Balmaseda, Erdi Arotik gaur egunera

Balmaseda, Erdi Arotik gaur egunera

Maria Ortega Zubiate

Gaur gauean, gauerdiko kanpaiek jotzean, erlojuak atzera egingo du Balmasedan, aurrera egin beharrean. Atzera, bai urte mordoa egin ere: ia zazpiehun urte egingo du salto iraganera; XIV. mendera, zehazki. Izan ere, maiatzeko bigarren asteburuak badakar egun berezia, salto erraldoia, herrira: Erdi Aroko azoka egiten dute urtero Balmasedan. Aurten, herriaren historian garrantzia handia duen garaia irudikatuko dute: txakolinaren ekoizpena indartu zenekoa. Gaur egun ere eragin zuzena izan duen garaia, hain zuzen, oraindik ere txakolinaren ekoizpenak garrantzi handia baitu herrian.

Bizkaian dagoen herririk antzinakoena da Balmaseda, eta historia eta ondarea ere horrelakoak ditu. “Iaz, ikerketa arkeologikoak egin genituen, eta Bizkaiko gaztelurik antzinakoenaren arrastoak aurkitu zituzten hemen”, azaldu du Ander Rivero Balmasedako Udaleko Kultura zinegotziak. XII. mendean sortu zuten herria, 1999an izan baitzen bere 800. urteurrena, eta aitzakia hori izan zen, hain zuzen ere, egun herriko ospakizunik garrantzitsuenetariko bati hasiera eman ziona. Orduantxe sortu zen lehen Erdi Aroko azoka. Badira jada 23 urte, eta, orduko hartan, bestela ezin, herriaren sorrera izan zuten gogoan. “1999an 800. urteurrena izan zen, eta orduan egin zen lehen aldiz azoka. Orduan, hiribilduaren sorreraren errepresentazioa izan zen. Nik gogoan ez badut ere, orduan 10 bat urte izango bainituen, badakit sekulako arrakasta izan zuela”, esan du Riverok.

Lehen aldi hartatik, Erdi Aroko zenbait garai antzeztu dituzte urteroko ospakizunotan: errege-erregina katolikoen aginduz juduak Balmasedatik kanporatu zituztenekoa, izurriteak eta beste. Izan ere, antzeztea da asteburu honetan egiten dutena. Herriko jende ugarik hartzen du parte. Riverok bostehun eta seiehun inguru lagun izatea aurreikusi du.

Erdi Aroko arropak jantzita ateratzen dira kalera; kaleak ere horrela egoten dira jarrita, baita etxeetako balkoiak ere. Herri osoak egiten du iraganera buelta, eta herriaren egiturak berak horretarako bidea ematen duela dio zinegotziak: “Balmaseda oso Erdi Aroko herria da. Orduantxe jaio zen, eta igartzen da. Horregatik, kaleak oso aproposak dira mota honetako merkatu bat egiteko”.

Aurtengoak, beste urteetakoek bezala, postu ugari ekarriko ditu herrira: berrehunetik gora bisitatu ahalko dituzte herritarrek zein bertara joandakoek. “Postu berriak izango dira aurten. Kopurua berrehunetik gorakoa da: horietatik 125, salmenta postuak dira, baina artisau postuak eta haurren txokoak ere badaude. Eta, horrez gain, musika egongo da egun osoan kaleetan barrena, eta formatu handiko ikuskizunak”, azaldu du Riverok.

Formatu handiko ikuskizunez zehaztu du piroteknia erakustaldiak eta eraikinetako fatxadetan egindako bideo proiekzioak izango direla; azken horiek berriak izango dira aurten. Ikuskizun horietako zenbait bertako artisten esku egongo badira ere, jaialdiak apustu egin du nazioarteko artistak ere ekartzeko: “Jende asko etortzen da herrialde askotatik; Herrialde Katalanetatik, Frantziatik, Italiatik eta beste. Oso kultura plurala da azoka”. Hala ere, Ruiverok argi du aurtengo aldiak ekarriko duen berrikuntzarik handiena: “Berriz ospatzeko gogoa da garrantzitsuena, pandemiak zerbait lapurtu badigu, gauzak ospatu ahal izatea izan baita. Horregatik, nobedadea da merkatua bueltan dagoela, eta berriro normaltasuna ospatuko dugula”.

