AP-68 doan izatea eskatu dute plataformek

AP-68 Dohainik eta AP-8 Peajerik Ez plataformentzako ez da nahikoa Bizkaiko Foru Aldundiak asteon egin duen iragarpena AP-68 erabiltzaileentzako diru laguntzen harira. Bilbotik Gasteizera doazenei hilean gehienez 85 euro kobratuko dizkietela eta, uste dute «ekarpen txikia» dela «AP-68 autobidean Avesak ezartzen duen kanon gehiegizkoa onar dezaketenentzat, baina herritarren patrika zigortuentzat oztopo izaten» jarraituko duela. Egoera horren aurrean, esan dutenez, «horietako askok Bi-625 errepide zaharretik ibiltzera behartuta jarraituko dute, bizitza arriskuan jarriz». Doakotasuna nahi dute.

«Bidesariak zaharkituta daude eta herritarren aurka doaz», esan dute. Bi plataformok borrokan jarraitzeko asmoa agertu dute «mugikortasun seguru eta eraginkorrerako eskubidea bidesarien arbitroen mende egon ez dadin».