Ardura osoa herritarren gain utzita

Ardura osoa herritarren gain utzita

Ibai Maruri Bilbao

Errusiak Ukrainako erasoa hasi zuenetik hiru hilabete izango dira martitzenean. Berehala hasi ziren ukrainarrak herrialdea utzi eta Europan babesa bilatzen. Europako Batasunak ezohiko moduan jokatu zuen, mugak zabal-zabal irekiz. “Normalean, mugan harrapatzen dituzten migratzaileak berehala kanporatzen dituzte. Itsasoz datozenak hiltzen uzten dituzte. Baina, oraingoan, bazirudien lehen aldiz behar bezala jokatuko zutela: legea bete, eta errefuxiatuen kargu egingo zirela. Hori ikusita, familia asko harreran parte hartzera animatu ginen, behin-behinean [Espainiako] Estatuari harrera hori egiten laguntzeko”, azaldu du Ignacio Roblesek. Haren familiak Ukrainako beste bat dauka etxean hartuta, Berangon. Baina behin-behinekotasun horrek dagoeneko hiru hilabete iraun du, noiz bukatuko den jakin gabe, eta ardura guztia familiengan utzi du Espainiako Gobernuak.

Hori salatu du Roblesek sare sozialetan. “Gure egoera ekonomikoa ez da txarra, eta, esfortzu handiarekin bada ere, egin diezaiokegu aurre egoerari. Baina badira ezinean dabiltzan familiak”, ohartarazi du. Espainiako Gobernuari eskatzen dio errefuxiatuen kargu egiteko, berea delako ardura. “Propaganda alde batera utz dezala, eta egin dezala bere lana”.

Harreran parte hartu gura zuten familientzat Eusko Jaurlaritzak ipinitako helbidera idatzi zuen Roblesek. “Betetzeko inprimaki bat jaso genuen, eta gobernuz kanpoko erakunde batekin ipini gintuzten harremanetan”. Erakunde hori zen familia ukrainarrak hemengo familia boluntarioen artean esleitzen zituena. 30 urte bueltako senar-emazte bikotea eta 4 urteko alaba bizi dira Roblesenean; haietako bat elbarria da. “Elkarteak gidatu gaitu, baina guk geuk egin behar izan ditugu paper kontu guztiak. Gu joaten gara familia honetakoekin leku guztietara. Administrazioak ez digu ezertan lagundu”. Zehar-era asilo eskaera egitera joan zirenean eta Espainiako Poliziaren bulegoetara atzerritarren nortasun zenbakia tramitatzera joan zirenean eskaini zieten telefono bidezko itzultzailea.

Bestelakoan, Roblesek eta familiak egiten ditu itzultzaile lanak, sakelakoan duten aplikazio arrunt baten bidez. Izan ere, haienean dauden ukrainarrek ez dakite ez euskararik, ez gaztelaniarik, ez ingelesik. Harreran dituzten hiru kideak medikuarenera lagundu dituzte; batez ere, elbarria dena. Umea eskolatu dute. Erroldatzera joan dira. Ahalegin ekonomikoa ere ez da edonolakoa: “Lehen familia batek gastatzen zuen, eta orain biren gastuak ordaindu behar ditugu. Guk egin dezakegu, baina badaude ezinean dabiltzanak”.

Kexatu da, beraz, estatuak ez duelako bere egitekoa bete, baina egingo duenerako ere beldurra du Roblesek. Izan ere, Espainiako Gobernuak erabakiko du errefuxiatu horiek non errotuko diren. “Edozein erkidegotan izan daiteke, gobernukoek erabakitzen duten lekuan. Orain, hemen errotzen hasi direnean, berriro eroango dituzte Soriara [Gaztela eta Leon, Espainia] edo Cuencara (Gaztela-Mantxa, Espainia]?”. Uste du eurenean dagoen familiak ez duela onartuko Euskal Herritik joatea. Eta horrek estatuaren laguntzarik gabe geratzea ekarriko luke. “Elbarria Osakidetzaren arta jasotzen ari da, umea eskolara dabil… Berriz zerotik hasi? Ez dute nahi”.

