Ohiko eredua, zailtasunak zailtasun

Santurtzin eta Gatikan joan den asteburuan hasi zituzten festak. Abadiñon, asteon hasi dira. Parte hartzeko ekitaldi ugari daude denean.

Natalia Salazar Orbe

Ohiko berbak deskribatzen du aurrerantzean herriz herri ospatuko diren festen ezaugarria. Pandemia aurreko ohiko festen eredua itzuli da. Santurtzik piztu du suziria, joan den asteburuan. Haren atzetik etorri dira beste hainbat: Abadiñoko Traña-Matienako festak, kasurako. Baita Urduñako eta Gatikako jaiak ere. Bi urteko etenaldiaren ondoren gaitzago izan dituzte, leku batzuetan behintzat, antolaketa lanak, pausa horrek sortutako geldialdia irauli eta martxan jartzea ez baita lan erraza. Baina ari dira.

Kontzertuak, lehiaketa gastronomikoak, azokak, puzgarriak, antzerkia, kalejirak eta dantzaldiak izango dira protagonista Santurtzin maiatzaren 1era arte. Abadiñon ere egitarau zabala prestatu dute. Eguaztenean hasi zituzten San Prudentzioren omenezko festak Traña-Matienan. Bihar herri bazkaria egingo dute txosna gunean. Datorren asteko zapatuan, berriz, Gazte eta Paella egunak ospatuko dituzte. Antolatzaileek azaldu dute lehenengoak “gazte guztiak batera” ikusteko aukera eskainiko duela, azken bi urteetan ez bezala.

Gatikan ere suziria jaurti zuten joan den domekan. Maitzaren 1era arte, kontzertuak eta kirol probak egingo dituzte, besteak beste. Gaur, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek ikuskizuna eskainiko dute. Xaibor DJaren emanaldia eta futbolin txapelketa prestatu dituzte osterako. Bihar, berriz, putxera lehiaketa egingo dute, eta arratsaldean, bertso poteoa. Egunari bukaera emateko, kontzertuak.

Santurtziko suziriaren ostean, Ezkerraldean beste asko piztuko dituzte. Barakaldoko Lutxana auzoko festak ospatuko dituzte gaur hasita. Hortik aurrera, auzoz auzo ibiliko da festa giroa, etenik gabe.

Otxomaioak Urduñan

Maiatzean Otxomaioak iritsiko dira Urduñara, ohiko formatua berreskuratuta. Maiatzaren 6tik 15era arte hamar eguneko ospakizunak izango dituzte.

Oraingoz, Usansolon ere —Galdakaoko auzoa— egun berean ekingo diete festei. Umeentzako jarduerak, kuadrillen jaitsiera, gastronomia lehiaketak, bazkaria, kirol probak, azoka eta kontzertuak antolatu ditu Ujaba Jai Batzordeak. Zeinke taldeak eta Erruki erromeriak jarriko dute musika lehen egunean. Orkresta Elektrotxarangak auzoa girotuko du kalez kale hurrengo egunean. Eta Jaikide diskofestak emango dio bukaera gauari. Domekan, Artisau azoka eta motor klasikoen erakusketa izango dituzte, besteak beste.

Jendea kalean eta festa giroa nagusituko dira denean. Festok antolatzen aritu dira jai batzordeak. Bi urtez ia geldi egon dira, ohiko ospakizunak antolatzerik ez delako izan. Eten horrek ordura arteko lanerako ohiturak gerarazi zituen. Aurten, leku batzuetan zailagoa gertatu zaie lanerako ohiturok berreskuratzea. Hala ere, lortu dute.

GALDAKAO.
Pandemiaren eragina nabaritu da

Irailaren 14an ospatuko dituzte santakrutzak Galdakaon, baina jai batzordea dagoeneko hasia da ordurako antolaketa lanetan. Aurten, gainera, batzordea herrira are gehiago zabaltzeko egitasmoa hasi dute: herritar orok du aukera bere proposamena aurkezteko, nahiz eta jai batzordeko elkarte bateko kide ez izan. Festei aire freskoa emateko asmoa du egitasmo horrek, Gilen Aldazabal jai batzordeko eta Patakon elkarteko kideak azaldu duenez: “Inertzia eta errutina dinamika arriskutsuak izan daitezke herrikoia izan nahi duen zerbaiterako”.

2019an hasi ziren hausnarketa prozesu horrekin, baina pandemiak “moztu” egin zien bidea. “Jaiak herritar guztiontzako badira, zergatik ez dizkiegu guztiei zabaltzen jai batzordearen ateak?”, pentsatu zuten. Eta lan horretan ari dira. Hala ere, nabari dute pandemiaren eragina. “Bi urte luzez izandako pandemia hau —gure artean dirau, gainera— ez da doan atera”, esan du Aldazabalek, eragina arlo guztietan izan duela gaineratuta. Iritzi dio gizarteak josia zuen ehunaren hariak askarazi dituela. “Gizakien arteko lotura askoz ere meheagoa da”, adierazi du, baina itxaropentsu mintzatu da: “Jaietako antolakuntzan ondorio horiek gainditzeko aukera dugu, zalantzarik gabe”. Sinetsita dago festek “betiko harremanak berreskuratzen” lagunduko dutela.

