Burdinaren burdinbidea

Burdinaren burdinbidea

Ibai Maruri Bilbao

La Escontrillako geltokian (Trapagaran) hasten da bidaia, eta han dago erakusketaren abiapuntua ere. Besteak beste, Larreinetako funikularraren maketa bat ikus daiteke. Azpiegituraren, eskualdearen eta meatzaritzaren historikoa kontatzen duten panelek eta ikus-entzunezkoek osatzen dute. Geltokirako sarrera doakoa da, baina bidaia ordaindu behar da. Eta merezi du. Hamar minutu irauten duen igoeran Abrako badia eta Bilboko metropolia osorik ikus daitezke, eta, goian, Larreinetako geltokian, erakusketaren altxorra dago: zaharberritu duten bidaiarien kabina zaharra. Joan den Aste Santutik geltokiaren kanpoko aldean dago ikusgai, eraikinetik irten eta ezkerretara.

Trapagarango Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sortu duten erakusketa iraunkorraren pieza nagusia da. Azpeitiko (Gipuzkoa) Burdinbidearen Euskal Museoan egon da, gordeta. “Oso hondatuta egon da, eta osorik konpondu da. Asmoa zen berriro erabilgarri jartzea, baina, segurtasun kontuengatik, ez da posible izan”, kontatu du Carlos Markina Trapagarango Turismo zinegotziak.

Hiru gune ditu barruan. Zurezko jesarlekuak dauzka. Zinegotziak azaldu du jarlekuen parte bat kendu eta gune batetik bestera pasatzen zirela, funikularrak arazoren bat izan eta bide erdian gelditzen zenean. “Kabinaren beheko parteraino joaten ziren horrela, eta oinez irteten ziren handik”. Izan ere, trenbidearen albotik eskailerak daude behetik goraino. Zaharra ekartzeaz gainera, egun erabiltzen diren kabina biak egokitu dituzte, garai batekoen itxura emateko. Eta bidaia txartelak ere ordukoen estilokoak egin dituzte. Helburua da bidaiariak, erakusketa ikustearekin batera, sorrerako funikularrean dabilela sentitzea.

Hasieran, Trianoko meategietako materiala bailarara jaisteko sortu zen azpiegitura. 1926ko irailaren 24an inauguratu zen. Gero, bidaiariak ere garraiatzen hasi zen. Erabilera bikoitz horrek hainbat ezaugarri berezi izatea eragin zuen. Besteak beste, bidaiarien kabina plataforma horizontal baten gainean dago. Garai batean, kendu egiten zuten, plataformaren gainean mea zeramaten kamioiak jartzeko. Trenbide bakarra du, gainera. Kabina biak aldi berean dabiltza, eta beherantz datorrenak tiratuta igotzen da bestea. Ibilbidearen erdi aldera bikoiztu egiten da, batak besteari pasatzen uzteko.

Horrelako funikularrak oso gutxi direla esan du Markinak. Gaur egun mineralik ez du garraiatzen, eta herritarrek ere ez dute lehen bezainbeste erabiltzen, errepideak nabarmen hobetu direlako. Bereziki, aisialdirako garraiobide bihurtu da: Zugaztietara eta Trianoko mendietara igotzeko.

Larreinetako funikularra

Mugikortasuna eta kirola

Asko direla bizikletarekin igotzen direnak. Haien kexa nagusia izan da orain arte bizikletagatik beste bidaia txartel bat ordaindu behar izaten zutela. Orain, ez. Gainera, Aliron Parkea izeneko ibilbideak sortu dituzte udalekoek, oinez edo bizikletaz egiteko. Meategietan du jatorria ibilbideen izenak. “Burdina ateratzen zuten, Ingalaterrarako. Zain on bat lortzean, ‘all iron‘ oihukatzen zuten. Gero, aliron bihurtu zen, eta, azkenik, Athleticen oihu”.

Belodromoan abiatzen dira, eta funikularrean igotzen da Larreinetara. Handik sakelakorako aplikazioen bidez osatu daitezke ibilbideak. “Helburua da paisaiaz eta ingurumenaz gozatzea kirola egiten den bitartean, meategi zaharrak ezagutzea eta Zugaztietako indaba ezagunak dastatzea”.