Bizkaitik ere kanpora

Familia batzuk dagoeneko hasi dira Euskal Herritik irteten. Berbarako, Bilboko Ilunion hotelean egon diren hiru familia Bartzelonara eroan zituzten astelehenean; beste hiru familia, Valladolidera (Gaztela eta Leon, Espainia). Valladolidera bidali duten horietako baten kasua kontatu du Chernobileko Umeak elkarteko Enrique Angulo bilbotarrak. “18 urteko alaba gerra hasi baino egun batzuk lehenago etorri zen Bilbora, bazekielako zer gertatuko zen. Erroldatu egin zen, eta lana topatu zuen itzultzaile. Haren ama gerra hasitakoan etorri zen, eta hotelean izan dute. Alaba hemen geratuko da, erroldatuta dagoelako, lana duelako, errotuta dagoelako. Ama Valladolidera eroan dute, bakarrik. Zer zentzu du familia horrela banatzeak? Ama hemen bizi zitekeen alabarekin”.

Angulok eta haren emazte Belen Ugartek Tania Ostrovka izeneko 13 urteko neska ekarri ohi dute Txernobyl (Ukraina) ingurutik eurenean udak pasatzera. Orain hemen dago familiarekin: ama eta beste lau neba-arreba. Seiak Ilunion hotelean egon dira Bartzelonara eta Valladolidera eroan dituzten sendi horiekin. Baina horiek Bilbon geratu dira: Atxuriko aterpetxean daude. “Bila etorri zitzaizkien furgonetan, Zehar-ekoak esan zien zorte handia dutela Bilbon geratuko direlako. Zortea da hori? Hori normalena izan beharko litzateke! Gu ere Taniaren familia gara, non egongo dira hemen baino hobeto?”.

Gerra hasi zenean, Angulok eta Ugartek asko pentsatu zuten zer egin: Ostrovka alabatzat dute, eta haren familia lagundu gura zuten. Baina azkenean euren etxean ezin zituztela hartu ohartu ziren: “Sei laguneko familia ez da gurean inondik ere kabitzen”, esan du Angulok. “Oso ondo egon dira hotelean, eta aterpetxean ere ondo egongo dira. Baina urrezko kaiola da haientzat: ezin dira normal bizi”, salatu du Ugartek.

Eusko Jaurlaritzak Isuri izeneko laguntza lerroa ipin zuen martxan maiatzaren 2an. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Bizkaiko Hitza-ri azpimarratu dio “atzerritartasunaren, harreraren eta asiloaren arloko eskumena soilik Espainiako Gobernuarena” dela. Jaurlaritzak bultzatutako ekinbide guztiak “erantzukizun sozialagatik eta konpromiso humanitarioagatik” egiten direla diote. “Estatu osorako laguntza lerrorik aktibatzen ez dela ikusita, Eusko Jaurlaritzak zenbait programa eta laguntza ildo bultzatzea erabaki du”. Harrera familietan dauden familiei 480 eta 520 euro artean emango dizkiete. Roblesek esan du eurenean dagoen familiak oraindik ez duela jaso: “Bilerak eta bilerak izan ditugu —azkena, asteon—, baina hauek dirurik ez dute ikusi”.

Ostera, Angulok eta Ugartek salatu dutenez, hotel, hostel eta aterpetxeetan dauden familiek ez dute Jaurlaritzaren laguntzarik jasoko. “Lotsagarria da: lotarako lekua eta armosua bermatuak dituztenez, ez dute beste gasturik?”, kexatu da Ugarte. “Bizitza duina” izateko eskubidea dutela aldarrikatu du. “Baita ile apaindegira joatekoa ere, batzuek barre egin arren. Asko sufritzen ari dira, eta psikiatrek eta psikologoek eurek esaten dute horrelako egoeretan oso garrantzitsua dela norbere burua zaintzea eta mimatzea”.

