Pandemia hasi zenetiko lehen Dantzari Eguna, etzi Zamudion

Pandemia hasi zenetiko lehen Dantzari Eguna, etzi Zamudion

Amaia Igartua Aristondo

2020an jada prestatuta zeukaten 40. Bizkaiko Dantzari Eguna, baina orduko hartan birtualki baino ezin izan zuten ospatu. Hurrengo urtean, neurriek jaia aurrez aurre egiten utz zezaketelako itxaropena izan zuten, baina, azkenean, pantaila bidez lotu ziren dantzariak ostera ere. Horiek horrela, “Dantzari Egunik luzeena” izan da 40.a, Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko presidente Jose Mari Oiarzabalen arabera, baina atarian da jada: lurraldeko hamaika bazterretako 64 talde batuko dira etzi, Zamudion; guztira, 3.500 dantzari ariko dira.

10:00etan hasiko da festa. Dantzariak Bidekoetxe parkean bilduko dira, eta, 10:30ean, Txinbo kaletik abiatuko dira kalejiran, Gazituaga futbol zelairaino. Han izango da ekitaldi nagusia, askotariko euskal dantzak erakutsiko baitituzte. Luhartz taldearen erromeriak itxiko du ospakizuna, Agirre Lehendakariaren plazan, 16:30etik hasita. Dantzarien Biltzarrarekin batera, Zamudioko Hiru Bat dantza taldeak eta hango udalak antolatu dute jaia, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, Noticias Taldearen eta BBKren laguntza izan du.

Etziko egunaren izaera “berezia” azpimarratu zuen Oiarzabalek asteazkenean, Dantzari Egunaren aurkezpenean, Bilboko Rekalde aretoan. Lehorteagatik ez ezik, ospakizunak oro har duen esanguragatik jo zuen garrantzitsu zuzendariak. “Erakusten dugu urtean zehar Bizkaiko taldeek zelako beharra egin duten dantza tradizionalaren alde”. Izan ere, “dantza taldeek gizarte oso lan inportantea egiten dute”, Oiarzabalen irudiko. Hala, aurrez aurre egitea “beharrezkoa” zela adierazi zuen.

Euskal dantzaren geroa

Oiarzabalen hitzetan, Dantzari Eguna “proba” bat ere izango da, ikusteko zein den dantza taldeen egoera. Azken bi urteetan, pandemiaren ondorioek taldeetako kideak kezkatu dituzte, jendea gal zezaketelako, besteak beste. Hain zuzen, iazko maiatzean nabaria zen eragin negatiboa, Itzubaltzetako Zasi Eskola dantza taldeko kide Aitor Bravo Encinasek Bizkaiko Hitza-ri adierazi zionez: “Kolpea latza da, jendea galtzen ari gara. Ikusten da gure entseguetara jende gutxiago datorrela”. Hala ere, itxaropentsu agertu zen. “Pentsatzen dut etenaldia izango dela; jendeak ikusten bagaitu ostera ere kalean, suspertu egingo garela”.

Urtebeteren ondoren, oraindik ez dute argi pandemiak zer-nolako arrastoa utziko duen, baina, Oiarzabalen hitzei erreparatuta, hasieran pentsatu baino leunagoa izango dela dirudi. “Beldurra genuen, uste genuelako okerrera joango zela. Bi urteko geldialdia egon da, eta, hala ere, taldeak martxan daude berriro. Gutxi gorabehera, egoera lehengora ari da itzultzen”. Etziko parte hartzea iruditzen zaio joera horren erakusle, 72 bat talde batzen baitziren pandemia aurreko Dantzari Egunetan; aurten, 64.