AP-68rako hileko gastu muga ezarriko dute urritik aurrera

AP-68rako hileko gastu muga ezarriko dute urritik aurrera

Natalia Salazar Orbe

AP-68 ordainpeko autobidearen ohiko erabiltzaileek egun ordaintzen dutena baino gutxiago ordainduko dute hilean urritik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak asteon iragarri duen diru laguntza bati esker. Hain zuzen, hilean errepide hori erabiltzeagatik pagatu daitekeen gehieneko kopurua finkatu dute: AP-68 errepidearen Bizkaiko tartea erabiltzen dutenek 34,55 euro ordainduko dituzte hilean, gehienez. Arabako tartea erabiltzen duten bizkaitarrek, berriz, gehienez 50,54 euro xahutuko dituzte. Datorren astean hasiko dituzte diru laguntzen dekretua onartzeko izapideak.

Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak eguaztenean aurkeztu zuen neurri berria, Bilbon. Azaldu zuen diru laguntzen dekretua AP-68an egiten diren joan-etorriei bakarrik dagokiela, eta ez duela loturarik izango AP-8rako, Bilbo Hegoaldeko Saihesbiderako eta Artxandako tuneletarako dagoen gastu mugarekin.

Eragin zuzena poltsikoetan

Pradalesek neurria iragartzeko agerraldian esan zuen gastu muga horrek eragin nabarmena izango duela bizkaitarrentzat: “Neurri horrek eragin zuzena izango du AP-68 autobidea lanerako, ikasketetarako eta abarretarako joan-etorrietan erabiltzen dutenen poltsikoetan”. Zenbateko aurrezpena izan dezaketen ere zehaztu zuen; adibidez, Gasteizen lan egin eta Bilbon bizi den batek [hilean 22 egunetan Gasteizera doanak] 253 euro ordaintzen ditu hilean, eta, neurri honekin, 85 euro gastatuko ditu. Kopuru hori ateratzen da, adibideko gidari horrek Bizkaiko eta Arabako tarteak erabiliko dituelako.

Gidariek ohi legez ordaindu beharko dute ordainsaria. Hilaren bukaeran itzuliko die Bizkaiko aldundiak dagokien kopurua. Diputazioak kalkulatu du urtean bost milioi euro inguru gastatuko dituela gastu mugaren araberako diru laguntzetan. Aurreikusi du herrialdean bizi diren 18.000 erabiltzailek baliatuko dituztela laguntza horiek.

Diru laguntzok baliatu nahi dituztenek zenbait baldintza bete behar dituzte. Besteak beste, Interbiak sisteman izena eman behar dute. Hala ere, AP-8a, Bilbo Hegoaldeko Saihesbidea eta Artxandako tunelak erabiltzeagatik gastu muga baliatzeko sisteman erregistratuta daudenek ez dute berriro egin behar; automatikoki sartuko dituzte AP-68rako gastu mugarako sistema berrian.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2020ko urtarrilean jaso zuen Bilbo eta Zaragoza (Espainia) lotzen dituen AP-68 autobidearen titulartasuna. Hala ere, Avasa enpresa pribatuak ustiatzen du 1973an eraiki zutenez geroztik, eta 2026ko azarora arte ez da bukatuko enpresa horren kontzesioa.