Angulok esan du familia asko Ukrainara itzultzen hasi direla, “hemen ez dutelako etorkizunik ikusten”. NBE Nazio Batuen Erakundeak apirilean ohartarazi zuen egunero 30.000 ukrainar ari direla sorterrira itzultzen. “Handik behin eta berriro eskatzen digute etorri direnen itzulera eragozteko. Erasoak Donbas aldean direnez gehienbat, uste dute euren herriak utzi zituzten moduan topatuko dituztela”, adierazi du Angulok. Roblesen ustez, administrazio publikoek etorri diren eta han geratu diren ukrainarrak, denak utzi dituzte bazterrean. “Haientzat interes handia du gerra honek, baina ez diote ematen eman beharko lioketen erantzuna: biktimei erreparatu ordez, Errusiari merezi duela uste duen eskarmentua eman nahi diote. Armetan ari dira gastatzen laguntza humanitariora bideratu beharko luketen dirua”.

Babesik gabeko bidaia

Laguntza eroan, errefuxiatuak ekarri… Horretan guztian herritarrak erakundeen ia laguntza barik moldatu direla esan du Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako Marce Frailek. Joxean Sanchez Lagunarekin hara abiatu zen furgoneta batekin laguntza humanitarioa eroatera, Ukraina-Euskadi erakundeari laguntzeko asmotan. “Ongi Etorri gisa, Eusko Jaurlaritzara jo genuen bidaia egiteko laguntza eske. Haiek aitortutako elkarte bat gara. Baina ez ziguten ezertan lagundu. Bagenekien familiak ezin daitezkeela ekarri joan eta topatzen ditugun lehenak hartuta. Mafiekin-eta arazo larriak daude; modu ordenatuan egitea komeni da. Baina Jaurlaritzan ez zuten etorri nahi zuten familien eta hemen hartzeko prest zeuden familien zerrendarik, edo ez ziguten eman nahi izan”.

Hiru sendi ekarri zituzten Euskal Herrira. Iritsi zirenean ez zuten harrera familiarik. Lauzpabost egun eurekin izan zituzten, Errenterian (Gipuzkoa), han duelako baliabide gehien Euskadi-Ukraina elkarteak. Ingurukoen artean topatu zituzten harrera familiak. “Errenteriako Udalera, Donostiakora, ingurukoetara… jo genuen, eta ez ziguten lagundu nahi izan. Alderdi politiko guztiekin egin genuen berba, baita ezkerrekoekin ere, baina alferrik”. Frailek alatu du “ezkerreko alderdientzat goi mailako errefuxiatuak” direla ukrainarrak, eta horregatik ez dutela interes berezirik haiei laguntzen: “Esan ziguten ea zergatik ez genituen Polonian utzi. Ondo dago antimilitarismoa, ni ere banaiz, baina gerratik ihesi datozen pertsonak dira hauek ere, eta gure laguntza behar dute, beste errefuxiatu guztiek bezala”.

Barakaldokoa da Fraile, eta Ezkerraldeko udaletan ere eskatu du laguntza, baina alferrik. “Harrerarako pisu batzuk dituztela esan zidaten, eta deituko nindutela familiontzako lekurik dagoen jakiteko. Gaur arte. Niri inork ez dit deitu”. Berak ezin izan du etxean inor hartu, baina badaki eurek ekarritako familiak etxean hartu dituztenek ez dutela batere laguntzarik jaso administrazio publikoen aldetik: “Harrera familiek lagundu diete; beste inork ez. Haiei esker lortu dute hemen modu autonomoan bizitzen hastea”. Frailek ohartarazi du Afrikatik edo Asiatik datozen errefuxiatuek sufritzen duten babes falta berbera dutela ukrainarrek: “Ukrainarrei paperak ematen dizkiete, baina besterik ez”.