“Ez dute autobidea kentzeko interesik, ezin dutelako espekulatu”

“Ez dute autobidea kentzeko interesik, ezin dutelako espekulatu”

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusien apirilaren 27ko osoko bilkuran, Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak esan zuen Bilboko Errekalden A-8 autobidea eraisteko oraindik itxaron egin beharko duela, ez dagoelako horretarako aurrekonturik. “Haserrea sentitzen dugu”, aitortu du Autopista Kanpora plataformako Arrate Lopez Markinak (Bilbo, 1979). “Urteak daramatzagu gaia lantzen, erakundeekin bilerak egiten, baina inoiz ez da horretarako momentua”. Diputazioaren jarrera salatzeko protestara deitu dute hilaren 19rako: Errekaldeko plazan elkartuko dira, 19:30ean.

Noiz batzartu zarete azkenekoz foru aldundiko ordezkariekin? Zer esan zizueten?

Azkenekoz iazko azaroan bildu ginen; Jon Larrea Berrikuntzarako eta Bideen Kudeaketarako zuzendari nagusiarekin egon ginen. Aurrekontuei buruz hitz egin genuen. Guk urtero aurrekontuan dirua gordetzea eskatu izan dugu aspalditik, proiektua idazten hasteko. Haien aitzakia beti izan da lehengo Bilboko HAPOa onartu behar zela. Guk bagenekien berehala onartuko zela; iazko abuztuan onartzekoak ziren, baina gero atzeratu egin zen, eta aurten onartu da. Larreak esan zigun lasai egoteko, bazekiela HAPOa berehala onartuko zela, baina ez zela proiektua idazteko diru jakinik gorde behar; bazutela diru sorta orokor bat eta handik har zezaketela arazo barik proiektua idazten hasteko dirua. Horregatik, asko harritu gara Pradales entzun dugunean, eta haserretu, noski.

Badakizu zenbat diru behar den proiektua idazteko?

Esango nuke Pradalesek berak aipatu zuela hiru edo lau milioi inguru behar direla. Diputazioak proiektu mordoa idazten ditu, eta gero tiraderan gordetzen ditu; azkenean baztertu diren obrak edo geroago egitea erabaki direnak… Gureak ez du proiekturik ere, eta horregatik gaude amorratuta. Urtero, Bizkaiko aurrekontuak eztabaidatu direnean, oposizioko alderdien bitartez horretarako dirua gordetzeko eskatu izan dugu, baina beti ezetz esan dute. Beraz, orain ez daukatela esateak ez du zentzurik. Haiek izan dira dirurik gorde nahi izan ez dutenak.

Zergatik uste duzue ez dela lehentasuna haientzat?

Bilbo hegoaldeko auzoak ahaztuta daude. Gure auzoak ez dira turistikoak; langile auzoak gara. Gainera, proiektu honek pertsonentzako onura asko ekarriko lituzke, baina, adibidez, ez dago autobidea kendu eta etxebizitzak eraikitzeko aukerarik. Nire ustez, ez dute obra honekiko interesik, ezin diotelako etekin ekonomikorik atera; ezin dute espekulatu.

Beste bilerarik egingo duzue orain? Azalpenak eskatzeko asmorik baduzue?

Oraingoz, ez, minduta eta nazkatuta gaudelako. Gure asmoa orain kalera ateratzea da, erakustea haserre gaudela, “nahikoa da” esatea. Batzar Nagusietan esandakoa EH Bilduk egindako galdera bati emandako erantzuna da, eta guk eskatuta egin zuen EH Bilduk galdera; beraz, guk argi ikusi dugu orduan han esandakoa guretzako mezua izan dela.

2017an proiektu proposamen bat aurkeztu zuten, nondik nora joango litzatekeen autobidearen ibilbide berria. Ordutik ez da ezer aurreratu?

Hura proiektu proposamen bat izan zen, nondik nora joango litzatekeen, baina lanak hasteko proiektu zehatz bat falta da. Oso garrantzitsua da, gainera. Izan ere, ez dagoenez proiekturik idatzita, iaz, Europako Batasunari Next Generation funtseko diru laguntzak eskatu zitzaizkionean, ezin izan zen gurea sartu. Hori esan ziguten guri, behintzat. Horrela ari gara aukera pila galtzen.

Egunerokoan zer arazo sortzen dizue autobidea zuen auzoaren erdi-erditik igarotzeak?

Gertuen dauden etxebizitzak autobidetik bost metro eskasera daude. Haren gainetik dauden etxeetan zarata itzela sufritzen dute. Ke partikulak ere izaten dituzte; hautsarekin asko zikintzen dira leihoak eta etxe barruak. Bost hezkuntza zentro daude autobidetik oso gertu: ikasleak patioan, eta ibilgailuen hautsa arnasten. Istripuak ere egon izan dira. Bobina bat erori zen autobidetik auzora. Istripuak izandako kamioien gurpilak ere bai; behin etxebizitza batera sartu ziren. Autobidearen azpian dago auzoko plaza nagusia; hemen egiten dugu elkarbizitza handiena. Hori hor egoteak asko baldintzatzen digu eguneroko bizitza.