Ontziak birziklatzeagatik saria

Ontziak birziklatzeagatik saria

Natalia Salazar Orbe

Bilboko Udalean kezkatuta daude plastikoen birziklatze tasekin. “Gure erronka handienetako bat, esango nuke handiena, plastikoa birziklatzea da. Beira, papera eta kartoiaren birziklatze kopuru bikainak dauzkagu. Hala ere, onartu behar dugu ontziena hobetu egin behar dugula”. Kepa Odriozola Bilboko Udaleko Zerbitzuetako eta Bizi Kalitateko zinegotziak agertutako kezka horretatik abiatuta, birziklatzea saritzen duen proiektu bat abiatu dute hirian: udalak bat egin du Ecoembesen Reciclos sistemarekin.

Plastikozko botilak eta latak birziklatzen dituzten bakoitzean sariak eskuratzeko aukera dute bilbotarrek. Angel Hervella Ecoembeseko autonomia eta toki-kudeaketarako zuzendariak azaldu du parte hartzeko sistema erraza dela: “Aplikazio bat deskargatu behar dugu sakelako telefonoan. Etxean kontsumitzen ditugun botila eta laten barra kodeak eskaneatu, eta ohiko zabor poltsan sartu behar ditugu ontziak. Edukiontzira gerturatu eta QR kode bat duela ikusiko dugu. Bilbon dauden 1.500 edukiontzi pasak QR kode bana daukate. Telefonoa QR horretara gerturatu eta identifikatu egingo du, eta, orduan, zabor poltsa sartuko dugu. Birziklatzeko bota ditugun botila edo lata beste puntu emango dizkigute”.

Reciclos puntuak

Puntu horiek Reciclos izena dute. Bi aukera daude herritarrak sakelako telefonoan jasotzen dituen Reciclos horiek trukatzeko. Batetik, norberarentzako sariak eskura daitezke: patinete elektrikoak edo erloju adimendunak, kasurako. Bestetik, puntuok pizgarri kolektiboetara bidera daitezke: “Horiek ingurumena eta bizi garen gizartea hobetzen laguntzen dute. Besteak beste, arbolak landatzen lagun dezakegu”, adierazi du Hervellak. Hain zuzen, hondatuta dagoen natur ingurune bat lehengoratu eta bertan zuhaitzak berriro landatzen lagunduko dute aukera horren alde egiten dutenek. Elbarriei edo bazterketa arriskuan daudenei laguntzeko aukera ematen duten beste pizgarri batzuk ere badituzte.

Hervellak aurreratu du etorkizunera begira pizgarri gehiago eskainiko dituztela. Horretarako, udalarekin aztertuko dituzte aukerak; esaterako, bizikletak konpontzeko guneak edo aparkaleku bat aipatu dituzte. Ez dute baztertu puntu horiek garraio publikoko bonuengatik trukatzeko aukera ere.

Donostian ere badarabilte sistema hori, eta aztertzen ari dira Bizkaiko beste udalerri batzuetara ere hedatzea. Euskal Herritik kanpoko hainbat hiritan ere martxan dago. Hervellak azaldu duenez, “herritarrek oso harrera ona egin diote hiriotan, eta gaikako bilketa areagotu egin da; plastikoarena bakarrik ez, bestelako frakzioena ere bai”.

Ecoembeseko zuzendariaren ustez, era horretako proiektuek “elkartasuna, birziklatzea eta bizi kalitatearen eta ingurumenaren hobekuntza bateratzen dituzte”. Gainera, gogora ekarri du Europako zuzentarauek gero eta birziklatze helburu zorrotzagoak” ezartzen dituztela eta lan horretan “gizarte osoaren esfortzu handia beharrezkoa” dela.

Odriozola zinegotzia itxaropentsu agertu da sistema berriarekin: “Baikor gaude. Uste dugu gure birziklatze ratioek gorantz egingo dutela, eta, batez ere, edukiontzi horiaren erabilera handiagoa izango dela”. Hervellak teknologiak eta sariak bateratzen dituen programa goraipatu du: “Zabor batze selektiboa handitzea da helburua, eta teknologien bidez erraztu nahi dugu”.