Kaleratuak itzultzeko protesta Alconzan

Berangoko metro geltokitik abiatuko dute manifestazioa, gaur, 19:00etan. Sindikatuek kudeaketa “txarra” egotzi diote Irizarri. Datorren martitzenean egingo dute lan erregulazioen epaiketa.

Javi West Larrañaga

Manifestazioa egingo dute Alconza Irizar Groupeko langileek gaur, Berangoko metro geltokitik abiatuta (19:00), azken hiletako kaleratzeak salatzeko. Sindikatuek deitoratu dutenez, 25 behargin bota dituzte enpresatik dagoeneko, eta horiek berriro hartzeko ari dira eskatzen. Otsailean hasi zuten greba mugagabea, eta datorren martitzenean izango dute epaiketa, lana erregulatzeko espedienteak behar den moduan egin ote diren argitzeko.

2014an erosi zuen Irizar Groupek Berangoko Alconza. 254 langile zeuzkan enpresak orduan, eta 27 milioi euroko fakturazioa izan zuen urte hartan, sindikatuek zehaztu dutenez. Ordutik galerak pilatzen aritu dira —29 milioi azken sei urteetan—, eta iaz zortzi milioi fakturatu zituen.

CCOOk dauzka ordezkari gehien: lau. ELAk, hiru, eta LABek, bi. Hasieran, CCOOk babestu egin zuen greba deialdia, baina, gerora bereizi egin zen. Jose Luis Romera sindikatuko ordezkariaren arabera, enpresaren biziraupena “arriskuan” ikusten zutelako utzi zuten greba, baina ez daude ados enpresaren kudeaketarekin, eta epaiketan egongo dira kaleratzeetan atzera egin dezala eskatzeko.

Hasieran, 38 kaleratze iragarri zituen Alconza Irizar Groupek, baina azkenean 25 izan dira. Hala ere, Luisma Barneto ELA sindikatuko ordezkariaren arabera, hainbatek utzi dute enpresa, haiek “erabili” eta “esplotatu” dituelako: “Bota dituzten 25etatik gehienak tailerrekoak dira, baina bulegoetako langile batzuk joan egin dira behartuta, postua beheratu dietelako”. ELAkoa kritiko agertu da CCOOrekin, greba uzteagatik, eta enpresarengandik onurak jaso dituztela iradoki du: “Izugarria da: [kaleratuen] zerrenda osoan CCOOko afiliatu bat bakarrik dago. Besteak ELAko hamabi eta LABeko hamabi dira”.

Barnetok azaldu duenez, azken urteetako galerak ez dira izan sektorea bolada txar bat igarotzen ari delako, baizik eta enpresaren kudeaketa “txarra” delako. “Gure lehiakideak gainezka dabiltza lanarekin, eta behargin gehiago eskatzen ari dira”. Lehen “erreferentziazko enpresa” bat zela adierazi du ELAko ordezkariak, eta orain lana egon beharko litzatekeela, euren sektorean lan gehiago dagoelako petrolioa garesti dagoenean. Lanik ez egotea enpresaren “estrategia” bat dela ondorioztatu du.

Alconzak era guztietako ibilgailuentzako motor elektrikoak ekoizten ditu; batez ere, itsasontzietarako. Adibidez, petrolio eta gas plataformetara joaten diren ontzientzako motorrak egiten dituzte. 2014an 254 langile zeuzkan; aldi baterako laneko enpresetako 60-80 pertsona izaten zituzten. 2022 hasieran, ordea, 101 langile, aurretiko erretiroak eta kontratu amaierak tarteko.

Bideragarritasuna, kolokan

Egin dituen 25 kaleratze horiek 25 familiari kalte egiteaz gain, enpresaren bideragarritasunari eragiten diotela salatu dute ELAk eta LABek. Azken urteotan lantegiaren hainbat atal kentzea egotzi diote Irizarri, eta lan kargak egon direnean enpresak azpikontratatuz konpondu izan dituela.

ELA sindikatuko ordezkariak esan duenez, enpresak langile “gaitu” asko kanporatu ditu, “sektorean 30 urte zeramatzatenak”. Bota dituzten 25 langileak berriro hartzeko eskatuko dute gaur: “Dena atera duzu kanpora, jendea bota duzu atal garrantzitsu eta estrategikoetatik, eta orain zure bideragarritasun plana 25 kide botatzea da, badakizunean enpresa ez dela bideragarria tailerrean gauden pertsona kopuruarekin”. Barnetok salatu duenez, jende gehiago dago bulegoetan tailerrean baino, “eta izatez, enpresa ekoizlea” da Alconza.

Aurreko urteetako kontuak aipatu ditu Barnetok, eta adierazi du “astakeria bat” dela enpresak zenbat diru galdu duen lantegi barruko atalak kentzen eta lan horiek azpikontratatzen, eta orain enpresak atal horiek berreskuratu nahi dituela.