Aldazabalek uste du ospakizunok bi urteko geldialdiak izan dituen ondorioei aurre egiteko eta egoera arintzeko sendagaia izan daitezkeela: “Gure gizartearen mapa ere birusak jo du, eta baldintzatuta geratu da. Jaiak nolabaiteko txerto txiki bat izan daitezke”.

Pandemiaren ondorioak askotarikoak izan direla esan du Patakon elkarteko eta Galdakaoko Jai Batzordeko kideak. “Lehenago aipatutakoez gain, belaunaldi aldaketak ere egon dira; elkarteak aldatu dira; batzuk desagertu egin dira, beste batzuk sortu. Eta gauza bera gertatu omen da jaietako kuadrillekin”.

Parte hartzea, lagungarri

Sinetsita dago parte hartze prozesuak egoera hori iraultzen lagunduko duela. “Entitate, elkarte eta norbanako guztiok ulertu dugu eta ados gaude egiten den apustuarekin”. Hortik abiatuta, uste du apurka gero eta parte hartzaile gehiago gerturatuko direla, “urte askotako inertziak ez baitira une batean desagertzen”. Eta “pozik” daudela adierazi du, “apustuak izan duen harrera” ikusita. “Orain, hainbat pertsonarengana, elkarterengana eta jai kuadrillarengana ailegatu nahi dugu; asmoak komunikatu eta horiek guztiak jaien barruraino eramatea da gure zeregina, gure apustua”.

Horretarako, edozein elkarteri edo jaietako kuadrillari aukera emango diete festa egitasmo bat antolatzeko edota jai batzordean ahotsa eta botoa izateko. Norbanakoek ere proposamenak egiteko aukera izango dute. Hala, maiatzaren 10era arte dago proposamenak egiteko aukera. Galdakaokojaibatzordea2020@gmail.com helbidera bidera dezake edonork edozein zalantza, kexa, kritika, ideia edo proposamen zehatz.

Oraingoz, Galdakaoko parte hartze prozesua hasi berria da. Bidea egiten ari dira: “Hau guztia bide luzea da; hasi baino ez dugu egin. Antolakuntza eta erabakiak sozializatu eta jai oso herrikoiak izango ditugulakoan gaude”.

BILBO.
“Motel” egon ostean, aurrera “pixkanaka”

BILBOKO_ASTE_NAGUSIA

Bilboko Konpartsen Federazioarentzat belarrondoko bat hartzea bezalakoa izan da pandemiak eragindako geldialdia. Bertako ordezkari Ioritz Varona Montesek esan du bi urteko etenak haien jarduna “moteltzea” eragin duela. “Azken urtean gogo falta ere izan da”, aitortu du. Egoera ez zen-eta erraza: “Gauzak antolatzen jarraitu genuen, baina gero ezin ziren egin”.

Gogo falta hori iraultzeko bulkada aratusteek ekarri dute. “Jendeak ikusi du hau badoala aurrera eta era horretako gauzak behar ditugula. Aratusteetako jaiak mugarri izan dira”. Urte osoko egitaraua garatzeko “berriro indarrak hartu” behar dituztela esan du Varonak: “Pila bat nabaritzen da bi urtez oso motel egon garela, baina pixkanaka-pixkanaka aurrera goaz”.

Festa giroa Aste Nagusirako atzera kontaketarekin hasiko dute. Maitzaren 14rako, Aste Nagusia iristeko ehun egun faltako direnerako, Kapela Eguna antolatu dute. Maiatzaren 12an faltako dira ehun egun horiek, baina, eguena denez, hurrengo asteburuan egingo dute ospakizuna: “Areatzan jarri ohi den Bilboko jai esparrutik ibilbidea egingo dugu. Adin desberdinetako hiruzpalau lagunek azalduko dute, beren ikuspegitik, zer-nola aldatu den Aste Nagusia azken urteetan, eta zer-nola bizi izan duten eurek”. Horrez gain, dantza ikuskizuna, fanfarrea, kalejira eta Bilbo kantari ere antolatu dituzte. Eta zergatik izendatu duten Kapela Eguna? “Guztiontzako jarduerak direla erakusteko erabaki genuen kapela izatea ikonoa. Izan ere, konpartsakideok gure kamisetak jarriz gero, badirudi jarduera itxiak direla, konpartsentzako bakarrik”. Horregatik eskatu dute egun hori ospatzeko kapela bat eramatea. “Edonork dauka kapela bat etxean, edo egin dezake, edo erosi”.

