Getxoko Arrigunagan hormigoizko egitura bat egin dutela salatu dute

Getxoko Arrigunagan hormigoizko egitura bat egin dutela salatu dute

Javi West Larrañaga

Asteburuan, hormigoizko egitura bat egin zuten Getxoko Arrigunaga hondartzan, eta, astelehenean, Auzokideok taldeak salatu egin zuen, Espainiako Kosta Legea urratu duelakoan. Hamarkadak daramatza udako txosna batek han, baina, oraingoan, taldeak deitoratu du egitura handitu eta hondartza hormigoiz bete duela. “Orain dela astebete, txosnaren kudeaketa duenak eremua handitu du, 30 bat metro koadrotik laurogeira”, adierazi du taldeko Iñigo Elortegi kideak. Hormigoizko bi plataforma egin dituzte bertan; lehen, bat zegoen.

Azaldu duenez, 1980ko hamarkadatik egon da txosna bat han, baina oso bestelakoa zen hasieran. “Egurrezko piloteen gainean zegoen zurezko etxola bat zen, eta burdinazko mahai batzuk zeuzkan harean ainguratuta”, esan du Elortegik. Bainu denboraldia amaitu eta gero, kamioi batekin batzen zuten, eta harea bakarrik geratzen zen leku horretan. 1990eko hamarkadan, porlanezko zapata batzuk sartu zituzten txosnaren oinarrian, baina oraingoan “guztiz hormigoitu” dute. Gainera, Auzokideok taldeak ohartarazi duenez, hondartzan hormigoi partikulak daude. Elortegiren aburuz, kontua ez da lehen 30 metro zituela eta orain laurogei, baizik eta legez kanpo dagoela, debekatuta baitago hondartzan edo itsasertzetik ehun metrora elementu finkoak eraikitzea, Kosta Legearen arabera; “izan hogei, hamar edo bost metro koadro”.

Taldekidearen arabera, hondartza Bilboko Portuarena izan arren Getxoko Udalari dagokio eraikuntza lanen baimenak ematea, eta horrelako handiagotze lanak egiteko ingurumen txostenak egin behar dira. “Edonola ere, arduragabekeria egon da. Baimena eman badie, prebarikaziotik hurbil dago, eta ez badie eman, obra gelditu behar zuten, eta egiten ari zenari zehapen espediente bat zabaldu”.

“Sentsibilitate falta”

Auzokideok taldeko ekintzaile horrek uste du gertatutakoak erakusten duela zein den udalaren ingurumen politika, baita “oportunismoa”, “utzikeria”, “sentsibilitate falta” eta “axolagabekeria” ere. “Ingurumen ondarea zaindu beharrean, hormigoia lehenesten dute”.

Auzokideok taldeak ez du alderdi politikoekin berba egin oraindik, baina salaketa ipini zuen Getxoko Udaltzaingoan, astelehenean, eta fiskaltzarengana jotzeko asmoa du, ingurumenaren deliturik egon den azter dezan. Izan ere, salatu dute egitura eraikitzean hondartzan porlan partikula ugari bota zirela, eta inguruan harri handiak eta hormigoi zatiak utzi dituztela. “Kosta Legea urratzeaz gain, natura inbaditu dute, eta ingurumenaren aurkako delitu bat egin”, gehitu du Elortegik.

Legez kanpokoa izatekotan, azaldu du eremua berreskuratzea “korapilatsua” dela, “kutsatutako” harea atera eta berria ipini behar delako. Gainera, gogora ekarri du Arrigunaga izatez harri txikien hondartza dela, eta harea 1990eko hamarkadan eroan zela, Bakioko hondartzatik. Mareen ondorioz, urtero galtzen du hondarra.

Elortegiren iritziz, arkitektura naturarekin osatzeko tekniken alde egin behar da eskualdean, “gaur egungo ingeniaritzak ahalbidetzen duelako mota horretako txosnak harean ipintzea hormigoi barik”. Ekintzaileak azaldu du badakiela jende askok begi onez ikusten duela txosna hori han, eta, modu horretan, “hormigoi apur bat baino ez” dela: “Arazoa da hau onartzen badugu gero beste hainbat gauza onartuko dituztela”.