Ibai Maruri Bilbao
Beste hainbat herritan ere badauden bide gurutzeetako bat da. 1437ko dokumentu batean jasotzen denez, Durangoko hiribilduaren muga zehazten zuen. Baina Kurutziagako gurutzeak badu esangura berezia: “Ezin izan da ziurtatu, baina uste da Durangoko heresiarekin lotura bat duela”, azaldu du Durangoko Kurutzesantu museoko Beatriz Torinosek. XV. mendeko Vera Cruz baselizaren ondoan egon zen hasieran; barruan dago egun: hura da turismo bulegoaren eta museoaren egoitza.
Espazioaren ardatza da lau metro eta erdi garai den gurutzea. Haren bueltan daude bi solairuak, gurutzearen, baselizaren, hura egoitza izan zuen Vera Cruz kofradiaren eta Durangoko heresiaren historia kontatzen duten panelekin. Bisitariak audiogida baten bidez ere izan dezake historia horren guztiaren berri.
Alonso Mella fraide frantziskotarra izan zen heresia egotzi zioten taldearen buru ezagunena. 1437an iritsi zen Durangoko merindadera. Hainbat merkataritza bideren bidegurutzean egonik, Durango hiribildu oparoa zen XVI. mendean. 1514an, Bizkaiko jaurerriko bigarren hiri populatuena zen, Bilboren atzetik. Denbora gutxian Mellak gidatutako mugimenduak jarraitzaile kopuru handia erakarri zuen, eta beste inguru batzuetara ere zabaldu zen. “Ez da astakeria pentsatzea euskararen erabilerak Elizak Bizkaiko lurraldean zeukan kontrola murrizten zuela. Aitzitik, bere predikuetan euskara erabiltzeak lagundu egin zion Mellari bere iritziak zabaltzen”, kontatu du. Hierarkiari kritika gogorrak egin zizkion, eta pobrezia eta apaltasuna aldarrikatu zituen; “Espiritu Santuaren etorrera” iragarri zuen, eta baita “estatu perfektuago bat” ere, zeinetan “Eliza berria” sortuko zen.
Errepresioa
“Elizak eta Espainiako koroak mugimendua jazarri zuten. Durangarren artean sekulako eragina izan zuen: herriko eta inguruetako lagun asko ikusi zituzten sutan erretzen”. Mugimenduko buruek ihes egin zuten Granadako erresumara, 1441ean. “Edertasuna bai, baina historia latza duen gurutze bat ere bada”. Mellaren mugimenduak egindako ustezko bekatuaren ordainetan eraiki zutela uste dute batzuek.
XVI. mendekoa da, bada, gurutzea, hareharriz egindakoa. Egilea ezezaguna da, baina bazuen XV. mende bukaeran eta XVI.aren hasieran Alemanian eta Herbehereetan erabiltzen ziren eredu ikonoklastikoen berri. Behetik hasita, emakume burua duen suge “tentatzailea” kiribilduz doa gorantz. Bibliaren araberako hasiera adierazten duten hiru eszena ageri dira. Lehenengoan, Eva dago, paradisuan, biluzik, biziaren zuhaitzaren adarrek inguratuta; sugeak eskainitako sagarra du eskuetan. Kontrako aldean, bigarren eszena dago: fruitu debekatutik jan ostean, pikondo baten hostoekin eta eskuekin estaltzen dute euren biluztasuna. Hirugarrenean, San Migel goiaingeruak Eva paradisutik kanporatu zuenekoa kontatzen da. Gorago, danborraren buelta osoan, hamabi apostoluak daude. “Eskuetan daramaten Ebanjelioen liburuaren bidez, zera adierazten dute: salbaziorako bidea”.
Gurutzearen goiko aldean dago gurutzadura. Aurreko aldean Kristo berreroslea dago, gurutzean hilik, Ama Birjina eta San Joan apostolua alboan dituela. Lau aingeruk Jesu Kristoren odola batzen dute. Oinarrian burezur bat dago, Adamen heriotzari erreferentzia eginez: “Testamentu zaharraren eta berriaren arteko konexioa da”. Kalbarioaren gainean, eguzkia eta ilargia daude: Jesu Kristo eta Ama Birjina ordezkatzen dituzte. Beste aldeko Ama Birjinak umetxoa du besoetan. Ondoan, Santa Barbara eta Santa Catalina ditu; oinetan, San Atanasio eta Santa Paula. Zintorio horia da gurutzearen errematea, eta, Ama Birjinaren gainean, Hirutasun Santua ordezkatzen du. “Istorioa fustean hasten da, non bekatua eta zigorra irudikatzen diren. Kapitelean gora, ebanjelioa dago irudikatuta, eta, gurutzaduran, barkamena eta salbazioa”.