Herriaren izaera

Balmasedan antolatzen duten azokak 23 urteko historia du, eta ospe handia lortu du, ez soilik Bizkaian, baita Euskal Herrian eta hortik kanpora ere. “Herri askotan egiten dira mota honetako merkatuak, baina jendeari asko gustatzen zaio Balmasedakoa, esentzia duelako eta erreferentea delako”. Kanpora begira duen fama ere badu herritarrei begira, ikusi besterik ez baitago urteroko parte hartzaileen kopurua. Baina horren parte hartze handiak badu zerikusia, ez soilik merkatuarekin berarekin, baita herriaren izaerarekin ere.

Izan ere, herrian joera handia dute mota horretako ospakizunetan parte hartzeko. Herriko gune osoa kontuan hartzen duen jaia izaki, ezinezkoa da hura saihestea, eta herriaren erantzuna, oro har, oso positiboa izan da, zinegotziak dioenez. “Balmaseda berezia da. Herriko mota honetako egitasmoetan jende askok parte hartzen du. Oraintxe izan da Aste Santua, eta orduan ere egin dugu antzeko ospakizunik. Laurehun-bostehun lagun inguruk hartu dute parte”, dio Riverok.

Aurtengo aldian ere, pandemia osteko lehena izaki, espero dute erantzun zabal eta jendetsua jasotzea. Are gehiago, aukeratutako gaiak ere bultza lezake ospakizunera hurbiltzea. Izan ere, txakolinaren ekoizpena herrian indartu zenetik zazpiehun urtera, oraindik garrantzi handiko jardun ekonomikoa da, bai herrian bai eskualdean.

Balmasedako Erdi Aroko Azoka

Gaur egun ere

Balmaseda, Enkarterriren bihotzean, txakolindegiz betetako herria da; zortzi bat ekoizle daude herrian, enpresa txikietan. “Txakolinak geroz eta garrantzi handiagoa du Balmasedan. Txakolinaren kultura handia dago. Ez soilik herrian, baita Enkarterri osoan ere. Txakolinaren jatorria dira, horixe erakutsi du ikerketa batek”, dio Kultura zinegotziak. Hori horrela, antzeztuko duten garaiak, hein batean, egungo egoerara heltzeko bidea erakutsiko du.

Kale antzerkian, beraz, txakolinaren ekoizpena orokortzen hasi zen garaia izango du hizpide, Balmasedako ekonomiak gora egin zuenean. “Ez daukagu urte zehatz bat, txakolinaren ekoizpena urte askoan izan zelako, baina XIII. eta XIV. mendeetan dago kokatuta. Jada herria oparoa bilakatzen hasi zen, hasi zen txakolina ekoizten eta hori erregulatzeko arauak jartzen”, azaldu du Riverok. Arau horietako zenbait erakutsiko dituzte, bitxiak baitira: “Esaterako, jendea derrigortuta zegoen txakolina kontsumitzera; ezin zen ardoa edan, herritik kanpo joan behar zuten horretarako. Erregulatu egin zuten kontsumoa, eta txakolina kontsumitzera derrigortu zituzten, ekoizpena erabili ahal izateko”.

Horrez gain, gerora begira, badute asmoa txakolinaren eta herriaren antzinatasunaren arteko lotura indartzen jarraitzeko, beste jarduera batzuekin. Izan ere, Riverok arestian aipatutako gazteluaren arrastoen inguruan txakolindegiak jarri nahi dituzte: “Lehen aipatutako gazteluaren arrastoen muinean, badago proiektu bat mendi magalean txakolindegiak jartzeko eta erakusteko nolakoa izan zen gaztelua Erdi Aroan”.