‘Tekifresi’

Txikikeria bat izan da, erdi lotsatuta bezala egindako keinua. Baina zin egiten dut kontuak balio izan duela sakoneko gauzak aldatzen has daitezkeela konprobatzeko. Titularra, hauxe: auzoko txosnagunea osatzen duen taberna bakoitzak ostadar koloreko banderak zintzilikatu ditu gainerako aldarrikapenekin batera, historian lehen aldiz. Ostadar koloreko aldarriak presoen eskubideen aldeko aldarriekin, aldarri feministekin, abertzaleekin zein sozialistekin nahastu dira Traña-Matiena auzoko jaietan (Abadiño). Eta garagardo bi orain, dozena erdi tekifresi gero, horixe komentatzen nion lagunari, barra batetik bestera balantzaka gindoazela. Keinutxo hori zerbait txikia zela. Ezdeusa. Arina. Haize zirimola fin batek apurtzeko bezain hauskorra. Baina beharrezkoa. Yogurinha Borovaren kantuak txosnaguneko musika-zerrendaren parte izatea bezain beharrezkoa.

Kontua, gainera, are interesgarriagoa da bilakaera nondik datorren ikusita. Oraindik ere gogoan baitut txosnetako arduradunetako batekin 2019ko jaietan, festak normaltasunez ospatu genituen azken urtean, izandako elkarrizketa. Horrelako zerbait esan nion txosnetan ostadar koloreko banderak behar genituela azaltzeko: “Hara, ni ez naiz palestinarra, baina palestinarren eskubideen aldeko aldarrikapenetan parte hartu izan dut. Ez daukat euskal presorik inguruan, baina hainbat bider mobilizatu naiz haien eskubideen alde. Zuk ere logika bera aplikatu diezaiokezu zure buruari: ez zara transa, bollera edo marika. Baina zure heterotasun horretatik badira borroka transmaribibolloaren alde hartu ditzakezun jarrerak eta hedatu ditzakezun mezuak”. Eta hara! Ez dakit bota nion mezua zuzena ote zen. Diskurtsoan asmatu ote nuen. Izan ote zen garagardoa, izan ote ziren tekifresi txupitoak. Baina kontua da mezu hark funtzionatu zuela. Aurtengo jaiak hasi baino egun batzuk lehenago, txosnetako ordezkari hark Whatsapp audio bat bidali zidan ostadar koloreko sei bandera lor nitzan eskatzeko. Txosna bakoitzeko bandera bat. Eta hor daude orain, txosna bakoitzean banderola bat.

Esan dut lehen ere. Kontu txikia da, ezdeusa, belarrira kontatu ohi den txutxu-mutxuaren parekoa. Eta, horrenbestez, ez da hedabideetako titularren artean agertuko. Baina horrek ez du esan gura ekintza, bere txikian, baliotsua izan ez daitekeenik. Sukalde lan hori egin ezean, pedagogia egin ezean, bestelako titular batzuk ikusten jarraituko dugulako: Zornotzan eraso homofobo bat egon berri dela dioen titularra, adibidez, edo Bilboko gizonezko batek lau bat homosexual hil omen dituela dioena; edo transfobiak Bizkaian gora egin duela dioen titularra, edo Santurtzin gizonezko batek beste bat bortxatu duela dioen titularra. Margotuko ditugu gure parkeetako eserlekuak, zebra-bideak, ostadarraren kolore azukretsuekin, baina zerbait txarto egiten ibiliko gara espazio estetikoa hartzeaz aparte, dagoen eta espaziorik garrantzitsuena, mentala, borrokatzen ez badugu. Eta, horretarako, gizarte alternatibak batzen diren espazioak, txosnaguneak adibidez, gure aterpe bihurtzen ez baditugu. Arrosa koloreko tekifresia ondo dago, baina neurrian.