzea, bideoklip bat ekoiztea, eta Basauriko MAZ jaialdian jotzea. Asier Iragorri Basauriko alkateak aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, hori izan da lehiaketaren helburua hasieratik bertatik: “Duela hamar urte Rockeinek bere ibilbidea hasi zuenean, Basaurin sortzen ari zen musika talentua antzeman eta sustatzeko egiten ziren beste lehiaketa batzuen lekukoa hartu zuen. Aurreko esperientziek eskaintzen zutenari profesionalen hilabeteetako laguntza gehitu zion, artistei laguntzeko amateur izatetik sektore profesionalerako jauzia esploratzen”. Orduan hasi ziren ematen Basauriko MAZ jaialdian ordainpeko ikuskizunak egiteko eta abestiak eta bideoklipak estudio profesional batean grabatzeko sariak.

Hamar urteren ostean Rockein proiektua “finkatuta” dagoela esan du Iragorrik, eta haren oinarriak azpimarratu ditu: “Berdintasuna, tokiko talentua eta euskara sustatzeko irizpideak mantentzen ditu. Gaur egun Rockein Euskal Herriko lehiaketarik ospetsuenetakoa da, baina garrantzitsuena da jasotako proposamenen kalitatea urtez urte handitzen ari dela eta sortzen ari diren artistak gero eta trebatuago iristen direla”.

Sarietan ere islatu nahi izan dituzte oinarriak. Lau talderentzako sariak ematen dituzte; horien artean, tokiko talderik onena eta euskarazko talderik onena ere saritzen dituzte.

Lau udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dauka sariketak. Hain zuzen, Basauriko Udalarekin batera, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudiokoek babesten dute.

Aurkezpen egunean Eguzkiñe Azpeitia Arrigorriagako Gazteguneko koordinatzailea ere egon zen. “Gazte askok hartu dute parte lehiaketan, eta uste dut pasarela bat dela”, esan zuen.

Gazte horietako batzuk dira Asier Astorkiza eta Liam McDonnel, iaz lehiaketa irabazi zuen Full Cab taldeko baxu jotzailea eta abeslaria. “Rockein esperientzia oso interesgarria da. Rockeinen jotzeak eta aukeratuak izateak ireki zigun atea ikusleak zutik zeudela kontzertuak emateko”, azaldu du McDonellek. Astorkizak esan zuenez, “pandemia garaia zen, eta, murrizketak egon arren, edukiera muga handiagoarekin eta jendea zutik zegoela jotzen utzi ziguten”.

Iazko irabazleak, pozik

Pozik dago Astorkiza orain arteko emaitzarekin: “Ez genuen espero irabazterik. Aukera asko zabaldu dizkigu: Tigre estudioan EP bat eta bideoklipa grabatu ahal izan ditugu. Ez genuen ezagutzen estudio hori. Esperientzia ahaztezina izan da eta, seguruenik, errepikatzeko modukoa, oso lan ona egin duelako eta emaitzak oso onak izan direlako”. McDonnel gogotsu azaldu da aurrea begira dituzten kontzertuekin: “Basauriko MAZen joko dugu azaroan Rockeini esker. Gogo handia dugu benetako jaialdi batean jotzeko”. Azaroaren aurretik ere izango da taldea ikusteko beste aukerarik. Besteak beste, Bilboko Muelle aretoan ariko dira, Bartzelonatik iritsiko den Alavedra taldearekin batera. Sopelan eta Murtzian ere (Espainia) badauzkate hitzartuta saioak.

Full Cab taldeak lehiaketari esker argitaratutako lanak aurkeztu ditu: bost abestiko EP bat eta HFA kantuaren bideoklipa. Rockeinen sare sozialetan dago ikusgai.