Udarako asmoak

Udara begira ohiko Aste Nagusia antolatzen ari dira. Mugaren bat jartzen badiete, konponbideak bilatzeko prest daude: “Gure esku ez dauden arazoei eta erakundeek jar ditzaketen mugei aurre egin beharko diegu datozen hilabeteetan, baina asmoa da Aste Nagusi normal bat egitea”.

Kezka apur bat agertu du Varonak, gazteek eta helduek gero eta denbora gehiago ematen dutelako kaleko edanean. “Bakoitzak bere egoera ekonomikoa dauka, eta nabari da”, esan du. Azaldu du joera horrek eurei kalte egin diezaiekeela: “Konpartsetan edo lokaletan kontsumitzen ez baduzu, eragile horiek hil egingo dira”. Dena den, sinetsita dago jendeak kontzientzia hartuko duela. Horregatik saiatzen dira bestelako ohiturak dituztenak erakartzen.

Konpartsetan belaunaldi berriak sartzea nahiko luketela ere esan du. Uste du horretarako garrantzitsua dela azaltzea bakoitza zer den eta zer mugimendu bultzatzen duen. Pozik dago beren jardueretan gazteek parte hartzen dutelako: “Horrek aukera ematen du gazteok mugimenduren batera hurbiltzeko”.

ABADIÑO.
“Bidea zailagoa” izan da aurten

ABADIÑOKO SAN PRUDENTZIO JAIAK

Eguaztenean hasi zituzten Abadiñoko Traña-Matiena auzoko San Prudentzio jaiak. Ohikoa duten legez, Donien Atxa altxatuta ekin zieten ospakizunei. Pandemia aurretik egiten zuten bezala, aurten ere sei txosna jarriko dituzte txosna gunean. Normaltasunaren isla izan liteke ohiko eragile kopuruak hartzea lan eta erantzukizun hori, baina ohi baino zailtasun handiagoak izan dituzte eragile horiek aurkitzeko, Igor Galarza Abadiñoko jai batzordeko kideak azaldu duenez: “Normalean otsailerako jakiten dugu zer txosna egongo diren. Aurten, berriz, martxoaren bukaerara arte ez dugu jakin zehazki zeintzuk egongo ziren. Ate asko jo behar izan ditugula igarri da”.

Izan ere, pandemiaren aurretik txosna gunean “errotuta” zeuden eragile batzuk ez dira egongo bertan. Matienako Gazte Asanblada eta Mendebaldeko Saharako herriari laguntzen dion Rio de Oro elkartea aipatu ditu Galarzak. Biek ala biek txosna jartzeko baliabide falta izan dutela esan du. Abadiñoko neska gazteen Izpilikuak talde feministak eta Abadiñoko Mugimendu Sozialistak hartu diete lekukoa bi horiei.

Bi urteko etenaldiak sortu duen egoerak kezkatzen du jai batzordeko kidea, baina, “jaiei begira baino gehiago, eragileei begira. Jaiak egongo dira, eta beti egongo da eragile nahikoa jaiak antolatzeko. Kezka gehiago da parte hartu ezin izan duten eragile horiengatik”.

Hala ere, uste du zortekoak direla, aurten jende asko agertu baita jai batzordera. Galarzak uste du horrek festetara berritasunak ekartzen laguntzen duela. Pozik azaldu da”gazte asko” agertu direlako: “Ideia gehiago egon dira”.

Uste du gazteen parte hartze hori baliagarria izan daitekeela erakusteko aurrerantzean ere edonork aukera duela batzordera joan eta bere proposamena egiteko. “Hala ere, konturatu behar dugu proposamena egiteaz gain jai batzordeari eta festei zerbait eman ere egin behar zaiela”, ohartarazi du, “ez bakarrik eskatu”.

“Jende zoragarri asko”

Horren harira, Abadiñoko Jai Batzordeko kideak azpimarratu du “jende zoragarri asko” dagoela beharrean: “Askotan itzalean lanean aritzen dira, eta jaietan gauza asko egiten dute, baina ez gara jabetzen”. Besteak beste, txosna batzordeak azken urteetan jai batzordean egin duen “lan garrantzitsua” azpimarratu du: “Txosna gunea ez da bakarrik eragileentzako leku bat eta edateko gune bat. Jarduera asko antolatzen dira herriari begira. Esaterako, galtzear zegoen herri bazkaria txosna guneak hartu du bere gain”.

Gaur eta bihar eta datorren asteko bariku eta zapatua izango dira jaietako egun nagusiak. “Egitaraua gainezka daukagu, eta beste urteetan bezain erakargarria edo are erakargarriagoa da”, bukatu du Galarzak.