Playlist

Ekaitz Herrera Azkarraga

Joxemari Iturralderi irakurritako liburu batekin akordatu naiz opor hauetan. Lau bizikleta urrutira joateko liburuaz. Antzera baten ibili gara. Ez lau lagun; bost baino. Eta ez etxetik oso urrun, Nafarroako Bardean baino. Baina, bai, zergatik ez. Bizikletak alokatu, pedalei eragin eta militarren tiro eremutik aldentze horrek urrutiko bidaia batean lez sentiarazi gaitu. Ederra izan da basamortuko paisaia hain ezohikoa bizikleta gainetik esploratzea. “Nongoak zarete, Iruñekoak?”. Bizikletak alokatu dizkigun behargin arguedastarrak ez du zalantza handirik egin galdera botatzerakoan. Nahikoa izan du soinean generamatzan kamisetetako bat behatzea. Nafarroako koloreekin eta armarriarekin osatutako elastikoa zeraman gutako batek. “Ez, ez, bizkaitarrak gara. Erdi nafarrak, beraz”, bueltatu diogu, erantzuna askorik pentsatu gabe. Nire garuneko playlist musikala berehala hasi da Gu ta Gutarrak taldearen kantua pintxatzen. Gora gu eta gutarrak, Veleiako euskaldunak ta Mendebaldeko nafarrak. Izan ere, maite dut nahasketa hori. Mugak birrintzearena. Mendebaldeko nafartasun horren kontua. Beharbada beti zirraratu nautelako gure Amillanpe hau Nafarroa izan zela dioten historia, istorio eta kondairek.

Orain, oporretatik bueltatu eta etxeko sofari ipurdiaren forma ematen ari natzaiola, leihotik begiratu dut. Astxiki mendira, tontor bikoitzeko haitz horretara. Bertan behinola egondako gaztelutxora. Iñaki Sagredo historialari irundarrak baitio behinola Nafarroako erregearen menpeko gaztelua egon zela bertan. Agirietan Aylluzeam (Aizluzea) lez ageriko litzateke tenentzia hori, eta Astxikikoa senidetuta ei zegoen Eskoriatza gaineko Aitxorrotx mendiko gazteluarekin. Teniente berak kudeatzen zituen gaztelu biak. Hortik Abadiñoko Muntsaratz auzora joan zait gogoa. Muntsaratzeko dorretxera. Eskolan kontatu zigutenez, dorretxeko jauntxoa Nafarroako erregearen alabetako batekin ezkondu zelako XII. mendean. Zornotzako lurretara joanda ere, beste horrenbeste. Nafarroako toponimo eta aztarnez akordatu naiz. Larreako dorrea gaurdaino ailegatu ez den arren, jakina delako berau Nafarroako erregeek eraikiarazi zutela 887an. Eta herriko toponimiari eta ahozko transmisioari eskerrak dakigulako herri erdiko leku izen batzuei Nafarroako zelaiak esaten zaiela.

Bai, Mendebaldeko nafartasun horrek hunkituta nauka, baina begi bistakoa da oraingoz behintzat ez dagoela historia modu horretan irakurtzeko kontsentsurik. Aberri Eguneko ospakizunak eta aldarriak ikustea besterik ez dago abertzaletasunak historia eta istorio desberdinak bizi dituela ikusteko. Bilbo hartu zuten batzuek, Iruñea besteek, Gernika beste hainbatek eta Azkaine beste mordoxka batek. Leihoko paisaiari begiratzeari utzi diodanean konturatu naiz garuneko playlist musikalak aurrera jarraitzen duela. Burmuina Bi Bala taldearen Besarkadak eta labankadak hasi zait pintxatzen: “Bakoitzak bere greba, bakoitzak bere Aberri Eguna. Orduan ez dut ulertzen zer den herri egiten gaituna”. Bada, horixe.