“Lurrak berreskuratu beharko genituzke lehen sektorerako”

“Lurrak berreskuratu beharko genituzke lehen sektorerako”

Amaia Igartua Aristondo

Oraingo elikadura ereduaren eraginak aletu eta burujabetzaren beharraz kontzientziatzeko, Elikabilbo astea antolatu dute Bilbon Reas, Ipes, Ekologistak Martxan eta Bizilur elkarteek, eta Labore supermerkatu kooperatiboak, domekara arte. Alaitz Ajuriagerra ekinbidearen eledun eta Laboreko kidearen arabera (Eibar, Gipuzkoa, 1984), agroekologia da eredu berri “jasangarri” eta “justu” bat lortzeko bidea.

Nolakoa da Bilbo eta inguruetako elikadura eredua?

Elikadura industriarekiko menpekotasun handiko eredua da. Elikadura globalki antolatuta dago, oso industria boteretsua da, elikagaiek milaka eta milaka kilometro egiten dituzte gure etxera heldu arte, eta ez dakigu ez nork, ez non ekoitziak diren. Horrek menpekotasun handia dakar erregai fosilekiko, eta eragin handia du: elikadura industria berotegi efektuko gasen %30en erantzulea da, eta agrotoxikoek eta pestizidek lurra suntsitzen dute. Elikagaiak merke ekoizten dira, eta etekin handiena atera dezaketen herrialdeetan saltzen dira. Oso prezio lehiakorrak dituzte.

Menpekotasun horrek nola eragiten du osasunean?

Gaur egun, inoiz baino elikagai gehiago ekoizten dira, baina zazpi lagunetik batek gosea pasatzen du. Eta ia erdia ez dira elikatzen, baizik eta sabela betetzen dute, jatekoa oso prozesatuta baitago. Horrek gaixotasun pila bat ekarri ditu: diabetesa, obesitatea…

Horren aurrean, elikadura burujabetza proposatzen duzue.

Kontzeptu politikoa da: esan nahi du herri bakoitzak eskubidea izatea kontsumituko duenaren ziklo guztia antolatzeko, edo, behintzat, erabakitzeko. Gaur egun, ez dute gaitasun hori ez Bilbok ez Euskal Herriak. Burujabetzara heltzeko agroekologia lehenesten dugu: bizitza erdigunean jartzen du, balio batzuk ditu eta transbertsala da. Agroekologian oinarritutako ekoizpenak lurra zaintzen du, baita naturaren zikloak eta ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zuzeneko harremanak ere. Ekonomia eredu solidarioan oinarrituta dago.

Zer toki dute bitartekariek?

Bitartekariak etekinak bilatzen ditu. Hala, zuzeneko harremanarekin lortzen dira: batetik, konfiantza, eta, bestetik, elikadura ez bihurtzea negozio. Aldarrikatzen dugu osasuntsu elikatzea eskubide bat dela, eta ez negozio bat.

Nondik hasi?

Hiru ardatz garrantzitsu ikusten ditut. Lehenengoa, kontsumitzaileen ahalduntzea: ezinbestekoa da kontzientziazioaren bidez gure kontsumo ohiturak aldatzea. Bigarrena, lurrak berreskuratu beharko genituzke, lehen sektorea bultzatzeko: agroekologiaren bidez, sektorea duinduko litzateke, eta harreman soziolaboralak justuak izango lirateke. Eta hirugarrena, elikaduraren plan estrategiko bat izan beharko genuke, orain arte ez delako egon. Administrazioak industriara eta kapitalismora bideratu ditu laguntzak, monolaborantzara eta monoabeltzaintzara. Dibertsifikatu behar da.

Zer kontsumo ohitura aldatu beharko lirateke?

Sasoian sasoiko elikagaiak kontsumitu behar ditugu, kontsumo eredu solidarioan oinarritutako establezimenduetan erosi, eta jakin nondik datozen jaten ditugun elikagaiak eta nola ekoitzi diren.

Nola hurbildu eredu aldaketan interesik ez dutenengana?

Zaila da. Egiten ditugu egitasmoak. Elikadura ereduaz kontzientziatzeko ere sortu da Elikabilbo. Baina uste dut elikadura aldaketa sustatu beharko litzatekeela hainbat arlotatik: sozialki, administraziotik… Gure osasuna eta ingurumena daude jokoan.

Administrazioak zer egiteko izan beharko luke eredu berrian?

Laguntzak bideratu beharko lituzke horretara, sasoiko eta bertako produktuak kontsumitzea sustatzeko eragina duen tokietan: adibidez, eskoletan. Gero, luzera begirako plan estrategiko bat osatu beharko luke. Konfinamendu garaian argi gelditu zen supermerkatuen eredua bultzatu zuela administrazioak, herri azokak debekatu zituen eta.

Zer egin animalia jatorriko elikagaiekin?

Orain pil-pilean dago haztegi handien kontua, eta ez dira osasuntsuak ez animalientzat ez ingurumenarentzat. Baina badago abeltzaintza egiteko beste eredu bat, eta oso garrantzitsua da gure biodibertsitatea eta ingurumena zaintzeko. Hala ere, hausnartu beharko genuke zenbat haragi jaten dugun; gutxiago jatea jasangarriagoa izango litzateke, igual.

Zergatik sortu duzue Elikabilbo Astea?

Eragile batzuk batu ginen. Denen artean aliantzak sortzea beharrezkoa da, eta horrela sortu zen egitasmoa. Gero, ia 60 eragile atxiki zaizkio gure aldarriari.