Elorrioko Udalak osasun zerbitzu hobea eskatu du

Elorrioko Udalak osasun zentroko zerbitzuak hobetzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Hain zuzen, pediatria eta emagin zerbitzua egunero eskaintzeko eta ginekologia zerbitzua astean birritan emateko eskaria egin dio.

Udalak haserrea agertu du lehen mailako arretako zerbitzuen egoerarekin, eta gutuna bidali dio Jaurlaritzari. Adierazi diote azken urteetan Elorrioko osasun zentroko zenbait zerbitzuren kalitateak “okerrera” egin duela, “pediatriakoak eta ginekologiakoak bereziki. Ginekologia desagertu egin da, eta pediatriari dagokionez, ordezkapenik ez egoteak eta profesionalak beste osasun zentro batzuekin partekatzeak zerbitzu prekarioa ekarri dute”, ohartarazi du udalak.

Horrek guztiak herritarren artean “kezka handia” sortu duela gaineratu du udalak. Idoia Buruaga Elorrioko alkateak adierazi du “kalitatezko” zerbitzu publikoa behar dutela. Bestalde, Durangoko anbulatorioan elorriarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuetan atzerapausoa egon dela ere deitoratu du.